Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

IVAP-ek itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratibo berria atera du

2020(e)ko ekainaren 22a

Itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboa

2019aren amaieran, Eusko Jaurlaritzak “Itzuli” itzultzaile automatiko neuronala sustatu zuen; onarpen handia izan du administrazioko langileen eta herritarren artean. Orain, IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak itzultzaile automatiko horren bertsio bat sortu du, hizkuntza juridiko-administratiboan espezializatuagoa: https://www.ivap.ejgv.euskalsarea.eus/itzuli/. Horretarako, tresnak zeukan oinarrizko informazioaz gainera, IVAPen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean azken 20 urteotan itzulitako hamar milioi segmentu inguru gehitu ziren.

Itzultzaile berriak probaldia izan du langile itzultzaileen artean, eta, orain, administrazio maila guztietan eta hainbat erakundetan (udalak, aldundiak, gobernua, legebiltzarra…) testuak ekoizten laguntzeko jarri da martxan. IVAPek espero du tresna berri horrek euskararen erabileran eta normalizazioan laguntzea, eta langile publikoek testuak bi hizkuntza ofizialetan sortzeko ohitura hartzea. “Argi dago hasierako oinarri sendoa izanda, bi hizkuntzak aldi berean erabiltzea errazagoa dela”.

Laguntza-tresna

Itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboa laguntza-tresna bat da, osagarri bat eguneko lanean, eta haren emaitzak beti berrikusi behar ditu hizkuntza-gaitasun nahikoa duen pertsona batek. Hori dela eta, tresna berri hau ez da gizakiaren ordezko izango. Horrela, IVAP ez da izango tresna horren bidez sortutako testu desegokien edo akastunen ondorioz egon daitezkeen ondorio juridikoen arduradun. Itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboaren pantailan, hura gogorarazteko oharra ageri da: “Laguntza-tresna bat da, eta haren emaitzak beti berrikusi eta zuzendu behar ditu euskaraz eta gaztelaniaz hizkuntza-gaitasun nahikoa duen pertsona batek. Horrela, IVAP ez da izango tresna horren bidez sortutako testu akastunen ondorioz egon daitezkeen ondorio juridikoen arduradun”.

Gainera, itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboaren aplikazioan, esteka bat dago eta, bertan, jarraibide zehatzagoak daude, adibide zehatzen irudiekin. IVAP adibide horiek osatzen eta zehazten joango da. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea tresna berria mantentzeko eta etengabe hobetzeko arduraduna ere izango da.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*