Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Jorge Bermudez, Delitu Informatikoen Fiskala: "Irudimena ezinbestekoa da lan honetan aritzeko"

2014(e)ko apirilaren 08a

Jorge Bermudez, Delitu Informatikoen Fiskala:

Jorge Bermudez Donostiarra da eta Delitu Informatikoen Gipuzkoako fiskala da. Gaztetatik informatika zalea da, eta berak adierazitakoaren arabera, delitu mota ezberdinak legearen baitan egokitzeko ahalegin handia egin behar dute delitu informatikoetako fiskalek. Izan ere, Prozedura Kriminalaren Legea zaharkitua dago, eta besteak beste, ez ditu posta elektronikoa edo Whassapa bezalako komunikazio bideak aurreikusten.

Nola iritsi zinen fiskala izatera?

Unibertsitateko ikasketak aukeratzeko sasoia iritsi zenean, Zuzenbidea eta Informatika esku banatan izan nituen; baina letrak ikastea hobeto zetorkidala pentsatu nuen.  Zientziak oso gogoko ditut eta informatikazale amorratua naiz; baina zientzialari gisa aritzeko baino, datuak gordetzeko eta hitz egiteko abilagoa naizela uste dut.  Hortaz, Zuzenbidea hautatu nuen; eta ikasketak amaitu nituenean, lan merkatuan sartzeko aukera gutxi nituela ikusi nuen eta oposaketara aurkeztu nintzen.

Fiskala izateko arrazoi berezirik zenuen?

Gehienek ezin dute nire aukera ulertu; epaile izatea lanpostu onena dela uste du askok, baina nik parte hartzea dut gogoko; hori bai, funtzionario bezala dagokidan inpartzialtasuna errespetatuz –arrazoi pertsonalak alde batera utzita-. Baina norbait erruduna dela uste badut salaketa egitea gustatzen zait. Ez dator nirekin bat aldeei entzun eta beste gabe erruduna den ala ez erabakitzea:  aldeetako bat izatea nahiago dut.

Delitu informatikoen fiskala izatera iritsiko zinela uste zenuen? 

2007an Fernando Herrero-Tejedorrek –Auzitegi Gorenean delitu informatikoen ardura izan zuen lehen fiskalak- kriminalitate informatikoaren zerbitzua sortzeko agindua eman zuen. Ordurako oposaketa gainditua neukan eta Santanderreko fiskaltzan praktikak egiten nengoen. Uneoro delitu informatikoen inguruan galdezka aritzen nintzen; gaia nire interesekoa zen eta eguneratze falta zegoela sumatzen nuen… Gauzak horrela, egun batean fiskal batek internet bidezko banku-maula bati buruzko zalantza bat planteatu zidan, eta nik neure iritzia eman nion; hala eta guztiz ere, delitu ekonomikoen atalera deitu eta zalantza argitzeko eskatuko zuela esan zidan. Deitu zuenean, kriminalitate informatikoari buruzko zerbitzu bat antolatzen ari zirela esan zioten. Orduan, bertara deitu zuen eta Fernando Herrero-Tejedorrek egitura antolatzen ari zela eta lantaldea osatzeko pertsona bila zebilela esan zion; “Hain zuzen ere, praktikak egiten ari den mutil baten bila nabil” - esan zion. Eta Santanderreko fiskalak erantzun: “Gaur bertan kafea hartu dut berarekin!”. “Bada, emaiozu nire telefono zenbakia eta esaiozu deitzeko” –erantzun zion Tejedorrek. Deitu nion, eta ordudanik, gaur arte.

Zer nolako ikasketak behar dira karguan aritzeko?

Horren inguruko kontu asko entzun ditut.  Ni erabiltzaile aurreratua izaten saiatzen naiz, baina ez daukat zertan programatzen jakin behar; hau da, neure gustukoa izan zein ez izan, ez daukat zertan ordenagailu bat desarmatzen eta muntatzen jakin behar. Hain justu ere, ordenagailuak programatzen ikasi ez izana  nire frustrazioetako bat da.  Baina hala ere, ez da beharrezkoa. Tresnek –gutxi gorabehera- nola funtzionatzen duten jakin behar da; hau da, zein lan egiten dute. Barruko egitura ezagutzea ez da beharrezkoa.  Eta batez ere, hori guztiori lengoaia juridikora itzultzen jakin behar da. Azken finean, juristaren lana bizitza errealeko gertaerak legean aurreikusitako kategoria batekin uztartzea da; eta horren ostean, legean aurreikusitako ondorioa ezartzea.

Zer da delitu informatiko bat?

Delitu informatikoa kategoria ez da existitzen. Hori dela eta, dagozkigun hiru delitu motak zehazten dituen Estatuko Fiskaltzaren Instrukzio bat dago. Delituak hurrengoak dira: Ordenagailu bat helburu izan duten delituak, edo delitua ordenagailu bidez egin denean (adibidez, intrusio delitua); ohiko delituak –betikoak- baina ordenagailu bidez egin direnak (biktimari –emazte ohiari, adibidez- sare sozialak erabiliz mehatxatzen duen erasotzailea, adibidez). Eta azkenik, informatika ezinbesteko tresna ez bada ere, eta helburua sistema informatiko bati erasotzea ez bada ere, auziak konplexutasun maila handia duenean eta ikerketa egiteko ezagutza bereziak behar direneko auziak daude.

Kode Penala, teknologiaren abiadura berdinean aldatzen al da?

Kode Penala goiburuen arabera aldatzen dute: Hedabideetan haur-pornografiari buruzko albisteak atera dira eta zalaparta handia dago; gaia oso kezkagarria dela erabaki eta haur-pornografiari buruzko zerbait sartuko dute kode penalean. Baina identitate-lapurreten inguruan, adibidez, ez dago ezer.

Beraz, Legeak zaharkituta daude?

Gure arazoa ez da Kode Penala, gure arazoa Prozedura Kriminalaren Legea da. Telekomunikazioen arloan 1988. urteaz geroztik ez da ezer berregokitu. Artikulu bakar baten erdia dago,  telefono deien interbentzioari buruz. Beste hiruzpalau artikulu ere badaude: paperezko eskutitzei buruz! WhatsAppa ez da sms-a, ez da telefono deia, ez da posta elektronikoa ez eta eskutitza ere. Hortaz, balizko delitu bat ikertu eta sailkatu aurretik… auzia oso ongi hausnartu behar da.

Gai konplexua da, urteak joan dira erreforma hasi zenetik, eta oraindik gehiago joan beharko dira Prozedura Zibileko Kodea berritu arte. Justizia Ministroak legegintzaldi honetan atera nahi zuen aurrera, baina ezinezkoa da: Parlamentuan egin behar diren izapideak luze jotzen dute eta ahalik eta azkarren behar dugu. Arazo benetan larriak dauzkagu.

Beraz, delituak ikertu eta sailkatzeko sormena eta argitasuna ezinbestekoak dira zuentzat…

Bai, informatika zalea izatea laguntza handikoa zait. Badaukat beste zaletasun bat ere, bitxia bada ere, lanerako lagungarri zait: zientzia-fikzioa.

Zientzia-fikzioa eta zientziak juridikoak bateragarriak dira?

Noski! Zientzia-fikzioak -niri behintzat- zenbait gairen inguruan kezka pizten dit, hala nola: noraino iritsi daiteke pribatutasun eskubidea? Eta bide beretik, noraino iritsi daiteke ikerketa?  Noraino iritsi gaitezke delituari jarraika, “borondate oneko” diktadura  bilakatu gabe, -alegia, demokrazia mozorroa jantzita herritarren logelaren sakonenera sartzen den hori izatera iritsi gabe?   Zientzia-fikziozko liburu klasikoek gai horiek etengabe jorratzen dituzte: “Un mundo Feliz” (Bai mundu berria, euskaraz) –“borondate oneko” diktadura bati buruzko nobela; “1984” –herritarrak kontrolpean dituen sistema bati buruzkoa-; “Farenheit 451” –kultura lanen garapenari buruzko nobela: samina eragiten dutela aitzakiatzat jarrita liburuak erretzen dituen etorkizuneko gizarte bati buruz ari da. Bien bitartean, telebista saioen bidez herritarrak lelotzeko helburuarekin, non-nahi pantaila erraldoiak daude.  Duela hamarkada asko, idazleek jada jorratu zituzten gai guzti horiek; eta niri guzti horrek lagundu egiten dit, irudimena suspertzeko balio zaidalako. Eta irudimena, lan honetan, ezinbestekoa da.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*