Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Gaurtik abian da aldi baterako enplegu publikoko lehen 163 lan-poltsak online kudeatzeko atari berria

2019(e)ko uztailaren 01a

Gaurtik abian da aldi baterako enplegu publikoko lehen 163 lan-poltsak online kudeatzeko atari berria

Gobernuak, gaurtik aurrera, web-atari berria jarri du abian, euskal administrazio publikoaren lan-poltsak kudeatzearekin zerikusia duten izapide guztiak kudeatzeko. Atari berria gaur egun Euskadiko Administrazio Orokorrean (EAO-Lakua), Justizia Administrazioan eta Segurtasunean (ez Ertzaintza) dauden 163 lan-poltsekin jarri da martxan, baina Gobernuaren helburua da pixkanaka jardun-eremua zabaltzea eta euskal sektore publikoko erakunde guztiek erabili ahal izatea, hala nahi badute, langileak hautatzeko eta hutsik dauden postuak betetzeko prozesuak kudeatzeko. 

Gaur egun, 57.000 pertsona daude 163 lan-poltsa horietan izena emanda:

  • Euskadiko Administrazio Orokorra (EAO-Lakua): 114 lan-poltsa, 27.515 pertsona.
  • Justizia Administrazioa: 4 lan-poltsa, 20.599 pertsona.
  • Segurtasun Saileko langileak (ez Ertzaintza): 45 lan-poltsa, 8.445 pertsona.

Web-atari berria

Web-zerbitzu berria jauzi kualitatiboa da lan-poltsen kontsultan eta kudeaketan, bai euskal administrazio publikoarentzat, bai hiru eremu horietan aldi baterako enplegu publikoa eskatzen duten 57.000 pertsonentzat. Giza baliabide eta material ugari aurrezten du, horrela, administrazioak, eta, aldi berean, zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetu egiten dira: aurrerantzean, 163 poltsa horien izen-ematea, kontsulta eta kudeaketa online egin ahalko da, urteko 365 egunez eta 24 orduz. Edozein gailutatik egin ahalko da, baldin eta Interneterako konexioa badu; izan ere, ataria erabat erabilgarri egongo da (Responsive Design) mugikorretatik eta tabletetatik.

Lan-poltsan dauden pertsonek honako hauek egin ahalko dituzte denbora errealean:

  • Beren datu pertsonaletara eta harremanetarako datuetara sartu eta horiek eguneratu.
  • Enplegu-bilaketarako lehentasunetara jo eta aldatu: lan egiteko zonak, lanaldiaren disponibilidadea, iraupena etab.
  • Deitzeko egoerara jo eta aldatu: eskuragarri edo arrazoitutako aldi baterako baja.
  • Poltsetako egoera simulatu, aurretik zenbat pertsona dauden eskuragarri jakiteko, lehentasunen eta hizkuntza-eskakizunaren arabera.
  • Poltsa bakoitzerako eginiko kontratazioen xehetasuna kontsultatu etab.

Gainera, ataria etengabe egongo da bilakatzen eta hobetzen, urtea amaitu aurretik zerbitzu gehiago eman ahal izateko, besteak veste:

  • Lan-eskaintzak jaso eta onartzea.
  • Erreklamazioak eta errekurtsoak aurkeztea.
  • Curriculum Vitaea zabaltzea.
  • Zerrenden birbaremazioetara jotzea.
  • Desgaitasunen bat egiaztatzea etab.

Konfidentzialtasuna eta segurtasuna

Lan-poltsak kudeatzeko online sistema berriak orain arte telefonoz edo posta elektronikoz kudeatzen ziren datu pertsonal guztien konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzen du. Horrela, atari berrian sartzeko, enplegu-eskatzaileak kautotu egin beharko du, IZENPE - Autentifikazioaren eta Ziurtapenaren Euskal Sozietateak herritarren esku jartzen duen ziurtagiri digitalaren sistemen bidez.

Helburua: Enplegu Publikoaren Ataria

Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak honako hau nahi du: “lan-poltsen atari berriak aurrera egitea, harik eta euskal administrazio publikoan lan egin nahi duten edo lan egiten duten pertsona guztien izapide guztiak kudeatzeko webgune bilakatu arte. Horrela, epe ertainean, aldi baterako lan-poltsez gainera, onlineko espazio horretan lan-eskaintza publikoak, zerbitzu-betekizunak eta dagoeneko lanean ari diren funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketak kudeatu ahalko ditugu, besteak beste”.

Andrés Zearretak honako hau nabarmendu du: “gaur urrats oso handia eman dugu administrazioa herritarrengana hurbiltzeko. Prozesuak eta izapideak sinplifikatuko ditugu, eskuragarriago egiteko eta, horrela, administrazioaren eta herritarren arteko harreman digitalerako bide ematen dugu”.

Baterako proiektua

Web-atari berria Eusko Jaurlaritzaren beraren baliabideen bitartez egin da. Posible izan da, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko Sailaren eta Lan eta Justiziako Sailaren eta Segurtasun Sailaren lankidetzari esker, IVAPeko langileen hautaketan aditu direnekin eta EJIE - Gobernuaren Sozietate Informatikoarekin eta IZENPE - Autentifikazioaren eta Ziurtapenaren Euskal Sozietatearekin batera lan egin baitute.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*