Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Zigor Erreformaren lerro nagusiak baloratu ditu Conde-Pumpidok

2010(e)ko abenduaren 29a

Aurreko astean Candido Conde-Pumpido estatuko fiskal nagusiak, Madrileko Abokatuen Elkargoan eman zuen hitzaldian, 2010eko ekainean zigor-kodeari egin eta onartutako berrikusketa eta eransketak aztertu zituen.

Fiskala kezkaturik agertu zen, eta, adierazi zuenez, Espainian, nahiz eta Europako beste lurralde batzuetan baino delituzko egintza gutxiago gertatu, preso kopuru handia dago. "Kartzelak lar beteta daude" Espainian, esan zuen.

Hori dela-eta kode berrian, azaldu zuen, hainbat zigorren murriztea bultzatuko omen da, betiere delitu txikiengatik (adibidez: jabetza intelektuala, droga-trafikoa edo bide-segurtasuna) kondenatutako presoen espedienteak berrikusi ostean.

Beste erreforma batzuen artean, kartzela-zigorra kentzen zaie ikus-entzunezko produktuen kopia ilegalak eskala txikian saltzen dituztenei, eta ezartzen da jende horri zigortzat isuna bakarrik jarri ahal izango zaiola, edo baita komunitatearen aldeko lanak egin beharra ere, hori bai, betiere salmentaren onura 400 eurotik gorakoa izaten ez den kasuetan.

Zigor Kode berriak gogorrago zigortuko ditu terroristak eta erakunde kriminalak. Fiskalak talde berean sartzen ditu biak.

Horietaz Pumpidok zera azpimarratu zuen: "ETAk eta terrorismo islamiarrak ondotik utzi duten samin eta odol-lorratzak ezinbestez beste lurralde batzuekin lankidetzan jardutera bultzatu gaitu, irabazi ahal izateko".

Pertsona-trafikoa, organoen salerosketa, laneko jazarpena, haurren kontrako jazarpen zibernetikoa, higiezinen alorreko jazarpena: horiek ere delitu gisa jasotzen dira kode berrian.

Amaitzeko, labur esan nahita, Fiskal Nagusiak iritzi zion erreforma hau dela "joko-arauak finkatzeko modua eta, arauak errespetatzen ez direnerako, erantzun-tresna eraginkorrak prestatzeko modua".

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*