Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

San Josék IV. Gazte Justizia Planaren ebaluazioa aurkeztu du; haren bidez, egiaztatu egiten da hezkuntza-arloko esku-hartzeek adingabe hausleetan duten eraginkortasuna

2020(e)ko ekainaren 17a

María Jesús San José.

Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC/KREI) egindako IV. Gazte Justizia Planaren ebaluazioa aurkeztu du María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, eta, ebaluazioak dakarrenaren arabera, delitu-berrerortzea % 18tik beherakoa da. “Ebaluazioaren helburuetako bat –esan du San Josék- adingabe arau-hausleei egiten zaizkien hezkuntza-arloko esku-hartzeen efikazia-maila zehaztea da. Lehen Gazte Justizia Planean berrerortzea % 28koa izan zen, eta, azken ebaluazio honetan, % 18tik beherakoa. Beraz, emaitza horren ondorioz, ilusioz ekingo diogu azkentzen ari garen V. Gazte Justizia Planari”.

San José sailburuak aurreratu duenez, V. Gazte Justizia Planak 105 milioi eurotik gorako zuzkidura aurreikusten du 2019-2023 aldirako; Ines Ibañez de Maeztu Justiziako zuzendariak eman ditu lehentasun eta joeren xehetasunak. “Neurriak betearazteko eskari gehiago dagoela nabari dugu –esan du–, eta, aldi berean, ingurune irekian esku hartzeko eredua finkatu dela eta gurasoen aurkako indarkeria-kasuek gero eta garrantzi gehiago dutela ikusten dugu”.

Ebaluatutako aldian (2014-2018), 2.101 neska-mutil arau-hausleek neurri irmoren bat bete behar izan dute; guztira, 3.998 neurri irmo izan dira. Ebaluatutako aldian, neurri irmoen proportzioa adingabe bakoitzeko % 1,9koa da.

1.339 pertsonari neurri irmo bakarra ezarri zaie (% 64) eta beste 388ri, bi neurri irmo (% 19). Beste muturrean, 218 pertsonak lau neurri irmo edo gehiago bete dituzte ebaluatutako aldi osoan; alegia, neska-mutil guztien % 10ek.

Profil psikosoziala dela eta, gehienetan Euskadin jaiotako gizona izaten da, bere jatorrizko familiarekin bizi dena. Honako gai hauen inguruko arrisku-aldagai garrantzitsuak antzematen dira: guraso-arretarik eza, toxikoen kontsumoa eta gurasoen edo erreferentziazko irudien kontrolik eza. Eskola-maila dela eta, eskolatu gabeko edo adinagatik dagozkionak baino maila baxuagoetan dagoen pertsona-kopurua garrantzitsua da. Berdinen taldeak ere hutsuneak ditu, eta gehienek ez dute egiten gutxieneko antolamendua duten aisia-jarduerarik.

Bitartekaritza-prozesuak gero eta ohikoagoak dira Euskadiko Adingabeen Auzitegietan; izan ere, jarduketa guztietatik (5.810 ebaluatutako aldian), bitartekaritzak % 31 dira (1.812) eta neurriak % 69 (3.998). Egindako bitartekaritzek emaitza positiboa izan zuten kasuen % 79an (1.433).

Delitu-egitate ohikoenak indarkeriazko edo larderiazko lapurretak izan dira, alegia neurri irmoa ekarri duten delitu-egitate penalen % 19. Ondoren, lesioak eta indarrezko lapurretak izan dira ohikoenak (biak % 12), eta, azkenik, ebasketak, alegia hamar delitu-egitatetik bat. Familiako indarkeria (344 egitate) eta genero-indarkeria (beste 46) % 10 izan dira.

Ebaluatutako aldian, neurri irmoak eta kautelazkoak, guztira, 4.379 izan dira. Haietatik, 3.998 (% 91) irmoak izan dira eta 381 (% 9), kautelazkoak.

Gehien ezarri diren hiru neurri irmoak zaintzapeko askatasuna (% 39), gizartearentzako prestazioak (% 18) eta barneratzeak (% 17) izan dira. 2014. eta 2018. urteak erreferentziatzat hartuta, igoera nabaritzen da barneratzeetan (% 14tik % 18ra) eta zaintzapeko askatasunetan (% 30etik % 44ra). Era berean, gizartearentzako prestazioen murrizketa (% 24tik % 15era) eta gizarte- eta hezkuntza-eginkizunena (% 17tik % 9ra) nabarmendu behar dira.

Kautelazko neurriak direla eta, barneratzeek (% 52) eta zaintzapeko askatasunek (% 42) azaltzen dute neurri-mota hori. Talde horretan, barneratzeek izan dute igoera esanguratsua aldi horretan; 2014an % 51 ziren eta 2018an, % 64.

Bestalde, ingurune irekian eta ikastetxean egin beharreko neurrien ehunekoak ere aipatu behar dira. Hala, ikus dezakegu plana betearazteko denboran ezarritako neurri irmo guztien % 25,4 ikastetxean egin dela (1.016 neurri), eta barneratzea izan da gehien ezarri den neurria, gero asteburuetako egonaldiak eta hezkuntza-taldeko bizikidetzak.

Ingurune irekiko neurriak 2.982 izan dira, neurri irmo guztien % 74,6, eta zaintzapeko askatasuna, gizartearentzako prestazioak eta gizarte- eta hezkuntza-eginkizunak izan dira neurri irmoen taldean ingurune irekian gehien ezarri diren neurriak.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*