Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Idoia Mendiak Iruña Okako Epaitegi berria inauguratu du

2010(e)ko uztailaren 30a

Iruña Okako (Araba) epaitegi berriaren inaugurazio-ekitaldian izan da Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburua. Azpiegitura berria Langraiz etorbideko 18. zenbakian dago; judizio-areto bat eta bideokonferentzietarako sistema ditu, eta hiru langilek egingo dute lan bertan.

Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez duten udalerrietan Justizia Administrazioaren zerbitzu xumeenak emateko jartzen den organo judiziala da bake-epaitegia. Guztiek izaten dute bulego judizial bat, funtzionarioek han lan egin eta herritarrei zuzeneko zerbitzuak emateko. Udalerrian erroldatuta daudenek bertan egin ditzakete, besteak beste, Erregistro Zibilean gauzatu beharreko izapideak.

Esate baterako, ezkontza zibiletarako espedienteak eskatu daitezke, jaiotza, ezkontza edo heriotzen ziurtagiriak inskribatu edo egiteko izapideak egin, eta abar. Ezkontza-itunak inskribatu, jaiotze- eta ezkontza-espedientek lekuz aldatzeko eskatu, eta bizi-agiria eta egoera-agiria eskuratu ere egin daitezke.

Herritarrek, gainera, polizia-etxera joan beharrean bake-epaitegira jo dezakete zigor-arloko edozein salaketa jartzera. Alabaina, gertakari ez oso larriak besterik ez dira epaitzen bake-epaitegietan: irainak, derrigortzeak eta mehatxu-mota jakin batzuk. Demanda zibilei dagokienez, 90,15 eurotik beherako erreklamazioak jarri daitezke bake-epaitegietan.

Beste epaitegiek eskatutako komunikazio edo diligentziak egitera joateko zitazioak egitea da bake-epaitegien beste zerbitzu bat.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*