Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Euskaraldiaren ikerketarako hirugarren galde-sorta betetzeko epea zabaldu da

2019(e)ko martxoaren 06a

Euskaraldiaren ikerketarako hirugarren galde-sorta betetzeko epea zabaldu da

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra 225.154 pertsonak parte hartu zuten Euskaraldian, euskararen inguruko ariketa sozial kolektibo erraldoian. Ekimen berritzailea izanagatik eta lortutako parte hartze altuagatik, Ahobizi edo Belarriprest izan direnek nola bizitu duten eta hizkuntzaren erabileran eta ohituretan zein eragin izan duen ezagutzea funtsezkoa izango da Euskaraldiaren hurrengo edizioei eta euskararen sustapenerako beste ekimenei begira.

Soziolinguistika Klusterra ikerketa sakona aurrera eramaten ari da gaiaren inguruan; teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz. Ikerketa kuantitatiboari dagokionez, partaideek erantzundako galde-sortetan oinarrituko dira emaitzak. Euskaraldia hasi aurretik bete zuten lehen galde-sorta; bukatu eta berehala bete zuten bigarrena; orain, hiru hilabete pasa direlarik, hirugarren galde-sorta betetzeko unea da. Aurreko bi galde-sortei erantzun dieten pertsonak daude hirugarrena betetzera gonbidatuta.

Galde-sortak internet bidez beteko dira. Parte hartzaileek emailez jasoko dituzte edo bestela, Euskaraldiaren web atariaren bidez egin daiteke. 

Ikerketa kualitatiboari dagokionez, lagina osatu da ezaugarri desberdinetako herriak eta denetariko profilak dituzten herritarrekin. Horiek Euskaraldiaren antolaketa eta parte hartzean zehar izan dituzten bizipenak azalduko dituzte ikuspegi pertsonal eta subjektibotik. Guztiak kontuan hartu eta aztertuta aterako dira ondorioak.

Ikerketaren emaitza-txostenak irailaren hasieran argitaratuko dira. Arduradunek, gainera, aurreratu dute hainbat gune eskainiko dituztela interesa duen orok, euskararen aldeko herritar zein eragileek eta beste hizkuntza gutxituetako ordezkariek Euskaraldiaren emaitzak elkarrekin eztabaidatu eta dagozkien ikasgaiak partekatzeko. Hitzordu hauen berri hurrengo hilabeteetan emango dute Eusko Jaurlaritza, Topagunea eta Soziolinguistika Klusterrak.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*