Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Droga-mendetasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko Legea aldatzeko proiektua onartu du Jaurlaritzak

2010(e)ko irailaren 08a

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak droga-mendetasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko 18/1998 Legea aldatzeko proiektua onartu du, tabakoaren kontsumoarekin lotutako gai orori dagokionez. Aldaketaren funtsezko elementua -Droga-mendetasunei buruzko Legeari eragiten dion hirugarrena- erabilera publikoko gune itxi guztietan eta lokal itxi batetik kanpo dauden eremu guztietan, hots, azaleraren % 50 baino gehiago sabaiez edo hormez estalita dauden eta aire-korronte handia ahalbidetzen ez duten eremu guztietan erretzea debekatzea da. Aldaketa horrek tabakoaren alorreko antolamenduaren egiturazko elementuei ere eragiten die, hau da, tabakoaren publizitateari eta sustapenari, salmentari eta hornidurari, kontsumoari eta zehapen-erregimenari.

Tabakoaren alorreko Ikuskapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateei (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) dagokie, eta unitate horiek beren ohiko eginkizunez gain honako eginkizun hauek beteko dituzte: ikuskapena eta tabakoaren sustapenari, publizitateari, salmentari eta kontsumoari dagokionez Legean azaltzen diren aurreikuspenak betetzen ote diren zaintzea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartuko ditu zehapen-izapide guztiak legea betearazteko. Era berean, Legea ez betetzeagatik jartzen diren zehapenen ondorioz biltzen den diru guztia droga-mendetasunen aurrezaintzarako estrategiak garatzeko erabiliko da.

Legea aldatuz Jaurlaritzak lortu nahi duen helburua zera da, herritar guztien osasuna babestea, bereziki ostalaritzako profesionalena eta leku horiek partekatzen dituzten adingabeena. Eta pertsuasioz eta konbentzimenduz egin nahi du, gainera. Jaurlaritzak ez ditu eskubideak mugatu nahi, ezta ohitura pribatuetan sartu ere, baizik eta modu positiboan jardun nahi du, tabakoaren ohiturarekin jarraitzea erabaki dutenek ez urratzeko gainerako herritarren eskubideak eta osasuna.

Lege berri horri esker Euskadi herritarren osasuna modu aktiboan zaintzen duten erkidegoen eta herrialdeen abangoardian egongo da, hau da, gune publikoak benetako topagune izango diren eta tabakoa dela medio inor kaleratzen ez duten herrialdea izango da Euskadi.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*