Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Gerardo Villar, Gasteizko bitartekari judiziala: "Bitartekaritzaren bidez biktimari laguntzen zaio"

2013(e)ko maiatzaren 28a

Gerardo Villar, Gasteizko bitartekari judiziala

Paperezko arbela, mahai borobila, musuzapi- kaxa eta erlojua. Horiek dira Gerardo Villarren bulegoan dauden lau funtsezko elementuak. Gela horretan egiten ditu Gerardok, Gasteizko Bitartekaritza Judizialeko kideak, salatzailearen eta salatuaren arteko batzarrak. Elkarrizketa sustatzeko mahai borobila ezinbestekoa da; arbelean, adostutako akordioak idazten dituzte; erlojua, elkarrizketak gehiegi luzatu ez daitezen erabiltzen dute; eta musuzapiak, berriz, gela horretan sarri ematen diren une hunkigarriak xukatzeko dira.

Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuaren helburu nagusietako bat biktimei egindako kaltea konpontzea da. Posible al da hori lortzea?

Jakina. Gainera, zerbitzu honek lortutako gauzarik onuragarriena dela uste dut. Bitartekaritza bi ikuspegi ezberdinetan oinarritzen da: batetik aitorpena dago, bestetik, konponketa. Esanahia hurrengoa da: kaltea egin dudala onartzen ez badut, bitartekaritza lanak ez dauka zentzurik. Beraz, lehenik eta behin kaltea egin izana aitortu behar dut, eta ondoren, egindako kalte hori konpondu behar dut. Salatuak, beraz, biktimari egindako kaltea ordaintzeko eskaintzen du bere burua.

Eta hori ez da epaiketa batean lortzen.

Hori da. Hemen zaudenean, esparru juridikoan kaltea konpontzeko aukerak oso murritzak direla ikusten duzu.  Biktimek sarri askotan esaten digute hori. Epaiketara joatea onuragarria ote den galdegiten dute.  Are gehiago, espetxe zigorra ezartzea bost axola zaiela, hori ere esan izan digute.

Espetxe zigorra ezartzearen erantzule sentitzen dira?

Hala da.  Egoera horren aurrean Bitartekaritza zerbitzutik biktimari egindako kaltea konpontzeko aukerak handitzen ditugu. Nik jendeari originala izateko eskatzen diot, esan dezatela nahi dutena, bota ditzatela ideiak, egindako kaltea ordaintzeko zer gustatuko litzaieke besteak egitea.

Eta originalak al dira?

Denetarik dago. Gogoan dut erlijio musulmana zela-eta elkar salatu zuten marokoar eta espainiar baten arteko auzia. Epaitegitik auzia bidali ziguten; amaieran espainiarrak biktimari barkamena eskatu zion eta bere errespetua adierazteko, arkume bat islamiar erritoaren arabera hiltzeko eskaini zuen bere burua. Eskaintza entzun zuenean biktima ikaragarri harritu zen.

Nola erantzuten du jendeak lehendabiziko aldiz bitartekaritzatik deitzen diozuenean?

Harritu egiten dira.  Gehienek ez dakite aukera hau dagoenik. Hori bai, ahoz-ahokoak mesede handia egiten digu.

Zerbitzu hau 2007. urtetik martxan dago Gasteizen. Hasiera nolakoa izan zen?

Etxean bezala ibili ginen. Gure helburua norbanakoek euren arazoen konponbidean parte hartzea zen.  Onartu beharra daukat zenbait epailek, hemen Gasteizen, bitartekaritzarekin konpromezu handia erakutsi dutela. Horri esker gaur egun epaitegi gehienek kasuak bidaltzen dizkigute.

Gogoan al daukazu zure lehen bitartekari lana?

Lehena edo bigarrena izan zen, ez dut ongi gogoratzen. Gasteizko bi gazteri zegokien auzia zen. Merkataritza- gune batean mp3ak lapurtu zituzten, epaiketara joan ziren, eta auziak bitartekaritza zerbitzuan amaitu zuen.  Zenbait bilera egin ostean gazteak eta merkataritza-guneko arduraduna adostasun batera iritsi ziren. Gazteek barkamena eskatu zuten, mp3ak Gasteizko elkarte bati eman zitzaizkion, eta diru-kostua konpentsatzeko gazteek GKE batekin zenbait jarduera egin zituzten.

Beraz, erasotzaileek eta biktimek elkarren artean lasaitasunez hitz egiten dute?

Bai. Kontutan izan behar da jendea asper-asper eginda dagoela, emaitza garbirik atera gabe, epaitegietan aurrera eta atzera ibiltzeaz. Batzuetan inork entzuten dien lehen aldia dela esan digute. Orokorrean jendeak bere arazoak ahalik eta modurik egokienean konpondu nahi ditu. Hori dela eta, bitartekaritzara jotzea eskaintzen zaienean hitz egiteko prest egoten dira. Baina ez da beti erraza.

Zenbaitetan akordioa ezinezkoa izango da.

Bai. Batez ere auziak luze jotzen duenean. Gurasoen eta seme-alaben edo auzokideen arteko arazoak, adibidez. Kasu horietan bitartekaritza hainbat egunetan zehar egin behar izaten da. Arrangura handia egoten da eta oso zaila izaten da adostasun batetara iristeko hitz egitea.

Kasu batzuetan inpartzialtasuna mantentzea zaila egingo zaizu.

Zenbait egoera maldan gora egiten zaizkit. Inoiz kaltetuak erasotzaileari diru asko eska ziezaiokeela ikusi dut, baina ez du egin.  Kasu horietan nik ezin diot nire iritzia eman, baina bitartekaritza lana gelditzeko aukera daukat, eta bitartean, biktimari profesional baten aholkularitza jasotzeko aukera ematen diot.  Guztiaren jakinaren gainean dagoenean, bitartekaritza berrabiarazten dugu; eta hala ere, dirua eskatu nahi ez badu, aurrera egiten dugu. Gure helburua akordioa ondorio guztiak kontutan hartuta  sinatu dezan da. Eta ez dezala pentsa ziria sartu diotenik. 

Eta erasotzaileak eta biktimak elkar ikusi nahi ez badute, bitartekaritza abian jar al daiteke?

Bai, bitartekaritza epaiketara joatea baino hobea dela ulertzen dutelako. Beraz, elkarrizketak banatuta egiten ditugu.

Etxera iristen zarenean, bitartekari jantzita jarraitzen al duzu?

“Jostunaren etxean arropa zaharra kakoan” esamoldea ezagutzen al duzu? Nire etxean hori bera gertatzen da.  Etxera iristen naizenean deskonektatu beharra daukat.  Sarri, kasu oso korapilatsuekin lan egiten dugu, eta halakoetan norbere burua ez inplikatzea zaila izaten dela kontutan hartu behar da.

Hobetzekotan, zer gehituko zenuke?

Langile gehiago beharko genituzke, herritar guztiek, hala nahi izanez gero, bitartekaritzara jo dezaten. Zer gehiago esango dizut, bitartekaritza egiten dugun gelarako kafe-ontzia eskatu dugu. Lasai hitz egiteko, zer hobea kafe kikara bat baino.

2 Iruzkinak

Webmaster de JustiziaNet2014/11/17
Gracias a ti por tus palabras Estela. Saludos
ESTELA ROSAS2014/11/17
Gracias a esta publicación refleja el profesionalismo, la experiencia y la entrega de trabajo social para el bien vivir de la humanidad y saber lo que se realiza en alguna parte del mundo y tener esperanza, ante tantas injusticias por la corrupción, saber que hay gente comprometida con su trabajo, con mucha ética y respeto.gracias

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*