Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Eskubideak pausoz pauso IV: sexu askatasuna

2019(e)ko otsailaren 26a

Sexu askatasuna norbanakook dugun hautu sexualerako askatasuna da, hau da, sexualitatearen eremuan norberak autodeterminatzeko duen eskubidea, muga bakarra, bestearen askatasunari zor zaion errespetua izanik.

Beste era batera esanda, norbere gorputza nahieran  erabili eta jokabide sexuala aukeratzeko eskubidea da, nahi beste proposamen egin eta onartzeko eta nahi ez ditugunak ukatzekoa.

Iņigo Lamarka, abokatu eta legelaria

Iñigo Lamarka abokatua eta legelaria da, eta hamar urtez Euskadiko herriaren defendatzaile izan zen 2004tik 2014 urtera arte. Ararteko izan aurretik, Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteko presidentea izan zen, eta besteak beste, arlo horretan eskubideen alde egindako lanagatik da ezagun. 

Askatasun eta berdintasun eskubideak abiapuntu 

Iñigo Lamarkaren ustez sexu-askatasuna askatasun eta berdintasun eskubideetan oinarritzen da, “Askatasuna eta berdintasuna, horiek biak eskubide funtsezkoak eta oso garrantzitsuak  dira, Konstituzioko inportanteenetarikoak nire ustez; bi horiei duintasuna erantsiko nieke” eta, horietan oinarrituta dago sexualitate arloan norbanakoek nahi dutena askatasunez aukeratzeko eskubidea. “Orientazio homosexuala daukaten edo daukagun pertsonok eskatu duguna da funtsezko eskubide horiek erabili ahal izatea, zehazki, sexu-afektibitatearen eremuan”.
 

Zer da sexu-afektibitatea?

Sexu-afektibitate terminoak ikuspegi publikoa eta norberaren sexualitatea, gauza biak uztartzen dituen kontzeptu bat da, sexuaren izaera pribatua eta publikoa erlazionatzen dituena. Sexu-askatasunari buruz hitz egin baino, sexu-afektibitate termino erabiltzea hobesten du Lamarkak, eta kontzeptuari buruzko adibide praktikoa eman digu: “Niri gertatu izan zait, zenbait pertsonarekin, homosexuala naizela esan eta haiek niri erantzutea, ‘bueno, hori nabarmentzen ez den bitartean, egin ezazu nahi duzuna, ez dago arazorik, baina ez ezazu erreibindikatu homosexuala zarela’. Kasu horietan nire erantzuna garbia da, nik ez dut homosexuala naizela errebindikatzen, heterosexualek euren heterosexualtasuna errebindikatzen ez duten bezala. Nik errebindikatzen dudana askatasuna eta berdintasuna dira. Askatasuna zertarako? Norberak, bere sexu orientazioaren arabera, nahi duena izan dadin. Baina nahi duena ez bakarrik bere intimitatean, baizik eta gizarte mailan sexu horrek afektibitatearekin bat egiten duenean, harreman afektiboak sortzen direnean, sexu afektibitate hori azaleratzeko eskubidea aldarrikatzen dut”.
 

Gizonezko bikotea zuhaitz azpian maitekiro besarkatuta

Espainiar Konstituzioak onartu arte homosexualitatea zigortuta zegoen

Lege arloari dagokionez, 1978an Espainiako Konstituzioa onartu arte heterosexualak ez ziren pertsonei zigorrak ezartzen zitzaizkien; garai hartan Iñigo Lamarka nerabea zen arren, ongi ezagutzen ditu garai hartako gorabeherak: “Garai hartan Ley de vagos y maleantes eta Ley de peligrosidad social zeuden, lege horien arabera, portaera batzuk arriskutsuak ziren, edo hobeto esanda –argitzen du- gizartearentzat arriskutsuak zirela kontsideratzen zen”. Portaera horietako bat,adibidez, homosexuala izatea zen. “Ez zen ezin zutela bakarrik euren izaera azaleratu, portaera bat etxe barruan gertatzen bazen ere,  zigortu egin zitekeen”.

Egoera horren adibide bezala, 2003an EEBBtako Texas estatuan gertatutako kasu bat azaldu du: “Duela ez askora arte Texas estatuko legeak zigortu egiten zituen harreman homosexualak, eta auzi horietako bat EEBBtako Auzitegi Gorenera iritsi zen: bizilagun batek salatu egin zituen etxe partikular batean zeuden gizonezko bi, elkarrekin  larrutan ari zirelako. Polizia etxean sartu zen, eta ohean zeuden gizon biak atxilotu zituen. Beraien etxe partikularrean legearen kontrako sexu harreman edukitzea leporatu zieten. Bikoteak zigorra errekurritu zuen, auzia Estatu Batuetako Auzitegi Gorenera iritsi zen eta hark epaia eman zuen. Bi erabaki hartu zituen: bata zigorra kentzea, eta bestea Texaseko lege hori, EEBBtako Konstituzioaren aurkakoa zela esatea: askatasun eskubidearen  eta intimitate eskubidearen aurkakoa zelako.

Eskubideak legez onartuta egon arren gizartea aurka egon daiteke

Giza eskubideak bermatzeari dagokienez,  hiru elementu garrantzitsu daude: lehena, eskubide bat aintzat hartua izan behar da, bai Konstituzioan edo Lege baten bitartez. Urrats hori ezinbestekoa da,  jasota egon ezean eskubide hori ez delako existitzen. Bigarrena, bermea da: Lege bat Konstituzioan edo Legean jasota egon daiteke baina horrek garantia bat behar du. Zertarako? Behar bezala erabili ahal izateko. Hau da, norbaitek eskubide hori urratu egin zaiola sentitzen badu, kalte hori erreparatua izan dadin bermea egon behar da, eta  horretarako garantia mekanismoak beharrezkoak dira. Zeintzuk dira mekanismo horiek? Nagusiki, epaileak eta epaitegiak.

Hirugarren urratsa gizarte-balioak dira: “horiek oso inportanteak dira, zeren eta eskubideekin lotutako balioak behar bezala barneratuta baditu gizarteak, askoz ere errazagoa izango da eskubide horiek erabili ahal izatea” -dio Lamarkak-. Aldiz, gizarte-balioetan aurkako jarrerak badaude, diskriminazioa justifikatzen duten jarrerak badaude, askoz ere zailagoa izango da eskubide hori erabiltzea. Kasu horretan gertatuko dena –eta maiz gertatzen da- jendeak ezkutatu egiten du bere izaera, gizarte mailan arazorik ez izateko”.
 

Ostadarren koloreko ilea duen haurra

Askok beren izaera sexuala ezkutuan gordetzen du

“Hori oso nabarmena da pertsona homosexualen kasuan, zeren eta beltz batek ezin du ezkutatu beltza dela, edo emakumeak ezin du ezkutatu emakumea dela, baina homosexuala den batek ezkutatu egin dezake homosexuala dela” dio Iñigo Lamarkak, kezkatuta. Hori da, hain zuzen ere, hamarkada askotan zehar gertatu dena; homosexual ia guztiek ezkutatu egin dute euren izaera, arazorik ez izateko. Legeak eta baita gizarte arauek eta balioek ere zigortzen zaituztelako ezkutatzea bereziki gogorra da.
 

Erasoak eta homofobia

Gaur egun sexu bereko bikoteek besteek adina eskubide dituzte, izan ere, 2005eko uztailaren 1eko Legeak Kode Zibila egokitu zuen, eta horren ondorioz, sexu berekoen arteko ezkontza indarrean jarri zen. Hala ere, Iñigo Lamarkak uste du oraindik gizarte mailan erabateko berdintasunik ez dagoela, besteak beste, homofobia dagoelako.

“Beti parekatzen dut emakumeen eskubideekin: lege mailan emakumeak berdinak dira baina oraindik maila errealean asko dago lortzeko. Homofobia egoteak zer esan nahi du? Bada,  besteak beste, erasoak gertatzen direla. Pertsona gay eta lesbianekin antzerako zerbait gertatzen da. Eta eraso oso gogorrak dira, gainera.
 

Emakume bikotea etzanda elkarri begira

Horren atzean, matxismoa dago

Hutsune horren aurrean, gaur egungo LGTB mugimenduak berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako legea eskatzen du. Hau da, Legea alde izan arren, gizartetik jarrera homofoboak desagerrarazteko neurriak eskatzen dituzte.

Iñigo Lamarkaren hitzetan, “gizartearen pentsamendua oraindik sakonago landu behar da, eta horretarako oso inportantea da eskola eremua. Eskola eremuetan berdintasunaren aldeko balioak ondo irakatsi behar dira.

Gaur egun LGTB pertsonei buruzko berdintasun legerik bada zenbait erkidegotan,baina Estatu mailakoa falta da. Euskadin bidea hasita dago

Hamar urtez Ararteko izateak eman dion esperientzia zabala kontutan hartuta, Euskal Herrian sexu-askatasun eskubideak eta LGTB kolektiboak bizi duen egoeraren inguruko analisia egiteko eskatu diogu Iñigo Lamarkari, eta egoera beste leku batzuetan baino hobea dela esan digu: “Uste dut Euskadin aurrera pauso oso inportanteak eman direla; egon badaude politika publikoak, bai hezkuntza mailan bai sentsibilizazio mailan. Eta gero, inportanteagoa dena, alderdi politiko guztiek barneratu dute -behar bezala gainera-, eta kontsekuenteak izan dira horretan, pertsona LGTBei zor zaien errespetuari dagokionez.

Hala eta guztiz ere, Estatu mailari dagokionez, Iñigo Lamarkaren ustez, LGTB pertsonei berdintasun erreal eta efektiboa bermatuko dien legea onartzea oso garrantzizkoa da. Nolanahi ere, legea bezain inportantea iruditzen zait eskolan guztion duintasuna, askatasuna eta berdintasuna errespetatuko dituzten gizarte balioak lantzea. Euskadin aurrerapausorik egin da zentzu horretan. Dena den, berdintasunari buruzko legeak indar handiagoa emango lioke ibilbide horri.
 

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*