2016(e)ko ekainaren 21a
“Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoa, justizia eredu berritzaileetarantz” Europako lehenengo Kongresua ekainaren 16, 17 eta 18an egin da Donostiako Kursaal Jauregian. Kongresuan arlo horretako 300etik gora aditu bildu dira, besteak beste abokatu eta epaileak, bitartekariak eta erakunde judizialetako estatuko ordezkariak. Hiru egunez Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoari buruz aritu dira, biktimari egindako kaltea konpontzea helburu duen Justizia eredu ordezkoari buruz, alegia.
Kongresuan buru izan dira Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidente Iñaki Subijana eta Euskadiko Kriminologia Institutuko zuzendari Jose Luis Lacuesta. Zuzendari, berriz, Izaskun Porres abokatu eta orientatzaile judiziala izan da.
Parte-hartzaileei dagokienez, Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoan mundu mailako adituek parte hartu dute, bai eta arlo judizialen esanguratsu diren beste hainbeste kidek ere, hala nola, Auzitegi Goreneko magistratu Lourdes Arastey, Auzitegi Gorenaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidente Carlos Lesmes, BJKNren kide Maria Victoria Cinto, IVACen ikertzaile Gemma Maria Varona, EAEko Auzitegi Nagusiaren presidente Juan Luis Ibarra eta EAEko Fiskal Nagusi Juan Calparsoro.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere Kongresuan parte hartu dute, hala nola Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramale eta Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Erkorekak, Bakea eta Elkarbizitzarako idazkari nagusi Jonan Fernandez, Justizia sailburuorde Ana Agirrek eta Justiziako Zuzendari Manuel Valinek.
Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa
Eusko Jaurlaritzaren bozeramale eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak Kongresuko hainbat saiotan parte hartu du Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du, Euskadin eredu judizial leheneratzailea ezartzekoa, kaltegilea jazarri, zigortu eta gizartetik bakartzea beste helbururik ez duen zigor-eredu tradizionala baino modernoagoa, eraginkorragoa eta gizalegezkoagoa denez. Gainera, “Justizia leheneratzailearen” metodo berriek auzitegietako lan karga arindu, justizia azkartu eta baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko baliagarriak izango dira, azpimarratu du Erkorekak.
Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek, Justizia Leheneratzaileari buruz Donostian egindako Kongresuan aurkeztu du birgizarteratzean eta leheneratzean oinarritutako dekretu-proiektua. Araua giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eta justizia leheneratzaileari loturiko Europako korrontearen arloan dago. Bi alderdi nagusi ditu: gizarteratzea eta birgizarteratzea.
Laguntza gizarteratze-ibilbidean eta espetxealdi osteko birgizarteratzean. Jonan Fernandezek zehaztutakoaren arabera, gizarteratze-prozesua presoa espetxean dagoela hasiko da, eta, zehazki, terrorismo-delituen ondoriozko zigor pekoei zuzenduta dago. Izan ere, araudiak berak betekizun desberdinak ezartzen ditu kasu horietan. Bestalde, birgizarteratzeko emandako laguntza preso guztiei zuzenduta dago, edozein dela ere zigorra eragin duen delitua, eta, nagusiki, espetxealdi osteko fasean zertzen da.
Justizia Leheneratzailea delitu batek eragindako kaltea konpontzean datza, eta aldeei konponbide batera iristeko aukera errazten die, beti ere delituaren larritasunaren arabera. Ez da Justizia Ordaintzailearen (zigortzailearen) ordezkoa, baizik eta Justizia gizatiarrago baten aldeko apustua da: zigor sistemaren baitan elkarrizketa gehitzen du, delituak biktimari eragin dizkion kalteak eta parte-hartze instituzionalak delitugileari ezarritako indarkeria-ondorioak leuntzeko.
“Laborategi esperimentalak”
Kongresuan 20tik gora workshop praktiko ere egon dira. Lantegi horiek arratsaldez egin dira eta kongresuko parte-hartzaileen arteko interakzioa sustatzeko “laborategi esperimentalak”sortzea zuten helburu.
Workshop-etan hainbat gai jorratu dira Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoaren inguruko ikuspegi guztiak landu asmoz. Hortaz, genero inadarkeriari, terrorismoari, sexu-gehiegikeriei eta adingabeei buruzko lantegiak egon dira, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzaren Bitartekaritza Zerbitzuak
Justizia Leheneratzailea erdiesteko tresna egokiena bitartekaritza da. Eusko Jaurlaritza aitzindari izan zen Estatuan bitartekaritza zerbitzuak ezartzen. Gaur-gaurkoz, doako bitartekaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei hainbat arlotan. Hauek dira azpimarragarrienak:
Informazio gehiagorako: “Justizia Leheneratzaile eta terapeutikoa: justizia eredu berritzaileetarantz” Europako Batzarraren egitaraua kontsulta dezakezu.
"Justizia Leheneratzaile eta terapeutikoa” Kongresuaren web ofiziala.