Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Jaurlaritza Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko jarduera-protokolo koordinatu bat prestatzen ari da, eta emakumearen aurkako indarkeria-motak gehitu ditu

2021(e)ko irailaren 28a

Aurtengo lehenengo seihilekoan 2.248 emakumek salatu dituzte Euskadin bikotekideen edo bikotekide ohien, edo familia-eremuko beste gizonezko batzuen indarkeria edo euren sexu-askatasunaren aurkako indarkeria-delituak

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak inauguratu dute Euskadin Ertzaintzak eta udaltzaingoek emakumearen aurkako indarkeria-delituen tratamenduan eta jazarpenean egiten duten lana aztertzeko eta ebaluatzeko lan-jardunaldia. Jardunaldian parte hartu dute, besteak beste, gai honetan entzute handia duten irakasle, legelari eta abokatuek, esate baterako Marta Doladok edo Miren Ortubayk, bai eta indarkeria-mota honetan espezializatutako Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteek ere, hala nola Oskar Fernández Cucók eta Asier Erkorekak.

Inaugurazio-ekitaldian Josu Erkorekak jakitera eman du Eusko Jaurlaritza koordinatuta eta modu homogeneoan jarduteko polizia-protokolo berritzaile eta aitzindari bat prestatzen ari dela Europako Kontseiluaren Istanbuleko Hitzarmena izenekoan jasotako emakumearen aurkako indarkeria-gertaera guztietara zabalduta: indarkeria fisikoa, psikologikoa edo sexuala, bortxaketa barne dela; jazarpena edo zelata; mutilazio genitala; behartutako ezkontza, abortua edo antzutzea; sexu-esplotaziora bideratutako gizakien salerosketa; irudiak baimenik gabe hedatzea, baimenduta grabatu izanda ere; etab.

Tresna handinahiko honek esku hartzeko kideko prozedurak eta jarduteko jarraibide bateratuak ezarriko ditu Ertzaintzarentzat eta Euskadiko udaltzaingoentzat Istanbuleko Hitzarmenean aitortutako emakumearen aurkako indarkeria-mota guztietarako, eta, era horretara, alde batetik, biktimei arreta integrala eman ahal izango zaie eta, bestetik, berriz biktimizatzea eragotziko da.

“EBA”, proiektu digitala

Protokolo berria oso aurreratua da panorama konparatuan, eta jauzi kualitatiboa ekarriko du berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurka erabilitako indarkeriaren kontrako borroka globalean. Une hauetan prestatu ahal izan da, hain zuzen ere, emakumearen aurka erabilitako indarkeriaren esparruan kalterik handiena egiten duten bi delitu-motaren biktimei arreta emateko polizia-lanak 20 urtean baino gehiagoan lortu duen esperientzia zabalari esker. Bi delitu-mota horiek genero-indarkeria eta etxeko indarkeria dira Euskadin. Berez, urtea amaitu aurretik jarriko da abian EBA – Emakumeen eta Etxekoen Babesa proiektua. Espedienteen kudeaketa partekatzeko sistema digital horri esker Ertzaintzak eta udaltzaingoek informazio eguneratua izan ahal izango dute etengabe, eta horrek zirt edo zart neurririk egokienak hartzen eta biktimentzako arriskuak gutxitzen lagunduko du. Horrez gainera, informazioa indarkeria matxistaren biktimen arretan inplikatuta dauden erakunde publiko guztientzat egongo da eskuragarri: judikatura, fiskaltza, Osakidetza, gizarte-taldeak, etab.

Oinarri sendo horren gainean identifikatu eta gehitu ahal izan dira azken urteotan indarkeria matxistaren beste biktima zuzen batzuk, lehen aitortzen ez zirenak eta, ondorioz, ikusezinak zirenak, eta, horrela, pixkanaka-pixkanaka delitu-mota berriak sartzen joan dira. Horren guztiaren emaitza da Istanbuleko Hitzarmenean deskribatutako kasu guztiak barne hartuko dituen protokolo osatu hau.

2021eko lehenengo seihilekoko datuak

Aurtengo lehenengo seihilekoan 2.248 emakumek salatu dituzte Euskadin bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, familia-eremuko beste gizonezko batzuen indarkeria edo bikotekidearen eremutik edo familia-eremutik kanpo jasandako sexu-askatasunaren aurkako indarkeria-delituak. Datu horren arabera, +% 3,12 egin dute gora indarkeria-delituek 2020ko seihileko berarekin alderatuta. Kasu gehien Bizkaian erregistratu dira (1.237 salaketa), baina salaketek Araban egin dute gora gehien (333 kasu), iaz baino % 11 gehiago.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*