Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Carlos Cubero, AMEIko zuzendaria: "Batzuetan jokabide profesionala izateko ahalegin handia egin behar dut"

2013(e)ko urtarrilaren 08a

Carlos Cubero, AMEIko zuzendaria:

Carlos Cuberok 9 urte daramatza Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko zuzendari lanetan Erakundeko zuzendaria, auzitegiko medikua eta patologoa da aldi berean. Aisialdian berriz, musika entzun eta idatzi egiten du. Azken zaletasun horrek ideiak ordenan jartzen laguntzen diola eta lanerako lagungarri zaiola aitortu digu. Izan ere, zailtasun handia duten kasuetan patologo gisa hartzen dituen erabakiak -hilketetan adibidez- erabakigarriak izan daitezke.

Zer da Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua?
2002an sortu zen organo teknikoa da; autonomia erkidegoko auzitegi mediku guztiak bere  baitan bilduta gaude. AMEI Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren menpe dago eta Justizia Administrazioari laguntzeko lan-tresna da. Justizia Administrazioaren zerbitzura gaude, epaile, magistratu, fiskal, etabarren zerbitzura. Erakundearen baitan biltzen dira auzitegiko mediku orokorrak batetik, eta psikiatrian, patologian eta traumatologian berezituak bestetik. Ni, adibidez, liberatu egin ninduten eta auzitegiko patologian espezializatu nintzen. Laborategi zerbitzua ere badago. Zerbitzu hori aditu guztiek erabiltzen dute.

Zein da AMEIren baitan egiten duzun lana?
Zuzendari naizenez, erakundea zuzentzea eta antolatzea da nire lana. Zuzendari lana eta auzitegiko patologo lana uztartzen ditut. Horrek zera esan nahi du, guardiak egiten ditut eta horietan gainontzekoek bezala atxilotuak, erasoak orokorrean, genero indarkeria, sexu erasoak edo/eta bortxaketak tokatzen zaizkit, hilotzak altxatzea, autopsiak, etabar egiten ditut. Guardiak orokorrak dira, asteburuetakoak izan ezik. Asteburuetan patologook autopsiak baino ez ditugu egiten.

Asteburuetan ere autopsiak egiten dira?
Bai, guardia egin behar dudanean, adibidez, goizeko 9etan etortzen naiz hona eta iluntzeko 9etan ateratzen naiz. Denbora tarte horretan autopsiak bakarrik egiten ditut. Era horretara aurreko egunean edo goizaldera iritsi den gorpua familiak egun berean eraman dezake. Lan profesionala da eta gizartearentzat egiten dugu, familiek astelehenera arte zain egon beharrik izan ez dezaten eta gorpua zero azpitik 8 gradutan hemen sartuta, autopsia egiteko asteburu osoa zain egon ez dadin. Lan profesional-soziala egiten dugu.

Patologoa, zuzendaria eta auzitegiko mediku orokorra, hiru lanbide ezberdin dira eta bakoitzak erantzukizun maila handia dauka
Horregatik eraman behar izaten dut arratsalde askotan lana etxera. Kudeaketa egiteko liberatua banago ere, eta nire lankideek baino autopsia gutxiago egiten baditut ere, epaile eta magistratuek lan egiten duten era berean lan egin behar dut; hau da, lana etxera eramaten dut. Hemen guztiok lan egiten dugu, lehen lerroan gaude.

Eguneroko lana eramaten duzu etxera, ala auzi bereziak bakarrik eramaten dituzu?
Ohiko txosten bat bada ez dut lana etxera eramaten, baina txosten batzuk konplexuak dira, sexu erasoak, adibidez. Patologian berriz, hilketak. Kasu horietan sakonago hausnartzen dut. Ondoren,  nahiz eta txostena nik osatu, nirekin sinatuko duen lankidearekin alderatzen dut. Eta hala ere zalantzak badauzkat, historia klinikora eramaten dut, guztiek ikus dezaten. Historia klinikoa, iritzi propioa eman dezaten, lankideen aurrean azaltzen duzun benetako kasu bat da. Lankideen iritziek eta ikuspuntuek asko aberasten zaituzte, eta horri esker ondorio gehiago ateratzen dituzu, nahiz eta azken erabakia norberak hartu behar duen. Norberaren irizpideak indartzeko modu bat da. Auzi korapilatsuetan edo zalantzak ditudanean egin ohi dut.

Eta noiz deskonektatzen duzu?
Hondartzara joatea eta musika entzutea asko gustatzen zait, baita pentsatzen dudana idaztea ere. Idatzitakoa hurrengo egunean irakurtzen dut, eta gustatzen ez bazait, hurrengo egunean berriz idazten dut, nahi dudan bezala gelditu arte. Ez dut azkar pentsatzen, ez naiz erabakiak bat-batean hartu zalea. Planifikatzea gustatzen zait.

Zer da zure lanean gehien gustatzen zaizuna?
Teknikoki eta zientifikoki gehien gustatzen zaidana autopsiak egitea eta hildakoak altxatzea da. Zientifikoki, autopsia gertaerak eman diren lekuan hasten da. Berez, gorpua autopsia-mahaira iristea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da perizia on bat egitea, inspekzio on bat egitea, frogak behar bezala jasotzea eta lekuan behar bezala kokatzea. Hildakoa behar bezala altxatu ez baduzu, ziurrenik ez duzu autopsia on bat egingo.

Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Bortxaketak. Ustez bortxatua izan den emakume bat ikustean… profesional gisa lanean jarraitzeko ahalegin handia egin behar dut, nire alde gizatiarra gailendu egiten baita. Profesional gisa aritu ahal izateko nire buruarekin lehiatu behar izaten dut. Emakumea lur jota, umiliatuta… dago, guk alde batetik bestera eramanez zorabiatzea bakarrik falta du. Guztiok ospitalera joan beharko ginateke eta gauza guztiak baldintza egokienetan egin eta egoera ahal dugun bezain gizatiarren bilakatu. Niri egoera horiei aurre egitea oso zaila egiten zait. Batzuetan “ni profesionala” “ni pertsona”ren gainetik jartzeko ahalegin handiak egin behar ditut.

Teknika berriak, kokapen berriak, genetika laborategi berria… AMEI sortu zenetik gauza asko aldatu dira
Bai, Gernikan auzitegiko mediku gisa nengoenekoa oraindik gogoratzen dut. Autopsiak hilerrian egiten nituen, horretara zuzenduta zegoen eraikin batean. Normalean autopsia bat egitea tokatzen zitzaidanean ertzain bik laguntzen zidaten, eta kanpoaldean zain egoten ziren, atearen beste aldean.  Negua zen, euria erruz ari zuen eta gau iluna zen -goizaldeko ordu biak edo hiruak izango ziren- eta autopsia amaitu nuenean eraikinetik atera nintzen baina egun hartan ez zegoen inor nire zain. Hilerria zeharkatzen hasi nintzen kotxerako bidean, eta niregana gerturatzen ari zen argi bat ikusi nuen, eta nik behin eta berriz galdetu nuen, nor da? Nor dator? Baina inork ez zuen erantzuten. Azkenean argia niregana iritsi zen, eta ehorzlea zela ikusi nuen. Hilerritik gertu bizi zen eta argia ikustean zer gertatzen zen ikustera etorri zen. Nolako ezustekoa. Zorionez gaur egun horrelako lanak egiteko leku egokiak daude.

Lan handia egin duzue hori lortzeko
Bai, proiektua batetik, eta lortu nahi ditugun helburuak bestetik, argi dauzkagu. Euskal Institutua, Estatuko gainontzekoekin alderatuz gero, erreferente bilakatu da. Beste institutu batzuetako zuzendariek ere horrela adierazi dute. Espezializazioen trebakuntzari dagokionez, erreferentea gara.  Garrantzitsuena hori izan da. Antolakuntza sistema onargarria edukitzea lortu dugu, orain, beste gauza batzuen artean, multimedia espediente bakarra lantzen ari gara. Azken hau Osakidetzak duen historia-kliniko bakarraren berdina da.
 

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*