2020(e)ko azaroaren 17a
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaekin batera.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakitera eman duenez, Gobernu Kontseiluak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzeko lege-proiektua onartu du. Sailburuak azaldu duenez, legearen aldaketa honen bidez, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politikak indartu nahi dira, eta, aldi berean, politika horiek testuinguru arauemaile eta sozial berriaren ondoriozko behar berrietara egokitu. "Proposamenean nazioarteko araudiaren aurrerapenak, gizarte-kontzientzia, gaiari buruzko ikaskuntzak, lanaren ebaluazioak eta etengabeko egokitzapenak eta politika publikoen koordinazioa, talde feministen aldarrikapenak eta biziraun duten emakumeen eskaerak integratzen saiatu gara. Eta Legearen alderdirik azpimarragarrienetako bat mantentzen eta indartzen saiatu gara: emakumeen aurkako indarkeria genero-desberdintasunaren adierazpen goren gisa kokatzea, eta berdintasunean aurrera egitea indarkeria desagerrarazteko ", adierazi du.
Era berean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu du, dagoeneko eraikita dagoena oinarri hartuta, proposamen honek eraldatzailea eta sentikorra izan behar duela eskari, erronka eta behar berrien aurrean, eta sentsibilitate guztiak integratu behar dituela; horrela, babes politiko, tekniko eta herritar zabala bermatuko da, arrakasta izateko gakoetako bat izango dena. "Azken finean, legearen aldaketa honekin berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politika eta itun bat ahalbidetu nahi da", gaineratu du.