Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Migratzaileen eskubideak, arriskuan

2021(e)ko urriaren 15a

Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, munduan 281 milioi pertsona heuren jatorrizko herrialdeetatik kanpo bizi dira. Gainera, hainbat arrazoi direla medio, azken hamarkadan bere etxea utzi behar izan duen gero eta jende gehiago dago. 281 milioi migratzaile horietatik, 21 milioi gerra baten ondorioz edo ideia politiko edo erlijiosoengatik beren jatorrizko herrialdeetatik ihes egin duten errefuxiatuak dira. Horrek esan nahi du munduko migratzaileen egoera askotarikoa dela; baina haien eskubideak errespetatzeari dagokionez, egoerak oso antzekoak izan daitezke.

Neskatoak Asilo hitza idazten, arbel batean

Migratzaileak berez kalteberak ez diren arren, giza eskubideen urraketen eraginpean egon daitezke, haietako asko egoera irregularrean daudelako eta, ondorioz, diskriminazioaren, esplotazioaren eta marjinazioaren aurrean kalteberak direlako. Gainera, horietako asko ezkutuan bizi dira eta legez kanpo  egiten dute lan; ondorioz, heuren egoera salatzeko beldur dira eta oinarrizko askatasunik gabe bizi dira.

Nazio Batuen Goi Komisiodunaren Bulegoak 2020an argitaratutako datuek erakusten dutenez, migratzaileek jasaten dituzten giza eskubideen urraketarik ohikoenak hurrengoak dira: eskubide zibil eta politikoak ukatzea (atxiloketa arbitrarioa, tortura edo prozesu judizial egokirik eza) eta eskubide sozialak eta kulturalak urratzea (osasunerako, etxebizitzarako edo hezkuntzarako eskubidea).
 

Migratzailez betetako txalupa, itsas zabalean

Migratzaileen eskubideen urraketa horiek lege diskriminatzaileekin eta aurreiritzi eta jarrera xenofoboekin lotuta daude; eta ezaugarri horiek harrera- herrialdeetako administrazioen mende daude, batetik, eta harrera-gizarteen eta pertsonen jarreraren mende daude, bestetik.

Errefuxiatu-egoera zehaztea

Nazioartean eta estatuan, hainbat erakunde daude migratzaileak aztertzera eta laguntzera zuzenduta. Errefuxiatuei dagokienez, ACNUR Iheslarientzako Nazio Batuen Agentzia da Estatuekin hurbiletik lan egiten duena. ACNURen helburua da migratzaileei babesa ematea eta estatuek errefuxiatuen baldintzen hobetzearen arloan gero eta erantzukizun handiagoak hartzea, asilo-sistemak hobetzea barne.

Zentzu horretan, 2017an errefuxiatu-egoera zehazteko kasuei buruzko prozeduraren glosario bat argitaratu zuen. Glosarioa horretan, egoera ezberdinetan jarraitu beharreko prozedurak eta metodologiak zehazten dira. Adibidez, Afganistandik eta Talibanen agintetik ihes egiten duten pertsonen egoera bideratzeko, edo Siriako gerratik ihesi europara etorri nahi zuten pertsonen egoera bideratzeko.


Bestalde, 2018ko uztailean, NBEko estatu kide guztiek, Estatu Batuek izan ezik, Migrazio segururako, ordenaturako eta erregularrerako Munduko Ituna adostu zuten. Baina ordutik, nahiz eta ez den legez loteslea eta mugak eta migrazio politikak kudeatzeko estatuen subiranotasuna errespetatzen duen, hainbat herrialdek ez dute testua onartu.

Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal Behatokia

Euskadiri dagokionez, 2004an Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak ekin zion bere ibilbideari, Euskadiko migrazio-fenomenoa sistematikoki ezagutzeko erabilera publikoko tresna bat eraikitzeko asmoz. Tresna horrek, gaur egun, Euskadiko migratzaileen egoerari buruzko estatistikak argitaratzen ditu. Bestalde, Migrazio eta Asilo Zuzendaritza immigrazio-politiken planifikazioaz, koordinazioaz eta ebaluazio orokorraz arduratzen da.

Pandemia, migratzaileak eta giza eskubideak

Pandemiaren egungo osasun publikoko krisiak neurriz kanpoko eragina izan du migratzaileen egoeran orohar. Izan ere, pertsona migratzaileak estigmarekiko eta diskriminazioarekiko bereziki kalteberak izan daitezke; legeetan, politiketan eta eskubideetarako sarbidearen praktikan baztertuak izan daitezke, eta pandemiaren aurrean osasun publikoaren testuingurua dela eta, are zaurgarriagoak dira.

Idomeniko errefuxiatu-eremua

Mundu-mailako hainbat erakundek gobernuei eskatu diete pertsona guztiak, migratzaileak barne, kontuan hartu behar direla, beren migrazio-estatusa edozein dela ere, osasun publikoaren arloan eta bizikidetza berreskuratzeko eman behar diren erantzunetan; izan ere, "Krisiari erantzun eraginkorra  emateko migratzaileak kontutan hartu behar dira, ez bakarrik migratzaileen eskubideak babesteko, baita xenofobiari aurre egiteko eta gizarte osoaren osasuna arriskuan jartzea saihesteko ere". Horregatik, erakundeek eskatu dute estatuek "neurri espezifikoak har ditzatela adinari, generoari, desgaitasunari eta beste faktore batzuei erantzuteko, ahultasun-egoeran dauden migratzaileei laguntzeko, horiek guztiak krisiak modu desproportzionalean erasateko arriskuan baitaude".

Migrazioa eta pandemia Euskadin

Ikuspegik urtero egiten duen 2020ko euskobarometroaren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek nabarmendu zuen, azterlan horren arabera, euskal herritarren % 10,2k soilik uste duela immigrazioa arazo bat dela, eta gehienen ustez, berriz, "Pandemiak sortutako egoeraren larritasunaz jabetzen dela" eta "pertsona eta familia asko egoera kritikoan daudela eta elkartasuna erakutseko unea dela". Hain zuzen ere, inkestatuen % 91k uste du osasun baliabideetarako sarbidea irizpide medikoen arabera larriena den pertsonak izan behar duela, "Pertsonaren jatorria” zein den kontutan hartu Gabe.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*