Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Lehendakariak berretsi du genero indarkeriaren desagerrarazteko lana lehentasuna dela Euskadirentzat eta emandako pausoek atzera bueltarik ez dutela gogoratu du

2019(e)ko urtarrilaren 09a

Lehendakariak berretsi du genero indarkeriaren desagerrarazteko lana lehentasuna dela Euskadirentzat eta emandako pausoek atzera bueltarik ez dutela gogoratu du

Emakundek Nazio Batuetako zenbait agentziekin batera “Indarkeria jasaten duten Emakume eta Neskatoentzako Funtsezko Zerbitzuei buruzko Baterako Programa Globala” izeneko programan parte hartu du azken urteetan eta honen itxiera ekitaldian izan da  Iñigo Urkullu Lehendakaria. Programa honen helburua da zehaztea zeintzuk izan behar diren gutxieneko estandarrak mundu mailan emakumeen kontrako indarkeriaren biktima direnak artatzeko. Programan parte hartu duten hainbat profesionalen aurrean, euren ekarpena eskertzeaz gain, Lehendakariak berretsi egin du “emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko lana lehentasuna” dela Jaurlaritzarentzat eta Euskadirentzat, eta zentzu honetan gogoratu du orain arte arlo honetan emandako pausoek ez dutela atzera bueltarik. 

Nazioarteko programa honen esparruan, Emakundek EAEn lan-prozesua sustatu du, estandar horiek testatzeko eta arreta-sistema osoak bat egiteko esku hartzeko oinarrizko printzipio eta prozedura batzuen inguruan. Autoebaluazio prozedura honi esker erronka nagusienak identifikatzeaz gain, emakumeak artatzeko EAEko arreta sistema indartu ahal izan da.

Lan-prozesuak hiru fase eta informazioa biltzeko zenbait estrategia izan ditu, eta horiek arretan inplikatuta dauden erakunde publikoetako, pribatuetako, gizarte zibileko eta sei jarduera-eremutako (osasuna, justizia, polizia, gizarte-zerbitzuak eta koordinazioa eta gobernantza) eragileak inplikatu ditu, guztira 155 pertsona.

“Giza eskubideak erdigunean dituen erronka baten aurrean gaude”, adierazi du Urkulluk eta “hobekuntza etengabean” saiatzeko konpromisoa adierazi du.  Esan duenez, programa honen testuinguruan egindako lanean identifikatutako erronkak kontuan hartuko dira emakumeen kontrako indarkeriaren araudiaren proposamenean, emakumeen atentzioa hobetzeko erakunde arteko III akordioaren berritzean, eta baita ikertu diren arlo bakoitzeko ekintzetan.

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, bestalde, adierazi du programa honetan egindako lanari esker, identifikatu egin direla erronka nagusiak eta horrez gain, “arlo ezberdinen arteko zubiak indartu ditugu, behar beharrezkoa den koordinazioan beste aurrerapauso bat emanez”. Goraipatu egin du, honez gain, autoebaluazioan egindako lana, “autoebaluazioarekin bakarrik lortu ahal dugulako hobekuntzak egiten joatea etengabe”.  Erronka nagusi bezala, administrazioen arteko koordinazioa eta emakumeak artatzen dituzten profesionalen prestakuntza direla aipatu du.

Jardunaldian parte hartu dute Maria Teresa Bejaranok, Nazio Batuetako Populazio Fondoaren (UNFPA) genero, ugalketa eskubideak eta garapen jasangarrirako aholkulariak; Caroline Meenaghek, Nazio Batuak Emakumeak erakundeko emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko arloko adituak.

Nazio Batuek 2014an hala eskatuta Emakundek nazioarteko programa honetan parte hartu du azken urteotan . Estandar hauek etorkizunean Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onartzea da helburua, eta bertan ezartzen diren estandarrak eremu poliziala, judiziala, osasunarena eta zerbitzu sozialen eremuak hartzen ditu kontuan.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*