Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Marisol González, Getxoko Zerbitzu Erkideko agentea: "Zortzi orduko lanaldia legez hartu behar dira oposaketak: liburutegira joan eta kafea hartzeko etenaldia egin behar da"

2014(e)ko martxoaren 20a

Marisol González, Getxoko Zerbitzu Erkideko agentea

Sei hilabete eskas dira granadar hau Getxoko Justizia Jauregira iritsi zenetik. Sevillako epaitegietan bost urtez lanean jardun ondoren, EAEn lan egiteko beste eredu bati aurre egin behar izan dio; izan ere, dagoeneko Getxon Bulego Judizial Berria ezarrita dago. Honezkero semeek hitz bate do beste esan diote euskaraz, eta bere hitzetan, ez du tutik ere ulertu. Oposiziogileei pazientzia hartzeko ikasketak eta zortzi orduko lanaldia legez hartzeko gomendatzen die.  Bi semeren ama da eta senarrak - lana dela eta- asko bidaiatzen du,  gehienetan aitona-amonen falta igartzen du; baina hala ere, argi dauka: “behin betiko destinoa aukeratu behar badut, Euskadin geldituko naiz”.

Zergatik erabaki zenuen Justizian lan egitea?

Bartzelonan bizi ginenean, senarrak eta biok enpresa pribatua utziko nuela eta oposaketak ateratzeko saiakera egingo nuela erabaki genuen. Familia bat eratu nahi genuen eta nire orduko lan egoerarekin ezinezkoa zen.

Nola prestatu zenituen oposaketak?

Bartzelonan akademia batera joan nintzen, baina Madrilera lekualdatu ginenean utzi egin behar izan nuen. Horren ondoren, Sevillan, trebatzaile pertsonal bat kontratatu nuen. Hasieran egoera latza izan zen, egun osoa ikasten ematen nuen, etxean sartuta eta pijama jantzita. Gorrotatzeraino ikasi nuen. Gainera, larri nengoen: ezin nuen gertatzen ari zitzaidana ulertu. Psikologo batengana jo nuen, eta hark, oposaketa zortzi orduko lanaldia balitz bezala hartu behar nuela esan zidan.

Aldaketa antzeman zenuen?

Noski.  Era horretara askoz eramangarriagoa egin zitzaidan. Egunero bost orduz liburutegira ikastera joaten hasi nintzen. Oposiziogileen talde bat eta guzti sortu genuen. Eta kafea hartzeko tartea eta guzti hartzen genuen.

Zer esango zenieke oposaketak prestatzeko asmotan dabiltzanei?

Gogorra da. Nik zorte handia izan nuen eta lehenengoan gainditu nuen. Baina hainbat alditan aurkeztu eta azterketa gainditu ez duten lagunak dauzkat. Ahalegin handia egiten baduzu, eta saririk lortzen ez baduzu, oso gogorra da berriz atzera egitea.

Bartzelona, Madril eta Sevilla izan dituzu bizileku: orain, berriz, Getxon bizi zara. Behin betiko bizilekua ezartzeko erabakirik hartu duzu?

Senarra eta biok horren inguruan mintzatu gara. Semeek kezka eragiten digute, horregatik, ez daukagu jada batetik bestera ibiltzeko gogoa. Bizimodu petrala da, baina lanaren menpe nago eta horrek ematen digu eguneroko ogia. Hortaz, berriz ere lekuz aldatzen banaute, alde egin beharko dut.

Hiri bat aukeratu beharko bazenu, non biziko zinateke?

Nire hirian bizi ezin banaiz, Getxon geldituko nintzateke. Hiri handiak ez dira bizileku egokia niretzat, eta Granadan lanerako aukera gutxi dagoela   aitortu behar dut. Senarrak multinazional batean lan egiten du, eta leku hura hilda dago. Zerbitzuetara bideratutako hiria da, unibertsitate-hiria, dendak eta turismoa dira nagusi. Baina industria arloa hilda dago. Semeek pena handia ematen didate, ez baitituzte aitona-amonak ikusten. Baina esandakoa berresten dut: aukeratzekotan, oso pozik nago hemen.

Nola moldatzen zara euskaraz?

Oso zaila da niretzat, euskara oso konplexua  iruditzen zait. Bartzelonan egon nintzenean, katalana ikasi eta tituluren bat edo beste eskuratu nuen. Baina euskarak ez du ezagutzen dudan beste ezeren antzik. Ez dakit nola ikasten den, hitzak buruz ikastea, hori izango da.

Baimenik eskatzea bururatu al zaizu?

Bada, ez dakit.  Egia esaten badizut, oraindik lur hartzen nago eta ez daukat horren berri. Ikastaroetarako eskaerak egiteko deialdia maiatzean dela uste dut. Eta noski, ikasi egin beharko dut; gainera, nire lanpostuaren arabera, data jakin batetarako titulua izan behar dut. Seme zaharrenak euskaraz hitz bat edo beste esaten dit, eta ez diot tutik ere ulertzen.

Nolakoa izan zen zure lehen laneguna Justizian?

Laguntza Judizialean lanean hasi aurretik, hainbat hilabetez izapidegile lanetan aritu nintzen Sevillan. Zoramena izan zen. Gauza bat Legea ezagutzea da, baina beste bat Epaitegi, norbanako eta bulego bakoitzaren funtzionatzeko era ezagutzea da.  Iritsi eta lehendabiziko egunean esan zidaten: “Horko armairu horiek zureak dira”. To! Eta lan guztia aurrera atera behar duzu. Hasiera batean ezjakin hutsa zarela sentitzen duzu. Hasiera hori beste era batera antolatu beharko litzateke.

Hemen Euskadin badago lanean hasiberri den jendeari egokitutako protokolo bat.

Tutoretza orduak egoteak asko harritu nau . Sevillan ez da inoiz horrelakorik egon. Oso gauza ona da. Gainera, lanez gainezka dagoen epaitegi batera iritsiz gero, bertakoek ez daukate zuri laguntza emateko tarterik.

Eta jakina, epaitegi bakoitzak modu ezberdinean egiten du lan. Zigor-arloan, adibidez, okerrena bezeroak dira; baina arlo horrek badu bere alde ona ere, izan ere, hiru prozedura mota bakarrik dira: aurretiazko eginbideak –ohikoenak-, faltak eta prozedura laburturen bat edo beste. Baina Zibil-arloan prozedura mota askoz gehiago daude. Lana askoz zailagoa da eta berria zarenean huts egin dezakezu.

Zer gertatuko litzateke huts eginez gero?

Konponbidea egon badago, baita kasu horietan ere... Baina gai delikatuak dira, eta akats baten erruz -enbargo bat bada adibidez-, enbargatuari kalte handia eragin diezaiokezu.

Zein da zure eguneroko lana Justizia Jauregian?

Getxon Bulego Judizial Berria ezarrita dago, eta beraz, aste bakoitzean Sail batekin lan egitea dagokit. Aste honetan Salan nago eta datorren astean mostradorean egongo naiz jendeari harrera eginaz. Bulegoan lan egitea ere dagokit, eta betearazpenean, artxiboan eta guardian ere egiten dut lan . Era horretara, ez daukazu nekatzeko astirik. Eta lanen bat oso gustuko ez baduzu ere, ez da gauza larria hurrengo astean beste lan bat egiten duzulako. Gainera, hemengo lankide guztiak laguntzeko prest daude. 

Lana eta familia bateratu ditzakezu?

Bai, noski.  Pribatuan baino askoz hobeto. Dagoeneko eskatu dut bateratzeko aukera, eta egunen batean beranduago etortzen banaiz orduak beste egun batean berreskuratzeko aukera daukat.

Getxoko epaitegietan aldaketa handia egon da Bulego Judizial Berriaren ezarpena dela eta. Zer deritzozu horri?

Ni iritsi orduko guztia amaituta zegoen. Hala ere, lankideek aldaketa oso gogorra izan dela esan didate. Baina, aurrera egin dute!

Lantokian gustura zaude?

Sevillako epaitegia oso zaharra zen, leku falta handia zegoen. Eta hemen leku handia dago, hori abantaila handia da; batez ere, artxiboan. Sevillan oso larri ibiltzen nintzen… hori dela eta Getxon oso pozik nago, lanpostuagatik, hiriagatik, guztiagatik. Askok gauza bera galdetu dit eta harrituta gelditu dira; baina hala da, hemen geldituko nintzateke.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*