Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

EAEko Justizia Administrazioan euskararen erabilera areagotu egin da baina sustatzeko neurri gehiago hartu behar dira

2012(e)ko urriaren 30a

Europako Kontseiluak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna betetze-mailari buruzko gomendioak argitaratu ditu. Txostenean jasotakoaren arabera, euskararen erabilera areagotu egin da, baina erabilera bermatzeko neurri gehiago hartu behar dira, batez ere Justizia Administrazioan, Estatuko Administrazioan eta gainontzeko zerbitzu publiko guztietan, hala nola Ertzaintzan eta Osakidetzan.

Txostena 2011. urtean egindako ikustaldiak erabilita osotu da. Ikustaldi horietan antzemandakoaren arabera, “bi aldeetako batek ere eskatu ez badu ere” prozedurak gaztelaniara itzultzen dira, eta jakinarazpenak, dokumentazioa, epaiak eta agiriak oro har, gaztelaniaz egiten da.

EAEko Justizia Administrazioak adierazitakoaren arabera, zerbitzuak euskaraz emateko lanean ari dira baina prozesua luzea da. 2011. urtean dokumentuen %35 zegoen elebitan. 2012. urtean kopurua  %60ra igo da.

Europako erakundeak estatuko agintariei, prozedura judizialetan euskararen erabilera bermatzeari begira, legeak aldatzeko deia egin die eta euskaraz lan egin dezaketen epaile eta fiskalen kopurua handitzeko eskatu die. Txostenaren arabera, 17 dira euskara-maila egiaztatu duten epaile eta magistratuak (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko datuak); horrez gain, euskaraz lan egiteko gaitasuna duten “35 epaile, 16 idazkari eta 18 funtzionario publiko” daudela dio txostenak.

Ministerioek emandako datuen arabera, Estatuko Administrazioan %15-25 dira euskara-mailaren bat duten langileak. Baina euskaraz lan egiteko gaitasuna duten langileen kopurua txikiagoa da. Horrez gain, eskuragarri dauden dokumentu gehienak gaztelaniaz bakarrik daudela azpimarratu dute.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*