Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Serafin Martin, Lantalde Psikosozialaren Koordinatzailea: "Familia batzuk gurekin lan egiten dute, beste batzuk, berriz, adingabe delitugilearen alde jartzen dira"

2013(e)ko irailaren 27a

Serafin Martin Corral

Serafin Martin Corral duela 30 urte hasi zen Justizian lanean. Garai hartan epaileek, fiskalek eta abokatuek ez zuten psikologoek epaitegietan egin zezaketen lana ulertzen. Hiru hamarkadaren ostean, Lantalde Psikosozialak Justizia Administrazioari laguntzen egiten duen lana ongi baino hobeto egiaztatu da, eta egun, psikologoak, hezitzaileak eta gizarte langileak  etxean bezala daude Justizia Jauregietan.

Nolakoa izan zen Justizia arloan psikologo lanean hastea?

Hasiera gogorra eta zaila izan zen. Batez ere, psikologoek Justizia arloan izan zezaketen ardurari buruzko ezjakintasun handia zegoelako. Gainera, lehenengo kasuek dedikazio handia eskatzen zuten eta gure buruekiko exijentzia maila ere oso altua zen. Arrazoiak ezberdinak ziren: batetik,  ez zegoen ekiteko protokolorik  - zerotik hasten den edozein jardunetan bezala-, eta bestetik, ziurtasun eza geneukan.

Justizia arlora iritsi aurretik zertan egiten zenuen lan?

Psikologia klinikoaren arloan egin nuen lan, Unibertsitateko irakasle ere izan nintzen.

Eta nola hasi zinen lanean Justizian?

Justizia Administrazioan psikologoek egiten zuten lanari buruzko jakin-mina piztu zitzaidan, eta horretan lan egiteko aukera zegoela jakin nuenean, nire lana horretara bideratu nituen . Lehenengo bitarteko bezala lan egin nuen eta gero oposaketetara aurkeztu nintzen.  Hori guztia duela 30 urte baino gehiago izan zen. Garai hartan Euskadik ez zuen Justizia arloan eskumenik, eta Madrilera joan behar izan nuen oposaketak egitera. 

Zer nolako aldaketak egon dira Lantalde Psikosozialean 30 urte hauetan?

Zerbitzua erabat aldatu da, Justizia Administrazioa aldatu den neurri berdinean.  Lehen aldaketa esanguratsuena idazteko makina elektrikoa izan zen.  Iraultzailea izan zen, kontuak atera. Sasoi hartan ez zegoen fotokopiagailurik eta kopiak kalko bidez egiten ziren.  Ez gara Justizian egindako aldaketaz jabetzen. Prozedurak askoz azkarragoak eta eraginkorragoak dira orain.

Hain zuzen ere, herritarrak Justizian atzerapenak daudela-eta, kexu dira.

Baina orain lehen baino askoz azkarrago lan egiten da. Baina bestalde, kontutan izan behar da gizartea konplexuagoa dela: geroz eta salaketa gehiago jartzen dira eta prozedura gehiago daude, auzi gehiago… duela urte batzuetatik hona zenbakiak asko aldatu dira. 

Zein arlotan egiten duzue lan?

Gure arloa gazteekin lotutako Justizia da; hau da, era bateko edo besteko delitua egin izanagatik salatuta dauden gazteekin egiten dugu lan. Adingabeen Fiskaltzak hala eskatuta, gazte hauen egoerari buruzko, familia-arloko nahiz hezkuntza- arloko egoerei buruzko txostenak egiten ditugu.

Gazteen zigor-bitartekaritzaren ardura ere gure esku dago: prozedura mota horietako judizioz kanpoko ebazpenak kudeatzen ditugu. Familia-arloan eta adingabeen babes arloan ere egiten dugu lan, -familia-arloko jurisdikzioan- eta elkarbizitzari, adingabeen babesari, harreran hartzeari, eta bizi ez den gurasoarekin adin txikikoak eduki beharreko egonaldiei buruzko txostenak egiten ditugu.

Erabiltzaileek lengoaia juridikoa ulertzen al dute?

Azalpenak herritarrek ulertzeko moduan ematen saiatzen gara. Baina zenbait kasutan erabiltzaileak erabat galduta egoten dira. Batzuetan gureak ez diren eskumenei buruz galdezka ere etorri izan dira.  Zerbitzu honetara epaileak bidalita bakarrik etor daitekeela azpimarratu behar dut.   Ezin da zuzenean orientazioa eskatzera etorri.

Zein da zure lanaren alderik gogorrena?

Biktimen eta adingabeen arloak oso delikatuak eta gogorrak dira,  abusuen, tratu txarren biktimak etabar direlako. Kontutan hartu behar da, dibortzio bat adostasunik ez dagoelako iristen dela Lan-talde psikosozialera. Konpondu gabeko gatazkak dituzten familiak izaten dira eta eztabaida handiak izan dituzte. Baina horretarako prestatuta gaude. Gure lan profesionala horrelako egoerekin lotuta dago, horretarako trebatuta gaude.

Zeintzuk dira unerik gozoenak?

Lan Talde Psikosozialaren bidez Justizia Administrazioa gizatiartzen egiten dugun lana da niretzat atseginena. Gure parte hartzearen bidez herritarra lasaitzea eta prozedura judizialaren aurrean duen larritasuna gutxitzea lortzea. Adingabeen zigor-arloko bitartekaritzaren bidez gatazka bat konpontzea lortzen dugunean, familiako gatazkak gutxitzen direnean, edo Lantalde Psikosozialaren parte hartzearen ondoren aldeak akordioetara iristen direnean, harro egoten naiz.

Alegia, euren arteko arazoak konpontzen direnean

Hori da.  Aldeek garrantzia hartu eta judizioz kanpo konponbide bat aurkitzen badute, hirugarren baten arazoak konpontzeko delegazio oso bat behar izatea baino atseginagoa da. 

Oso atsegina da adingabeak biktimari egin dion kaltea onartzen duela ikustea, baita gurasoak euren arteko arazoak alde batera utzi eta seme alaben arazoez arduratzeko gai direla ikustea ere.

Delitua egin duen adingabe bati buruzko txostena egin behar duzunean, familiaren laguntza izaten al duzu?

Jakina. Adingabe bat aztertzen dugunean, familia ere aztertzen dugu. Berez, senideekin etortzea derrigorrezkoa da. Arlo horretan denetarik aurki dezakezu. Familia batzuk adingabearen hezkuntzan oso konprometituta daude eta neurri zuzentzaileak  aurretiaz ezartzen dituzte. Badaude beste batzuk,  ordea, gutxiago inplikatzen direnak, edo adingabea gehiegi babesten dutenak, eta kanpoko edozein parte-hartzeren aurrean adingabearen alde jartzen direnak. 

Etxera iristen zarenean, lana alde batera uzteko gai al zara?

Bai, psikologo profesional gisa mugak jartzeko bitartekoak ditugu.  Izan ere, gauza bat auziak denbora tarte zehatz batean ikertzea da, eta beste bat, horiek betirako buruan gordeta eramatea. Batzuetan beste era batera deskonektatzeko beharra dago, oporrak hartu ditzakezu, edo baimen bat eskatu dezakezu.

Familiarekin bitartekari lana ere egiten al duzu?

Ez! Era profesionalean, era horretara landu behar ditudan lan kontuekin bakarrik aritzen naiz. Gainontzeko arloetan norbanako bat gehiago besterik ez naiz.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*