Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Emakumeak EAEko Justizian

2014(e)ko urtarrilaren 10a

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitara emandako azken datuen arabera, Euskadiko epaile eta magistratuen %61 emakumeak dira. Azken urteetako estatistikek, orohar,  emakumeek Justizian duten lekua geroz eta handiagoa dela erakutsi dute. Esate baterako: Lan-arloko epaitegietan, 12 emakume eta  8 gizonezko daude, eta Lehen Auzialdikoetan, berriz, 29 emakume eta 7 gizonezko dira. Etorkizunari erreparatuz gero, goranzko joera horrek bide beretik jarraituko duela aurreikusi daiteke; txosten berean jasotakoaren arabera, hogeita hamar urtetik beherako epaile guztiak emakumeak baitira.

Eva Ceron Magistratua eta Dekanoa da.

 

Eva Ceron-ek 13 urte daramatza Karrera Judizialean, horietatik zortzi Donostiako Lehen Auzialdiko 8. epaitegian, eta azken 3 urteetan ardura horri barruti judizial horretako epaile dekanoa izatearen lana gehitu zaio. Garbiñe Biurrun, berriz, EAEko Auzitegi Goreneko Lan-arloko magistratua da eta 1987az geroztik da epaile. Biak ala biak urte luzez ikasten jardun ostean iritsi ziren Justizian lan egitera. Garbiñek oposaketak gainditu zituen garaian, emakume eta gizonen arteko oreka aldatzen hasia zegoen jada: urte hartan, lanpostuen %51 emakumeek lortu zituzten. 13 urte geroago, 2000. urtean,  Evak oposaketak gainditu zituen; ordurako, epaile berrien bi heren emakumeak ziren.

EAEko AUZITEGI ETA EPAITEGIAK

Emakume kopurua

Gizon kopurua

Emakumeen batazb. adina

Gizonen batazb. adina

Justizia Auzitegi Nagusia 20  47  54 
Lurralde Auzitegiak 21  19  53  53 
Zigor-arloko Epaitegiak 12  45  44 
Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak 44  45 
Lan-arloko Epaitegiak 12  46  47 
Espetxe-zaintzako Epaitegiak 1 0 51 
Adingabeen Epaitegiak 53  59 
Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak 28  34  37 
Lehen Auzialdiko Epaitegiak 29 43  47 
Instrukzioko Epaitegiak 15   7 41 42 
Erregistro Zibil Bakarra 59  -
Epaitegi Dekano Bakarra 0 53 
Merkataritza-arloko epaitegiak 43  45 
Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak 42 

GUZTIRA

137 

85 

43 

48 

Zein dira igoera horren arrazoiak?

Evak, emakumeek familia aurrera atera ahal izateko lanpostu egonkorra eta horrek dakarren segurtasuna bilatzen dutela iritzi dio, eta horretarako bere bizipenak abiapuntutzat hartu ditu: Euskal herrira Murtziatik etorritako magistratu honek, txiki- txikitatik izan nahi zuen epaile; xede horrekin, Zuzenbidea ikasi ondoren zazpi urte eman zituen oposaketak prestatzeko, eta amatasuna, beste gauza batzuen artean, lanpostua eskuratu eta egonkortasuna lortu arte atzeratu zuen. Emakume gehienek antzerako egoera bizi dutela uste du, eta hori da, bere ustez, emakume askok arlo publikoan lan egiteko pisuzko arrazoietako bat.

Garbiņe Biurrun, EAEANko Magistratua.

 

Garbiñe bat dator ikuspegi horrekin, baina bere iritziz, funtzio publikoa eta enpresa pribatuaren artean dagoen aldeak aldaketa horretan ere eragina du: “Normalean, enpresa pribatuan arrakasta gehiago eta diru gehiago lortzen da, eta gizonezkoek horretara jo izan dute betidanik; funtzio publikoa, orain arte, ez da aukera bat izan beraientzat”. Administrazioan lanera sartuz gero, gizonezkoak zuzenean agintzera sartzen direla uste du: “Begira politikan, gobernu orekatua izan dezakezu, baina gehienetan, buruak gizonezkoak dira. Udaletan ere, askoz ere gizonezko gehiago dago alkate. Azken kasu horretan ez dakit batez bestekoa zenbatekoa den, baina bi sexuen arteko aldea ikaragarria dela esango nuke”. Horrez gain, unibertsitatearen publikotasunak ere lan esparru ezberdinetan eman den emakume kopuruaren igoeran eragin zuzena izan duela uste du: “Garai batean ez zegoen lehiarik klase sozialen artean: unibertsitatera ez zen edonor iristen, eta iristen zirenak gutxi ziren. Horien artean gehienak gizonezkoak ziren, beraz, abokatu edo mediku izateko ez zegoen horrenbesteko lehia, eta ez zuten esfortzu handirik egin behar. Orain egoera bestelakoa da:   edozein maila sozialeko pertsonak iritsi daitezke unibertsitatera, eta zorionez, hor badago emakume eta gizonezkoen arteko lehia”.

Gizonak atzean gelditu dira

Azken urteetako datuek, EAEko Justizia Administrazioan emakumeak garaile ateratzen direla adierazten dute. Horien arabera,  EAEko 222 epaile eta magistratuetatik 85 gizonezkoak dira. Krisiak eragindako egoera sozioekonomikoaren aurrean, datuak kezkagarriak izan daitezkeela  uste du Garbiñek, eta horren aurrean gizonezkoek jarrera aldatu beharko luketela uste du : “Gauzak aldatu dira, ez dira txantxetakoak, eta gizonezkoek ere lanpostuak behar dituzte:  egonkorragoak behintzat… Horregatik ez dut ulertzen zeren zain dauden esnatzeko. Aldaketa etorriko dela pentsatu nahi dut; izan ere,  momentu honetan hezkuntza-arloan, osasun-arloan, Justizian…  edozein arlotan emakumezkoak nagusi gara; eta hori ikusita, ez dakit non sartuko ote diren gizonezkoak etorkizunean! Enpresa pribatuan ere berdin gertatuko dela uste dut: gauzak oraindik inondik inora aldatu ez badira ere,  denborarekin benetan aldatuko direla uste dut, eta emakumeok ere gure tokia izango dugu hor.

Gizonezkoek justizia arloan duten ordezkaritzaren inguruko kezka ere adierazi du Garbiñek, eta Demokraziarako Epaileak taldearen azken batzar orokorrean gertatutakoari buruz hausnarketa egin du. Izan ere, zuzendaritza berria aukeratu zenean, emakume bat zuzendaritzatik kendu behar izan zuten bere lekuan gizon bat jartzeko. Elkartearen estatutuen arabera, sexu bateko kideen batez bestekoa ezin da %60 baino handiagoa izan. Hala ere, emakumeen ordezkaritza asko handitu dela onartzen du, baina oraindik ere, orokorrean, ardura edo zuzendaritza postuetan gizonezkoak nagusi direla azpimarratu du.  Adibide bezala, Demokraziarako Epaileak taldea bera jarri du: “Adibidez, gurean ordezkaritza nahiko orekatuta badago ere, estatu mailan  ez dugu inoiz bozeramale emakumerik izan. Hemen bai, Euskadin, baina estatu mailan ez. Oraingoa ere gizonezkoa da”.

Goi-karguetan emakume gutxi dago

Garbiñek egindako hausnarketari eutsiz eta EAEko datuei erreparatuz gero, auzitegi gehienetan emakume kopurua handiagoa dela ikusiko dugu; baina bide beretik, aginte organoetan gora eginez gero, batez bestekoa aldatu egiten da, eta Auzitegi Nagusian, adibidez, gizonezkoen kopurua askoz handiagoa da (6 emakume eta 20 gizonezko). Espainiako Justizia Administrazioko goi-organuei erreparatuz gero ere, ezberdintasuna agerian gelditzen da:

EMAKUMEAK ESPAINIAKO JUSTIZIAKO GOI-ORGANUETAN

Emakume kopurua

Gizon kopurua

Emakumeen batazb. adina

Gizonen batazb. adina

Auzitegi Gorena 8 71 58 62
Audientzia Nazionala 21 40 54 58
Erregistro Zibil Nagusia 0 2 - 69
Instrukzioko Epaitegi Nagusia 0 5 - 53
Zigor-arloko Epaitegi Nagusia 0 1 - 59
Administrazioarekiko Auzien Epaitegi Nagusia 5 7 45 58
Adingabeen Epaitegi nagusia 0 1 - 50

GUZTIRA

34

127

54

60

Evaren ustez, aginte organoetan emakume gehiago ez egotearen arrazoia denbora kontua da: “ez duzu gauza guztietarako denborarik, zure bizitzako garai zehatz batera iritsi arte itxoin behar duzu zure lanean gehiago sakondu eta aurrera egiteko. Auzitegi Gorenean eta Audientzia Nazionalean dauden emakumeak adinez nagusiagoak direla gaineratu du; bere ustetan, horrek, seme-alabak hazita dituztela erakusten du. “Guzti horri buruz egiten dudan irakurketa hurrengoa da: emakumeok gure bizitzako garai zehatz batera iritsi arte itxaron behar dugu, lanean sakondu eta aurrera egin ahal izateko. Ni adibidez, oso gustura nago dekano gisa lan egiten, baina galtzak bete lan dauzkat! Premiazko auziak daude, eta gaur, adibidez, ezin izan diot bati ere heldu, premiazko bilera bi izan ditudalako. Bi ordu eman ditut batzartuta, eta agendan aurreikusi gabe nituen”. Arlo politikoan gauza bera gertatzen dela uste du; horrelakoetan buru-belarri sartzeko dedikazio handia behar da bere ustez, eta emakumeek uko egiten diote horrelako ardurak hartzeari.

Lana eta familia teknologia berriei esker uztartzen ditu

Ez da ez txantxetako kontua emakume epaileek lana eta bizitza uztartzeko hartzen duten lana. Evak, adibidez, magistratu eta dekano lana eta familia, hirurak uztartu behar ditu; bigarren semea jaio zenean, oreka mantentzea erabat konplikatua bihurtu zela azaldu digu: “Haurrak izan aurretik, goizez bulegoan eta arratsaldez etxean egiten nuen lan. Orain, berriz, ordutegiak antolatzeko laguntza behar dut: etxean lan egiten duen pertsona bat daukagu, familiak haurrak zaintzeko lanetan laguntzen digu… nik zorte handia daukat, familia laguntzeko prest dagoelako. Horri esker, laneko kontuak direla eta, bidaiatzeko aukera izan dut, Jerezera, Errumaniara...".

Eva Ceronek Magistratu eta Dekano lana bere 4 eta 2 urteko semeen zaintzarekin partekatzen du, egunero.

 

Haur txiki bi dituenetik era ezberdin batera antolatu behar da, efikazia handia behar du, denbora zehatz batean auziak ebatsi eta erabakiak hartu behar ditu, arin. “Era horretara hobeto lan egiten dut, ez dakit laburragoa edo luzeagoa egiten dudan (erredakzioari buruz ari da), baina auzia hartu eta ebazpena ematen dut”. Haurren eskola ordutegia eta laneko ordutegia uztartu behar ditu, eta sarri, lehen arratsaldez bulegoan egiten nituen lanak orain etxean egiten ditut, asteburuetan: “bi ordu gaur, beste pare bat ordu bihar…Salara joan beharrik ez dudanean hemen gelditzen naiz, bulegoan (Justizia Jauregian duen bulegoari buruz ari da). Hau astean birritan edo hirutan egiten dut…beraz, gauza biak uztartzea zaila da, baina ez da ezinezkoa. Laneko agendarekin malabareak egiten ditut, bai. Baina ama guztiak berdin gabiltza! Lehen, etxean nengoenean lasai lan egin nezakeen; orain, berriz, ezin naiz ordenagailura gerturatu. Beraz, telefonoa eta tableta hartzen ditut, sofan esertzen naiz, eta posta erantzuten dut. Hori ere betebehar bat da niretzat”.

Justiziako langileek duten estatutu organikoa, zalantza gabe, lana eta amatasuna uztartzeko abantaila bat da. Hala ere, Espainiako 2013ko datuen arabera,  haurrak zaintzeko baimena eskatu duten epaile eta magistratu guztiak emakumeak dira (38); “bestelako eszedentziak”, berriz,  gizonezkoek bakarrik eskatu dituzte. Datu horien eta  Garbiñek eta Evak egindako hausnarketaren arabera, emakume epaileen erabateko aukera berdintasuna lortzeko, badago oraindik gainditu beharreko hainbat eragozpen; horietako asko, gainera, lanbidetik at daude, eta emakume epaile bakoitzak duen familiaren egoerarekin nahasita daude. Joerak jarraituz gero, berriz, gizonezkoek lekua galdu, eta lan esparru horretan emakumeak gailenduko dira. 

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*