Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Maria Isabel, Bilboko peritua: "Emakumeok denetik daramagu poltsan"

2012(e)ko abenduaren 12a

Maria Isabel, Bilboko peritua:

Maria Isabel egunero joaten da Artziniegatik Bilbora, epaitegian peritu gisa lan egitera. Hiriburutik urrun, Arabako herri txiki horretan bizitzea maite du. Bertan, daukan zaletasunik handienaz goza dezake: bere lau zakurrak. Horrez gain peritatzeak egiteko joan-etorrietatik, txostenetatik eta epaiketetatik urruntzen da. Guzti hau milimetroko koordinazioa behar duen peritu lanaren parte da.

Zein da perituaren lana?
Ondasun higikorren eta higiezinen eta horietako bakoitzean egin diren edozein motako kalteak zenbatesten ditugu. Adibidez, batzuetan lapurtutako ibilgailuen kasuan ibilgailuaren balioa zehaztu behar dugu. Etxebizitza batean berriz, sarrailak apurtu badituzte eta barruko ondasunak eraman badituzte… kalteen eta lapurtutako ondasunen balioa zehaztu behar dugu. Hiriko altzarietan ere kalte handiak egoten dira, eta edozein motako farola eta eserleku etabarren balorea zehaztu behar izaten dugu.

Zein da baloratzeko prozedura?
Epaitegiek dokumentazioa helarazten digute. Aztertu ondoren, ikustera joatea beharrezkoa den ala ez erabakitzen dugu, eta eskatutakoaren balioa zehazteko beharrezko kontsultak egiten ditugu.

Nork eskatzen du balorazioa?
Epaitegiek. Orduan, lekua ikustera joaten gara,egindako kalteak edo dena delakoa ikusten dugu, txostena egiten dugu eta dagokion lekuan entregatzen dugu. Gero, epaiketara joateko zitazioa jasotzen badugu, bertara joan eta txostenari buruzko galderak erantzuten ditugu.

Beraz, epaiketetara ere joan behar duzue
Bai, epaiketetara joan behar dugu. Ni gauza hauetarako lasai samarra naiz, txostenean jasota dauden datuetatik, zer galdetuko dizute bada, ez dakizunik? Agerraldiek ez didate izurik eragiten. Hori bai, egia da epaiketa Auzitegian bada -ez zait inoiz egokitu- agian horrek errespetu gehiago eragiten duela, goragoko epaitegi bat baita.

Zenbat peritatze egiten dituzu aste batean?
Hamabost inguru. Batzuk oso azkar egiten dira, beste batzuk denbora gehiago behar dute. Astearen arabera eta epaiketetara joateko zitazio kopuruaren arabera, zenbatetsi behar ditugun ondasunak ikusteko zitak lotzen ditugu. Horren aurretik kaltetutakoarekin zita lotzen saiatu behar dugu -zenbaitetan oso zaila edo ezinezkoa izaten da-. Hori dela eta, Peritu bakoitzak bere agenda antolatu behar du.

Guztia lotzea konplikatua izan daiteke?
Ni gustura nago, lan hau gustatu egiten zait. Lanaren alde positiboa zera da, era askotakoa dela, egunero gauza ezberdin bat dago, ez dira ibilgailuak bakarrik, etxebizitzak, kalteak dendetan… denetarik dago. Jendearekin tratua izatea gustuko dut. Gainera, ibilgailuak ez dira kexatzen.
Hori bai, batzuetan kolpe ikaragarriak ikusten dituzu, eta lehenengo barruan zihoan pertsona nola egongo ote da pentsatzen duzu. Baina berarekin hitz egiten duzunean, eta ongi dagoela ikusten duzunean, zure buruari esaten diozu, ondo da, kito.

Ohikoena leku publikoetan lan egitea da, baina zer gertatzen da esparru pribatuan sartu behar duzunean?
Jendearekin tratua izatea oso gustuko dudan arren, eremu pribatu batean sartu behar dudanean -etxebizitza pribatu batean adibidez- deseroso sentitzen naiz, bere intimitatea erasotzen ari naizela sentitzen dudalako. Ez da ez dudala ikusi nahi, argi dago ikusi beharra daukadala, baizik eta bere bizitzan muturra sartzen ari naizela iruditzen zaidala, eta hori ez dut gogoko. Eremu publikoak ez du horrelako kutsurik.

Peritatzea egokitu zaizun gauzarik xelebreena?
Poltsa batean aurki dezakezun edozein gauza. Eta jendeak hainbat gauza eramaten du, noizbait ordezko hortzak ere egokitu zaizkit. Denetarik daramagu! Emakumeok poltsan denetik daramagula diote, eta egia da.

Kasu ezagunen batean peritatzea egokitu zaizu?
Batzuetan zera gertatzen da, egunkarian irakurtzen duzu hainbat gauza atzeman dituztela eta gero horiek baloratu behar izaten dituzu. Araban nengoenean batez ere -bakarrik nengoen-, orduan batzuetan egunkarian irakurtzen nuen polizia lokalak hau eta bestea atzeman ditu, eta gero bulegora iristen nintzen eta auzia mahai gainean neukan. Gabon batzuetan Gasteizen gertatutakoa gogoratzen dut. Pertsona batek denda batetik ez dakit zenbat jostailu eraman zituen. Baina ez zituen poltsikoetan eraman, ez, jostailuak orgetan eraman zituen, eta albistea xelebrea iruditu zitzaidan, nola egin du? Pentsatu nuen. Nola eraman ditu orga guzti horiek? Eta gero peritatzea egokitu zitzaidan, eta han zeuden…

Gauza guzti horien balioa zehaztea ez da erraza izango
Ondasun gehienak peritatze zerbitzukoek baloratzen ditugu, baina ondasun batzuk baloratzeko zehaztasun handia behar da, adibidez, guk ez dugu industriako makineria baloratzen, hori gaia ezagutzen duen norbaitek egiten du. Balio handiko bitxiak badira, kontzertatutako peritu batek baloratzen ditu. Eta gero, adibidez, diru kontuak zenbatetsi behar  badira -enpresa bateko ekonomiari dagozkionak-, ekonomista batek egingo lituzke; peritatzea informatikoa bada, informatiko batek egingo luke, edo animaliak badira, albaitari batek egingo luke. Hauek zerbitzutik kanpoko peritatzeak dira, zerbitzutik kanpoko pertsonek egiten dituztelako.
 

Iruzkin bat

begoņa2012/12/25
maribel

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*