Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Eskubideak pausoz pauso IX: Osasunerako eskubidea

2020(e)ko apirilaren 27a

Gaur, inoiz baino gehiago, Osasun eskubidea herritar guztion ahotan dabilen gaia da, eta Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz Espainiako estatuak ezarritako alarma-egoera dela eta, milioka pertsona euren etxeetan itxita daude, kutsaketa eta horrek eragin dezakeen osasun-sistemaren blokeoa ekiditeko.

Eusteko metodo hori, hala ere, modu ezberdinetan baloratu dute herrialde ezberdinek, eta horren ondorioz, bakoitzak ezarritako neurriak nabarmen ezberdinak dira: Txinak herritarak gutziz isolatzea erabaki zuen bitartean, beste herrialde batzuetan, Erresuma Batuan adibidez, itxialdirako baldintzak nasaiagoak dira, eta badaude derrigorrezko neurriak ezarri ordez herritarrei gomendioak eman besterik egin ez duten herrialdeak, esate baterako, Suezia. 
 

Ospitalea Suedian

Osasun eskubidea, zalantzarik gabe, pertsona guztien oinarrizko eskubideetako bat da, eskubide hori gabe oso zaila edo ezinezkoa izango litzatekeelako beste eskubide konplexuago batzuk eskuratzea. Horregatik,  Nazioarteko Eskubideen aitorpenetan jasota egoteaz gain, Magna Carta ezberdinetan jasota datoreta horietatik eratorritako nazio-mailako araudietan eta lurralde edo erkidegoetako legeetan jasota dago, esate baterako, Euskadin.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean osasun eskubidea 25. artikuluan jasota dago:
“Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, medikusorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere.

Bestalde, 1966. urteko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalean Nazioarteko Hitzarmenaren 12. artikuluan horrela jasota dator: “Hitzarmenean parte hartzen duten Estatuek pertsona guztiek ongizate fisiko eta psikiko maila gorena gozatzeko duten eskubidea aitortzen dute”. Nazioartean jarraituz, Munduko Osasun Erakundearen Konstituzioan adierazita dator “ pertsona guztien funtsezko eskubidea da ahalik eta osasun maila gorena lortzea, arraza, erlijio, ideología edo egoera ekonomiko edo sozial arloko  bereizkeriarik gabe”, eta Gobernuek eskubide horien egikaritzan duten ardura azpimarratzen du “ Gobernuak herritarren osasun-ongizatearen arduradunak dira, eta ongizate hori osasun arloko neurriak eta neurri sozialak ezarriz bakarrik erdietsiko da”.

Beranduago, 1978ko Espainiako Konstituzioan osasuna oinarrizko eskubide gisa garatu zen eta horri lotuta, Osasunari buruzko Lege Orokorra garatu zen.   
 

HOng Kong-eko auzo pobrea

Zein irizpideren arabera neurtzen da osasuna nazioarte mailan?

Batetik, munduko populazioaren egoera neurtzeko nazioarteko erakundeek erabiltzen dituzten indize ezberdinen artean, giza garapenaren indizea dago (GGI). Giza garapenaren indizea Nazio Batuen Garapenerako Programak (NBGP) sortu zuen eta herrialde bakoitzeko biztanleriaren garapen maila neurtzen du. Giza garapenerako funtsezkoak diren dimentsioetan egindako lorpenak sintetizatzen dituen adierazlea da, hala nola: bizitza luzea eta osasuntsua izatea, jakintza eskuratzea eta bizi-maila duina izatea.

Osasuna jaiotzerakoan dagoen bizi-itxaropenaren arabera neurtzen da, hezkuntza eskola garaian dauden haurren eskolaratze mailaren eta 25 urtetik goragokoen eskolaratze kopuruaren batez bestekoaren arabera neurtzen da. Bizi maila, berriz, Nazio Diru-irabazi Gordinaren (NDG) per capita datuaren arabera neurtzen da.

Indizeek batez bestekoa adierazten dute, ez errealitate xehatua
 

Hala ere, kontutan eduki behar da arestian aipatutako indikadoreek herrialde bakoitzaren batez bestekoa neurtzen dutela, eta horrek esan nahi du herritar guztiek ez dituztela zertan ezaugarri horiek bete behar, alegia, errealitatea anitza izan daiteke. Adibidez, bizi-itxaropena luzea izan arren, norbanako bakoitzak duen egoera ekonomikoak eta kalitatezko osasun sistema bat erabiltzeko duen aukerak, besteak beste, bere bizi-itxaropena baldintzatuko dute. 
 

Zentzu horretan Osasunaren Munduko Erakundeak dio pertsona guztien osasuna zaintzeko, herrialdeek asistentzia sanitario unibertsala ezarri behar dutela, horrek bermatuko baitu diru arazorik izan gabe osasun zerbitzuak erabili ahal izatea. Herrialde edo komunitate batek osasun-sistema unibertsala lortzeko hainbat baldintza bete behar dira, hala nola: osasun-sistema sendoa izatea, osasun-zerbitzuak finantzatzeko sistema bat edukitzea, oinarrizko sendagai eta teknologiak edukitzea eta ongi trebatutako osasun-langileak edukitzea. 

Edadetu bikotea bizkarra ematen itsasora begira

Euskadiko egoera, gaur egun
 

EUSTAT Estatistikako Euskal Erakundeak 2019ko abenduan argitaratutako datuen arabera, Nazio Batuen Garapenerako Programak erabiltzen duen metodología erabiliz, Euskadi 2018an baino bi leku gorago dago herrialdeak sailkatzeko erabiltzen den GGI zerrendan. Zehazki, munduko 189 herrialdeek osatutako zerrendan 11.eta 12. postuen erdian egongo litzateke, 0.92ko indizearekin. Datu horren arabera, Euskadiko gizartea munduko garatuenetako bat litzateke, eta aurretik egongo liratezke Norbegia, Suiza, Irlanda, Alemania, Hong Kong, Australia, Islandia, Suezia, Singapur, Herbehereak eta Danimarka. NBGPren txostenean Espainia 25. lekuan dago (GGI 0.893). Zerrendan azkena Niger da (GGI 0.377).

Euskal Osasun Sistema

Asistentzia sanitario unibertsala lortzeko helburuarekin, 1983. urtean Osakidetza sortu zen EAEn:  sistema publiko unibertsala, biztanleria osoari zuzendua dagoena eta herritar guztiak artatzen dituena. Osakidetzaren helburua norbanako guztiei kalitatezko osasun-zerbitzua eskaintzea da.
Eustat-ek 2019. urtean argitaratutako txostenaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoan 2016. urtean osasun-arloan pertsonako 2.879 euro gastatu ziren, 2006an baino 864 euro gehiago. Diru-kopuru hori horrela banatuta dago, gastu handienetik txikienera: sendatzeko osasun-laguntza, osasun-produktuak, egonaldi luzeko osasun-laguntza, osasun-zerbitzu osagarriak, birgaitzeko osasun laguntza, osasun-sistemaren eta finantzaketaren administrazioa eta prebentzio zerbitzuak.
Gaur egungo osasun arloko krisia eta etorkizunerako erronkak

Arartekoaren Haurren eta Nerabeen Bulegoko arduradun Elena Ayarzak JustiziaEus-en otsailean argitaratutako erreportajean adierazten zuenaren harira, “Mendebaldeko gizarteetan pobrezia eta aukera berdintasun eza eskutik datoz”. Horrek zera esan nahi du, eskubideen babeserako erakundeen ustez,  arazo nagusia gizartearen zati handi batek gaur egun baliabide mota ezberdinak eskuratzeko duen zailtasuna dela. Herritarren arteko ezberdintasuna gehienetan aukera berdintasun ezaren ondorioa da, eta horrek kaltetutako herritarren osasunean eta bizi kalitatean eragiten du. 

Hori dela eta, kalitatezko osasun-sistema unibertsal bat garatzea eta zaintzea lorpen handia izan arren, sistema horren erabiltzaileen ezaugarri sozio-kulturalek euren osasunaren garapena baldintzatuko du, eta ondorioz, etorkizunera begira osasun sistema horrek izango dituen erronkak baldintzatuko ditu, bai iraupen-luzeko gaisotasunei dagokienez zein gaur egun bizi dugun eta etorkizunean bizi ditzakegun osasun arloko krisiei dagokienez. Izan ere, krisi honetan ere, norbanakoen ezaugarri ekonomiko, sozial eta lanekoak kontutan hartuta, gizartearen zati bat askoz kalteberagoa da.


 

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*