Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Eskubideak pausoz pauso: adimen urritasuna duten pertsonak

2019(e)ko azaroaren 08a

Urte honetan egunkarietako azalak lehenengo aldiz botoa eman duten pertsonen argazkiekin bete dira; botoa harro eman dute pertsona horiek, urte askoren ondoren euren ordezkariak aukeratzeko eskubidea aitortu zaielako. Eta baita ere, kartazala kutxan sartzeko keinutik haratago, eskubide osoko herritar gisa dituzten eskubideen aldeko urtetako lana dagoelako. 
 

Atzegiko kidea botoa ematen 2019ko martxoan

Adimen urritasuna duten pertsonen aldarrikapenak 60. hamarkadan hasi ziren, eta ibilbide luze horretan, eskaera ezberdinak bata besteari zapalduz joan dira, hasierako gizartearen onarpena aldarrikatzetik, hezkuntza eskubidea eta lanerako eskubidearen aldeko aldarriraino, besteak beste.
 

Atzegiko gazte talde bat aisiaz gozatzen

Atzegi adimen urritasuna duten pertsonen eskubideak bermatzea helburu duen Gipuzkoako elkartea da, 1960. urtean znbait familiaren artean sortu zuten, eta gaur egun 2000 familiatik gora biltzen ditu bere baitan.  Elkartean boluntario anitz dabiltza lanean, baina urte luzetako ibilbidearen ostean, profesionalizatu ere egin da, eta besteak beste, Gureak bezalako garrantzia ekonomiko eta sozial handiko enpresen bultzatzailea izan da. 

Adimen urritasuna duten pertsonen eskubideak ez ziren errespetatzen

Patricia Ayo, Atzegiko Familien Laguntzarako Zerbitzuaren Arduradunak, “Euskal Herrian, 80. Hamarkada igaro arte, eta Konstituzioak euren eskubideak bermatzen zituen arren, adimen urriko pertsonen errealitatea bestelakoa zen. Berez, Atzegi 1960an sortu zen, une hartan Legeak ez zielako inolako eskubiderik aitortzen, eta noski, ezta gizarteak ere”.

Boluntarioak Zarautzeko cross mistoan

Lehenengo aldarrikapenak  gizarteak baztertu egiten zituela ikusten zutenek, alegia gurasoek eta lagunek egin zituzten.  “Hasiera batean kalera atera eta aintzatespena eskatzen zuten. Orduan ezagutza falta handia zegoen, eta horren ondorioz, familiak erruduntzat jotzen ziren eta urritasuna zuten pertsonak ezkutatu egiten zituzten”, dio Patricia Ayok.  Horren adibide dira garai hartan adimen urritasuna zuten haurren familien aitorpenak: “ez zituzten zerbitzuetan artatzen, eskoletan ere ez zituzten onartzen; are gehiago, jolasleku publikoetara sartzea debekatuta zegoen adimen urritasuna zuten haurrentzat”.

Errealitate gordinari aurre eginaz, hainbat familiek bat egin zuten eta euren seme-alabei zegozkien eskubideak aldarrikatzeari ekin zioten. Urteak aurrera joan ahala elkarteak haziz joan ziren eta aldarrikapenak dibertsifikatu zituzten, garrantzia handiko erakunde bilakatu ziren arte.  

80ko hamarkadan aldaketa bizkortu zen

1978.urtean Konstituzioa onartu zen, eta horren ondorioz norbanako guztiei eskubide berdinak bermatu zitzaizkigun. Patricia Ayoren hitzetan, ordurako gizartean aldaketa ematen hasia zen arren, konstituzioaren onarpenak guztiak kalera ateratzea eragin zuen. Ondoren, Gernikako Estatutua etorri zen, Euskadiko erakundeak sortu ziren, eta Erakundeekiko harreman errazagoa eta arinagoa bilakatu zen. “Batetik, eremu politiko, administratibo eta fiskal berriaren ondorioz eta bestetik, kontzertu ekonomikoak ireki zituen aukera berriak zirela eta, arduradun politikoek beharrak hobeto ezagutu zituzten eta baliabide ekonomiko gehiago zeuden “ –azpimarratu du Patricia Ayok-. Guzti horren ondorioz, 80. hamarkadatik aurrera erakunde publikoen partehartzea areagotu zen eta adimen urritasuna zuten norbanakoak eskola arruntetan integratzen hasi ziren.  Zentzu horretan, Elkarteek Hezkuntza Sailarekin egin zuten lana handia izan zen. Urteak aurrera joan ahala,  gauza baten atzetik bestea etorri da: Haur horiek heldu bilakatzen joan ziren heinean lanerako eskubidea aldarrikatzen hasi ziren.  Hasiera batean Gipuzkoan lantegiak sortu ziren, eta denborak aurrera egin ahala, Gureak sortu zen. 
 

Gureak Taldeko %85 langile inguruk %33 baino gehiagoko desgaitasuna du:


41% ezintasun intelektuala duten pertsonak

22% ezintasun fisikoa duten pertsonak

14% gaixotasun mentala duten pertsonak

7% ezintasun sentsoriala duten pertsonak

 

Lortutako arrakastaren ondorioz, gaur egun Gipuzkoak bigarren enpresarik handiena da eta 5.817 langile ditu. Administrazioa Kontseiluan Foru Aldundia, Donostiako Udala eta atzegi daude.  

Bozkatzeko eskubidea
 

Atzegiko kidea botoa ematen 2019ko martxoan

2018ko abenduaren 5eko Lege Organikoak adimen urritasuna duten norbanako guztien bozkatzeko eskubidea ezarri zuen, eta ondorioz, 2019ko martxoan ehun milatik gora izan ziren  lehenengo aldiz botoa eman zuten pertsonak. Ibilbide luze baten ondoren adimen urritasuna duten pertsonek botoa emateko eskubidea lortu dute, eta lorpena besteak bezain garrantzitsua izan bada ere, hedabideetan oihartzun handiena izan duena izaki, nabarmenena da.

Patricia Ayok emandako azalpenen arabera, egoera hau, kasu askotan, ezjakintasunaren ondorioz gertatzen zen: “Ohi denez, ezintasun neurologikoa duen pertsona bati, 18 urte betetzen dituenean, tutore bat jartzen zaio. Tutore horrek erabaki garrantzitsuak hartzen lagunduko dio, beti ere, epaileak ezarritakoaren arabera”. Normalean tutoreak gurasoak izaten dira eta tutoretza interesatuak duen gaitasunaren araberakoa da, Patricia Ayok dioenaren arabera, “batzuetan diru kontuekin bakarrik lagundu beharra dutelako”. Baina boto eskubideari dagokionez, orain arte gertatu dena hurrengoa da: “Epaiak ezartzen zuen pertsona horrek botoa emateko eskubidea zuen ala ez, eta epaileak oso argi ez bazeukan, interesatuari botoa emateko eskubidea ukatu egiten zitzaion. Kasu askotan, familiak ez zekien eskubidea mantentzeko eskaera egin behar zuenik, eta ondorioz, behin epaia emanda, tutoretza ezartzearekin batera, interesatuak botoa emateko eskubidea galdu egiten zuen”.

Hori dela eta, prozedura hori pasatu zuten gehienek automatikoki botoa emateko eskubidea galdu zuten. “Buru hauste asko eman duen aspaldiko kontua da, izan ere, botoa emateko gai diren pertsona asko daudelako, eta gainera, botoa eman nahi zutelako”, argitu digu Patricia Ayok, eta egoera horren aurrean azken bost urteetan estrategia aldatu zutela gaineratu du: “Behin epaitegira joanez gero, epaileari eskatzen zitzaion botoa emateko eskubidea onartu zezan, batzuk ados zeuden, beste batzuk ez, oso arbitrarioa zen eta epailearen sentsibilitatearen eta gaiari buruz zuen ezagutzaren araberakoa”. Epaileen iritziaren esku zegoen botoa emateko eskubidea onartzea bermatu du. Neurriaren aldeko eta aurkako iritziak egon dira, eta horren aurrean, Atzegik –Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak- oso argi dauka: “Inori ez zaio botoa emateko ezer exijitzen, bakarrik eureri”; ondorioz, “gizartearen parte izan daitezen, eskubide hori bermatu egin behar zitzaien”.

Erronka berriak etorkizunera begira
 

ikasleak supemerkatuan praktiketan


Gizartearen aitortza, botoa emateko eskubidea eta beste hainbat eskubide lortu arren, oraindik beste arlo askotan lanean dihardute, gizartearen aldaketak eta kulturarenak, adimen urritasunarekin lotutako gaiak beste era batera kudeatzea ahalbidetzen baitu. Horren adibide dira lanerako eskubidearen arloan gertatzen ari diren aldaketak: Gureak-etik kanpora adimen urritasuna duten pertsonei egokitutako lanpostuak sortzen ari dira, norbanako bakoitzak bere gaitasunen arabera gainerako langileekin bate eginez lan egin dezan.

Sexualitatea, gaurkotasuneko Gaia

Sexualitatearen arloan ere pentsamoldea asko aldatu da, gizartea asko aldatu delako; haurdun ez gelditzeko bide asko daude, eta gaur egun ez dira garai batean hartzen ziren erabaki hartzen. “Duela berrogei urte –azaldu du Patricia Ayok- edozein arazo ekiditeko errotik ebakitzen zen, baina orain beste ikuspegi bat dago, eta beste gauza batzuk ikasten dituzten bezala, sexualitatea ere irakasten zaie, eta lan handia egiten da arlo horretan beraiekin”. Horregatik elkarteetako kideek garrantzia handia ematen diote hezkuntza mota horri, “harremanetan arriskuak egon daitezkeela eta horiek ekiditeko bideak badaudela ulertzeko gai direlako, eta beste edonor bezala, euren eskubideak gozatzeko eskubidea dutelako”.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*