Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Emakume eta nesken ahalduntzea eta genero mugarik gabe euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea, Emakunderen martxoaren 8rako kanpainaren ardatzak

2019(e)ko otsailaren 27a

Emakume eta nesken ahalduntzea eta genero mugarik gabe euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea, Emakunderen martxoaren 8rako kanpainaren ardatzak

Emakundek aurtengo emakumearen nazioarteko egunerako –martxoak 8–diseinatutako kanpainak Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) 5. xedea aipatzen du: “Emakume eta nesken ahalduntzea eta genero berdintasuna”. Kanpaina beraz emakume eta nesken ahalduntzean eta hauek beraien etorkizuna genero mugarik gabe, modu aske batean eta berdintasunean, aukeratzeko eskubidean arreta jartzen du.

Lau neska gazte dira kanpainaren protagonistak, eta  “Erabakitzen dudana izango naiz” lelopean gizarteari galdetzen diote prest dagoen beraien eskubideak modu aske batean aurrera eramateko aukera bermatzeko. Neskak Historian zehar erreferenteak izan diren emakumeen irudiekin batera agertzen dira. Hala nola, Marie Curie zientzialaria, Clara Campoamor idazle eta politikoa, Frida Kahlo margolaria eta Maria Antonia Uzcudun erraketista, Txikita de Anoeta ezizenez ezagunagoa dena. Berdintasunaren bidean aurrekariak izan ziren emakumeei omenaldia egiteaz gain, beraien irudiek erreferenteak izatearen beharraz hitz egiten digute, eta beraz, hurrengo belaunaldietarako eredu bilakatu daitezen, emakumeak ikusgarri egin eta aintzat hartzeko beharraz.

Izan ere, kanpainaren aurkezpenean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, “neska askok beraien ahalduntasunerako pausuak eman dituzte, prest daude, beraien eskubideetaz jabetu egin dira eta jendarteak beraien eskakizunei erantzun behar die. Bidezkoa da beraien etorkizuna modu aske batean erabakitzea, genero rol eta estereotipoek aurretik zehaztutako biderik ezarri ez diezaieten”.

Landaidak gogorazi du, GIHak aipatuz, “ez dagoela garapen Iraunkorrik genero berdintasun eta emakumeen eta nesken ahalduntzerik ez badago”. Ildo beretik gogoratu egin du mundu mailan berdintasunaren aurrerapausurako emakumeen ahalduntzea helburu estrategikoa dela Beijingeko Nazioarteko Konferentziatik (1995).

Landaidak aipatu du martxoak 8 honetan erabakien erdigunean pertsonen bizitza jartzeko eta emakumeen gain jartzen diren zaintza lanak baloratzeko eskakizuna egingo dutela adin eta izaera/egoera guztietako emakumeak, kalera atereaz, ahalduntze kolektiboaren erakustaldi batean. Zentzu honetan, herritarrak martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu.

Kanpainak, kartelez gain, irrati kuñak eta spota ditu. Otsailaren 26a eta martxoaren 12a bitartean garatuko da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Horrez gain, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxetara, osasun zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara, liburutegietara, eta abar.

Orobat, herritarrak gonbidatuko dira sare sozialetan traola hau erabiltzera: #YoDecido #NikErabakitzenDut.

 

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*