Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Eskubideak pausoz pauso VII: haurren eskubideak

2020(e)ko otsailaren 21a

1989ko azaroaren 20an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmenaren testua onartu zuen. Hitzarmenean mundu osoko neska-mutilen eskubideen zerrenda jasota dago eta garapenaren etapa ezberdinetan ongizatea bermatzeko oinarrizko arauak ezarrita daude. Egun, munduan berrespen maila altuena lortu duen Eskubideen Nazioarteko Hitzarmena da.

Haur txiki bi aulki batean eserita

Hitzarmenak aurretik haurrei buruz zegoen ikuspegia erabat aldatu zuen: umeak jada ez dira babestu beharreko gizakiak, baizik eta gizaki bezala, euren eskubideak eta betebeharrak dituzte.

Erakunde publikoek haurren eskubideak zaindu behar dituzte

2005eko otsailaren 18an, Umeen Eskubideei Buruzko Hitzarmenean ezarritakoaren haritik, Eusko Legebiltzarrak Umeen eta Nerabeen Arretarako eta Babeserako Legea onartu zuen. Gaur egun Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako bulegoa da Euskal Herriko adingabeen eskubideak zaintzeaz eta euren ikusgaitasuna bermatzeaz arduratzen den erakundea, eta horri atxikita  dago Haur eta Nerabeen Kontseilua, nerabez osatutako kontsultatzeko eta aholku emateko organoa. 
 

Elena Ayarza eta Etxahun Agirre, Kontseiluaren arduradun eta partaidea, hurrenez hurren

Nerabez osatutako kontsulta organoa
 

Elena Ayarza Arartekoaren Haur eta Nerabeen Bulegoaren arduraduna da, eta Etxahun Agirre Kontseiluko kidea da. Kontseiluaren nondik-norakoak ezagutzeko eta Euskal Herriko haur eta gazteen egoeraren eta eskubideen inguruan hausnarketa egiteko elkartu gara biekin.

Kontseiluan parte hartzen duten gazteen eginkizun nagusia Arartekoari aholku ematea da, batik bat adingabeei modu zuzenagoan eragin diezaieketen gaietan edo ekimenetan. Arartekoa eskubideen gauzatzea zaintzen duen Euskal Herriko bulegoa da, eta gazteei zuzendutako atal berezia dauka, Elena Ayarzaren ardurapean dagoena. Bere hitzetan, “Kontseilu hori sortuz, adingabeen partaidetza-bide bat sortu zen,  egonkorra eta Arartekoaren Haur eta Nerabeen Bulegoaren osagarri da”, eta bulegoari freskotasuna ematen dion ekimen egokia dela deritzo: “Kontseiluaren bidez, gutxienez nerabe-talde batek bere ikuspegia transmititu eta iritzia eta proposamenak helarazten dizkigu”.
 

Gutxienez, gaur egun Kontseilua 27 kidez osatuta dagoelako. Etxahun Agirre iaz hasi zen batzarretan parte hartzen, Mungiakoa da eta 14 urte ditu, eta Kontseiluan parte hartzen oso gustura dagoela baieztatu digu, batetik gazteen iritzia jasotzea garrantzitsua dela uste duelako, eta bestetik, kontseiluko kideek duten lanerako jarrerarekin oso gustura dagoelako: “Gutako bakoitzak bere ideia propioak eta esperientziak ditu, eta horrek taldea aberasten du, jendea oso jatorra da eta mundu guztia dago lanerako gogoz, eta hori eskertzekoa da, ez da beste leku batzuetan bezala, non badagoen paso egiten duen jendea. Mundu guztia konprometituta dago, eta hori oso pozgarria da”.
 

Kontseilua osatzen duten kideak EAEko hiru lurralde historikoetako ikastetxeekin adostutako akordioen bitartez daude taldean, jarrera partehartzailea izateaz gain, “heldutasun maila jakin bat duen ikasle bat” behar dela gaineratu du Elena Ayarzak: “Ikasturtean hirutan batzartzen dira eta hiru hiriburuetan txandaka egiten ditugu batzarrak, larunbatetan eta egun osoz”. Horrez gain zenbaitetan etxerako lanak ere ematen omen dituzte, ohikoena ez den arren. Konpromisoa eta gogoa ezinbestekoa da, beraz.
 

Iritzi eta ikuspegi ezberdinak Kontseiluaren aportazioa aberasten du

Etxahunen Agirreren ustez, Kontseiluko gazteen lana oso garrantzitsua da: “Imajinatu arau berri bat ezarri nahi dutela eta horren arabera herri bakoitzean liburutegi bat jartzeko asmoa dagoela,  bada, agian gutakoren batek esan dezake, ‘ez zait iruditzen liburutegi gehiago behar denik, badaude nahikoa eta gainera gaur egun inor ez doa liburuak hartzera liburutegietara, gehienok mobila erabiltzen dugu’ , eta beste batek, aldiz, beharrezkoak direla uste du… Bada, iritzi ezberdin horien bitartez  nerabeen iritziari buruzko ideia orokor bat atera daiteke, eta hori garrantzitsua da”.
 

Gazteen bulegoko arduradun Elena Ayarzak, berriz, gazteen iritzia jakitea garrantzitsua bada ere, askotan nabarmenena bakoitzaren aportazioa eta ikuspegia direla uste du: “Errealitateari eta gertaerei buruz duten ikuspegia eta helduok duguna ezberdinak dira; adibidez, Eusko Jaurlaritzaren gizentasunaren aurkako kanpaina nerabe taldearekin aztertu genuenean, Teknikoek gaiari honela heldu zioten, hitzez hitz: ‘Lehen etxean sukaldatzen zen, lehengo elikatzeko era hobea zen oraingoa baino ’. Eta zer gertatu zen? Bada, gazteek ez zuten errealitate hori ezagutzen, eta ‘Nire bizitza hau da, nire etxean modu honetan jaten dugu, ez dut besterik ezagutzen, ez dakit zertaz ari zaren’ esan ziguten. Batzarrean ikusitakoaren ondoren Teknikari taldeak hasierako planteamendua beste modu batekoa izan behar zela ikusi zuen, azalpen-hitzaldi batekin hasi beharrean, jarrera parte-hartzailea bultzatu behar zela, eta gaiari galderen bitartez heldu behar zitzaiola ikusi zuten: ‘Zer jaten duzue etxean? Jateko modu horrek, beharrezko bitamina eta osagarriak ematen dizkizu? Nola hobetu dezakezu zure elikadura?’. Planteamendu aldaketa oso garrantzitsua izan zen gazteengana gerturatzeko, eta hori da Elena Ayarzak azpimarratu nahi duena. Nolabait esateko, iritziak kontsultatzeko taldea izateaz gain, programak edo proiektuak probatzeko baliagarria da, eta horren adierazgarri da 2018. urtean Eusko Jaurlaritzak garatu zuen Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia.
 

Kontseiluko kideek egindako bideo baten irudia

Zein da Euskadiko haur eta gazteen egoera
 

1989an Haurren Eskubideen Hitzarmena onartu zenetik, Euskal Herrian haurren eskubideen arloan aurrerapen garrantzitsuak egin dira, Euskal Herriko Haur eta nerabeen errealitatea zenbakitan txostenean emandako datuen arabera (Eusko Jaurlaritza, 2019). Azken urteotako jarrera eta datuei erreparatuz, aurrerapenak egin dira osasun arloan, hezkuntza eskubidearen arloan (2 urtetik aurrerako haurren ia %100 eskolaratuta dago) eta familia arloan (seme-alabekin aktiboki hitz egiten duten gurasoen batez bestekoa %85ekoa da, hamarkada bat lehenago %57 zelarik eta haurrekin egunero jolasten duen gurasoen batez bestekoa %64koa da, hamarkada bat lehenago 12 puntu gutxiago zelarik. Horrez gain, gurasoek haurrekin egoteko duten denbora handitu da, -egunean 4,2 ordu egoten dira –nahiz eta kasu guzti hauetan emakume eta gizonen arteko aldea dagoen oraindik ere).
 

Datu horiek onak badira ere, oraindik hobetzeko dauden beste hainbat arlo daude, garrantzitsuenak pobrezia eta gizarte bazterkeriarekin lotutakoak. Adibidez, gizarte bazterketa arriskuan dauden 16 urtetik beherako gazteen kopurua % 14,7koa da. Batez besteko hau Espainiako eta Europako datuen oso azpitik badago ere, 48.000 dira bazterketa arriskuan dauden gazteak. Horri lotuta, azken urteotan antzeman diren gizentasun arazoen gorakada ere, familien maila sozioekonomikoarekin zuzenean lotuta daude. Azkenik, tratu txarrei eta genero indarkeriari dagozkien datuak ere kezkagarriak dira. 
 

Gure aldetik, Etxahun Agirre eta Elena Ayarzari galdetu diegu zein den euren ikuspegia edo zer den une honetan kezkagarriena beraientzat. Bakoitzak, bere errealitatearen arabera, ikuspegi ezberdina dauka, baina biek ala biek Euskal Herriko Haur eta nerabeen errealitatea zenbakitan txostenean adierazten diren alor kezkagarrienekin erlazionatutako arazoak aipatu dituzte. Etxahunek adibidez, bere eguneroko jardunean ohikoak eta garrantzia bizikoak diren teknologia berrien erabileraren inguruko kezka azaldu du: teknologia berrien bitartez informazio asko iristen zaiela, eta informazio horren egiazkotasuna eta jatorria zein den jakitea oso garrantzitsua dela azpimarratu du. Ez da harritzekoa gai horren inguruko kezka azaltzea, txostenean jasotako datuen arabera EAEko gazte bakoitzak egunean batez beste sarean eta aparailu teknologien pantailei begira 3,5 ordu pasatzen dituela kontutan hartzen badugu.
 

Haurra, tableta eskuan

Horrez gain, tratu txarrekiko kezka handia duela adierazi digu, gertutik bizi izan duelako lagun bati gertatutakoa, eta arlo horren inguruan ikastetxeetan beste modu batera landu beharko litzatekeela  uste du: “Horrelako kasuak daudenean, gertatzen dena zera da, norberak lagun bezala ez dakiela zer egin horren aurka, nik uste dut desinformazio handia dagoela, hobeto informatu beharko zela horrelako gai bati buruz. Baina ez bakarrik jendea klaseetara joatea hitzaldiak ematera, zeren eta hitzaldi batean klasearen erdia ez da ezertaz enteratzen beste gauza batzuetan daukalako burua. Jarduerak edo ekintza parte hartzaileak antolatu beharko liratezke, jendeak arazoa benetan barneratu dezan”. 
 

Elena Ayazak, berriz, haur eta nerabeekin lotutako beste hainbat arazoren artean, kezkagarriena pobreziarekin lotuta dagoela uste du: “Ni pertsonalki Euskadiko pobreziak kezkatzen nau, eta noski, horren barruan haurren pobrezia dago. Krisi ekonomikoa pasatu den arren, arazoak hor dirau. Ez naiz gosea pasatzen ari diren haurrez ari, baizik eta aukera berdintasuna ez duten horietaz. Zergatik? Guraso pobreen seme-alabak, egoera hori zerbaitek eteten ez badu behintzat, helduaroan pobreak izango direlako. Alegia, pobrezia belaunaldiz belaunaldi igarotzen da, besteak beste hezkuntza osagarria jasotzeko dirua behar delako, eta hezkuntza osagarririk ezean, haur horiek ez daude gainerako haurren maila berean. Ekimen ezberdinetan parte hartzen ez duen haur batek ezin badu musika edo instrumentu bat ikasi, edo antzerkira joan ezin badu, ez badu txangorik egiten edo bidaiatzen, berdin zait Zarautzera edo Iruñeara bada…ez da ‘elikatzen’, ez du era horretara aberasteko aukerarik eta munduarekiko begirada egokitzeko aukera gutxiago du. Horren ondorioz, ikerketek horrela adierazten dute, ohi denez nagusitzean lanpostu prekarioekin lotutako ikasketak egingo ditu. Ondorioz, bere lana ezegonkorragoa izango da eta soldata txikiagoa irabaziko du, eta diru gutxiago irabazten duten guraso horien seme alabek ere goi mailako ikasketak egiteko arazo gehiago izango dituzte, eta era berean, lanpostu prekarioak izango dituzte. Eta oinordekotza madarikatu baten gisan, etengabe horren bueltan ibiliko dira. Nola apurtu daiteke joera hori? Aldagaietako bat hezkuntza da. Hezkuntzak bere gain hartu behar ditu kostu horiek, hezkuntza osagarriarenak. Euskadin badauzkagu egoera horretan dauden haurrak, sarri askotan hainbat ezaugarri dituztenak: asko atzerritarrak dira, beste batzuk guraso bakarreko familia dute, eta kasu batzuetan ezaugarri guztiak biltzen dira: emakume atzerritar guraso bakar eta langabetuaren edo lan prekarioa duenaren seme-alabak dira. Hortaz, ezin dugu beste alde batera begiratu, gaur egungo mendebaldeko gizarteetan pobrezia aukera ezintasunarekin lotuta dagoelako, eta hori, nola ez, haurrek beren potentzialtasun osoa garatzeko duten eskubidearen aurka doa.

Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak Gizarte Politiken Behatokiarekin batera, haurren eta nerabeen inguruko hainbat ikerketa sustatu ditu azken urteotan, kolektiboaren errealitatearen gaineko ezagutza zabaltzeko eta kolektibora askotariko ikuspegietatik hurbiltzeko xedez, eta bideo bat ere argitaratu du, egoeraren laburpenarekin.

  • Zeuk esan: Haurrei eta nerabeei laguntzeko telefonoa: 116111

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*