Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

San José sailburua Justiziaren arloko erantzukizun-postuetan emakume gehiago izatearen alde agertu da

2017(e)ko irailaren 18a

San José sailburua Justiziaren arloko erantzukizun-postuetan emakume gehiago izatearen alde agertu da

Lan eta Justiziako sailburuak UPV/EHUren Paraninfoan egin den "Justizia Emakumearen Begiradan... 10 urte geroago" kongresuan parte hartu du. Jardunaldien helburua da Justizia Administrazioa ezagutzea zuzenbidearen munduan aritzen diren emakumeen esperientziaren bidez. Aurrerapenak egin direla aitortu duen arren, Justiziaren arloko erantzukizun goreneko postuetan emakume gehiago izatearen alde agertu da sailburua.

San José sailburuak gogora ekarri du emakumeen presentziak azken urteotan egin duen aurrerapena epailetzan eta fiskaltzan. “2016an karrera judizialean sartutako kide guztien % 60tik gora gara emakumeok”, ziurtatu du. Hala ere, erronka da, oraindik ere, erantzukizun goreneko organoetara iristea, besteak beste, auzitegi nagusietara, Entzutegi Nazionalera eta Auzitegi Gorenera; izan ere, emakume gehienak oinarrizko organo jurisdikzionaletan daude. 

Horrela, sailburuak aldarrikatu du emakume gehiago egotea erabakiak hartzen diren esparruetan. “Normalizazioa lortzea da, azken batean; normalizaziotzat ulertuta gizarte demokratiko bat garatzea benetan eta egiaz errekonozituta aukera-berdintasuna eta rolen banaketa homogeneoa. Eta egia da pixkana ari dela lortzen, nahi baino erritmo geldiagoan bada ere”. 

Kongresuan genero-indarkeria ere aztertuko da. Eta, alde horretatik, hitzeman du legealdian zehar sendotu egingo dela biktimari arreta emateko zerbitzua, arreta berezia jarrita delituaren biktima izan diren pertsonei prozesu guztian laguntzeko programan.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko