Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Eusko Jaurlaritzak espetxeetatik kanpo betetzen diren zigor guztien kudeaketa bere gain hartu du

2011(e)ko uztailaren 20a

Eusko Jaurlaritzak espetxeetatik kanpo betetzen diren zigor guztiak kudeatzeko ardura bere gain hartu du. Horixe da, hain zuzen ere, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eta Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako idazkari nagusia  Madrilen sinatutako bi lankidetza-hitzarmenen ondorio nagusia. Hitzarmenok, halaber, hainbat jarduera zehatz abiaraztea ere jasotzen dute, espetxeratutako pertsonak gizartean eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak lortzeko asmoz.

Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak sinatutako lehenengo hitzarmenaren bidez, komunitatearen onerako lan-zigorrak betearazteko lankidetza ezartzen da, baita zigor askatasun-gabetzaileak ordezkatzeko eta bertan behera uzteko ere.

Hemendik aurrera, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren barneko Justizia Zuzendaritzaren mende dauden Justiziarekiko Lankidetzarako Zerbitzuek, Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegiek emandako hainbat ebazpen jasoko dituzte betearazteko; hain zuzen ere, komunitatearen onerako lan-zigor zigorra ezartzen duten ebazpenak, baita zigor askatasun-gabetzailea bertan behera uzten edota ordezkatzen dutenak ere. Hainbat egiteko izango dituzte; hala nola, zigortuei dei egitea, elkarrizketak, exekuzio-planak, eta esku hartzeko zein jarraipena egiteko plan indibidualak. Halaber, komunitatearen onerako lan bat betetzeko baliabideak edota plazak ere bilatuko dituzte, eta zigortuak horietara deribatu eta batzuen zein besteen jarraipena egingo dute.

Hitzarmena sinatu ondoren, Justizia Sailburuordetzaren zerbitzuek modu ordenatuan eta araudiak babestuta ekingo diote lanari. Hitzarmenak ez du esan nahi eskumenen titularitatea edo bere ariketaren funtsezko elementuak lagatzea; eskumenok Barne Ministerioaren Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiarenak dira. Ez du esan nahi, halaber, Eusko Jaurlaritzak uko egiten dienik Gernikako Estatutuak espetxe arloan jasotzen dituen eskumenei.

"Aurreko gobernuek guztia nahi zuten; bestela, ezer ez. Guk, ordea, EAEko espetxeetako osasun-laguntza Osakidetzari transferitu diogu berriki. Eta orain espetxeetatik kanpo betetzen diren zigor guztiak kudeatzeko ardura hartu dugu geure gain. Euskal Autonomia Erkidegoak ez dio uko egiten espetxeak guztiz transferitzeari, baina hitzarmen hau sinatzea oso urrats garrantzitsua da EAEko espetxeetan zigorren kudeaketa hobetzeko", adierazi du Idoia Mendia sailburuak.

Espetxe Erakundeekin sinatutako beste lankidetza-hitzarmenaren helburua hainbat jarduera zehatz abiaraztea da, EAEko espetxeetan zigorra betetzen ari diren presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak lortzeko asmoz. Hitzarmen hori sinatu ondoren, Espetxe Erakundeek gizarteratzeko programotan parte hartzeko izangaiak aukeratzeko konpromisoa hartu dute, baita Justizia Sailarekin batera kontrolatzekoa, gainbegiratzekoa eta ebaluatzekoa ere.

Sinatutako testuan jasota dagoenaren arabera, askatasuna kendutako pertsonen kolektibo zaurgarri eta ahularekin esku hartzeko prozesuak honako eredu honi jarraituko dio:

Diagnostikoa.

  • Harrerako elkarrizketa
  • Diagnosi-elkarrizketa

Gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatua (laguntzea), honakoak barne:

  • Enplegurako orientabidea
  • Lanbide heziketa lan-gaikuntzarik gabeko pertsonentzat, edo gaikuntza izanik, enplegagarritasun-profil baxua dutenentzat.
  • Pertsona enplegagarriei laneratzean laguntzea.

Jardueraren ardatza gizartean eta lan-munduan txertatzeko irizpideak izango dira. Horien artean nabarmentzekoa da, besteak beste, enplegua, familia barruan txertatzeko, loturak berreskuratzeko eta indartzeko; nabarmentzekoa da, era berean, espazio eta gizarte integratzaileak sustatzea, bereziki generoko ikuspegiari, etorkinen inklusioari eta drogen ohitura kentzeko prozesuei arreta berezia eskainita.

Justizia eta Herri Administrazio Sailak aipatutako jarduera horiek finantzatzeko konpromisoa bere gain hartu du (985.000 euroko aurrekontu-partida eduki du 2011n), bai eta pertsona horien baldintzak hobetzeko era guztietako eskuhartzeak bultzatzeko ere, gizarteratu ostean. Horretarako, espetxetik kanpoko plazetarako aurrekontua jarriko du, plaza horiek inklusio-bideak txertatzeko beharrezkoak diren aldetik.

Aipatutako baliabideak, besteak beste, honakoak izan daitezke: programatutako irtenaldiak eta auzolandegiak, bizitegi eta ostatu baliabideak, ohitura kentzeko baliabideak droga-mendetasuna duten pertsonentzat, prestakuntza eta gaikuntza zentroak, eta enplegurako orientabide eta laguntza zentroak.

Justizia eta Herri Administrazio Sailak plazen kopurua eta ezaugarriak erabakiko ditu, bai eta horien beharra eta lehentasuna ere; horretarako, lehendabizi, Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxeen Zuzendaritzari kontsulta egingo dio, eta kontuan izango ditu beharrizanak, Sailak ekitaldi bakoitzean duen aurrekontu-gaitasuna eta aurrekoaren ebaluazioa. Hasierako estimazioa 300 plazakoa da, gutxi gorabehera; plaza bakoitzetik preso bat baino gehiago igaro daiteke.

Konstituzioak eta Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorrak xedatzen dutenez, zigorren eta askatasuna kentzeko neurrien lehentasunezko xedea horiek jasotzen dituzten pertsonak gizarteratzea eta berriz heztea da.

Konstituzio eta lege-agindu horrek zigortutako pertsonak gizartetik guztiz ez isolatzea exijitzen du, eta herritarren berezko eskubideak (epaiak mugatutakoak izan ezik) aitortzea eta gizarte-komunitateko parte aktibo izaten jarraitzea. Hori da, hain zuzen ere, preso dauden pertsonak beren ingurunean gizartean eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak ezartzeak duen funtsezko oinarria.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*