Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Ana Eugenia Abasolo: "Indarkeria kasuetan, zaurgarritasun profila dago"

2020(e)ko martxoaren 06a

Ana Eugenia Abasolok, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Auzitegiko Klinika Zerbitzuaren buruak, Bilboko Buenos Aires kalean dagoen Justizia Jauregiko laugarren solairuan egin digu arreta. Psikiatrian espezializatutako auzitegiko medikua da, eta 29 urtetik gora daramatza pasillo hauetan aurrera eta atzera. Berarekin hitz egin dugu Auzitegiko Klinikak eta Osoko Balorazio Forentseko Unitateak (OBFU) dituzten erronkei buruz. Azken hori,  etxeko eta genero indarkeria kasuak artatzeko Unitatea da.

Ana Eugenia Abasolo Marian Elizegi psikologo eta OBFUko kidearen alboan

Noiz sortu zen Osoko Balorazio Forentseko Unitatea?

2004an Genero Indarkeriaren aurkako Osoko Legea onartu zen. Lege horrek, genero indarkerian espezializatutako unitateen sorrera ezarri zuen eta horren ondorioz estatu osoan zehar unitateak sortu ziren, bai Osasungintzan, Polizian eta baita Justiziaren baitan ere. Baina Espainiako erkidego bakoitzean agindua modu ezberdinean gauzatu zen. Gure kasuan 2009an Osoko Balorazio Forentseko Unitatea sortu zen (OBFU). Zerbitzuaren abiapuntua da, auzi bakoitzaren osoko balorazioa egiten dela bertan. Horren arabera, bikotearen osoko balorazioa edo familia osoarena egin daiteke; ez da zertan bakarrik biktimaren balorazioa izan behar, erasotzailea ere baloratzen da, auziaren irudi osoa eduki ahal izateko.

Zein da balorazioa egiteko prozedura?

Hasteko, OBFUra iristen diren auziak epaitegietatik eratorritakoak direla argitu behar da. Horrek esan du, epailea dela balorazioa eskatzen duena. Ondoren, familiari edo bikotekideei Unitatera etortzeko hitzordua jartzen zaie; hori bai, biktimak eta erasotzaileak banatuta eta  egun desberdinetan datoz. Unitatean sartzerakoan, baloratzeko dauden horiek elkarrizketak egiten dituzte profesional ezberdinekin: lehenengo gizarte-langileak egiten die elkarrizketa, ondoren psikologoak eta azkenik sendagileak. Elkarrizketa horien helburua profesional guztien artean familia edo bikote horren egoera ulertzea da, epaileak eskatu duena argitzeko. Lantalde bezala paziente bakoitzari buruzko txosten bakarra egiten dugu, hiruok sinatutakoa.

Zenbat pertsona baloratzen dira OBFUn urte batean?

Gutxi gorabehera 400 espediente ikusten ditugu. Kontutan izan behar da, espedientea salaketa bati dagokiola eta auzi horretan hainbat pertsona inplikatuta daudela, ez pertsona bakar bat.
Pertsonalki, Auzitegiko Klinikako mediku bezala, indarkeria kasuak Guardiako Zerbitzuan ere ikusten ditut. Auzitegiko medikook 24 orduko guardiak egiten ditugu 8 egunetik behin; guardia sistema amankomuna eta birakaria da eta denetik egiten dugu: hilotzak altxatu…edozer gauza. Ondoren, gutako bakoitzak bere esparruan egiten du lan, ni zehazki psikiatrian aditua naiz, eta OBFU psikiatria barruan dago, hortaz guardian ez nagoenean OBFUn nago.

Horregatik esan dut OBFUn 400 espediente inguru ikusten ditugula, auzi kopuru osoaren %20 gutxi gorabehera, epaitegien menpe gaudelako, epaitegiak ezartzen duena egiten dugulako. Epaileak erabakitzen du nor ikusi behar dugun; guk Bizkaian iristen diren genero edo etxeko indarkeria auzien parte bat bakarrik aztertzen dugu.
 

OBFUren egoitzan egindako elkarrizketaren une bat

Talde-lana, hortaz, oso garrantzitsua da Unitatean

Gure izateko arrazoia da, espedientea taldean lantzen delako, eta esan dudan bezala, ondorioak koherenteak izan behar dira, ezin dira kontraesankorrak izan. Eta gezurra badirudi ere, ikuspuntu oso ezberdinak ditugu. Profesional bakoitzaren ikuspegia, gauza askoren araberakoa da.

Zein kasutan izan ditzakezue iritzi ezberdinak?

Guztietan. Familia baten barruan, adibidez, imajinatu itzazu biktimak, horietako bakoitzak bere ikuspegitik kontatuko dizkizu gertaerak, eta azkenean, nahi gabe, norbanako batzuk sinesgarritasun gehiago transmititzen dizute, eta balorazio bakoitzean profesional ezberdinek hartzen dugu parte. Gainera, indarkeria mota guztiekin egiten dugu lan, fisikoa, psikikoa, sexuala, ekonomikoa, guztiak. Eta auzi horien artean batzuk oso argi daude, adibidez indarkeria fisikoa dagoenean. Baina esparru psikologikoan batzuetan gauzak ez daude hain argi, non dago abusua edo gatazka. Gatazka bizitzari lotuta dago, ni ez nau gatazkak arduratzen, arazoak guztiok baititugu. Horrek ez du indarkeria dagoenik esan nahi. Baina gatazkaren eta indarkeriaren arteko muga, non dago?

Auziak oso konplikatuak izaten dira?

Istorio asko guztiz nahasiak dira, gertaera batzuk ikaragarriak dira, eta oso konplikatuak. Batzuetan pentsatzen dut “gaur entzun dudan hau ezin da gainditu”. Baina hurrengo egunean bere istorio bat iristen da eta ikuspegia aldatu egiten dut, hain dira sinestezinak…hona iristen diren pertsonek orokorrean bizitza oso korapilatsuak dituzte, oso-oso zailak.

Profil bat dagoela esan dezakegu?

Zaurgarritasun profil bat dago. Gure paziente gehienak ingurune zaurgarrietatik datoz. Batzuk arazoak dituzten familietan hazi dira, eta indarkeria dagoen familia batean haztea dagoeneko abiapuntu bat da, bai gizonentzat zein emakumeentzat. Indarkeriak bere baitan harrapatuko bazintu bezala da.

Agian komunikatzeko edo harremanak izateko bide bilakatzen delako?

Harrapatu egiten zaituelako. Zurekin harremana duten pertsonen izaerak garrantzia handia du; nahi gabe, haurra zarenean indarkeriaren biktima bazara, nagusitzen zarenean erasotzaile izateko edo indarkeria jasateko aukera askoz handiagoa daukazu.

Guk ikusten ditugun profilei buruz ari naiz, zeren eta gero estatistika orokorrek hori gezurra dela diote, horien arabera indarkeria ez da belaunaldi batetik bestera transmititzen den zerbait. Hori estatistika orokorrek diote. Baina nire esperientziaren arabera, hemendik pasatzen den jendea ikusita… errealitatea bestelakoa da. Baina agian nik ere errealitatearen ikuspegi desitxuratua daukat. Tratu txarrekin egiten dugu lan, baina pertsonen salerosketarekin harremana duten auziak ere ikusten ditugu: zorigaitzeko bizitzak dira, web atarietan agertzen diren adingabeen abusu kasuak… eta edozein adingabe ez dago orrialde horietan, gizon batek gaueko hamabietan ez du edonor antzematen. Biktima faboragarriak dira. Alde guztiak ikusten dituzu, azkenean ez da gizarte-maila kontua ez eta jatorrizko herrialdeari dagokion ezer, testuinguruak baldintzatzen duen zerbait da. 

Estereotipoak daude?

Asko, eta nire ustez alde batera utzi behar ditugu. Indarkeria pobreziarekin lotzen dugu, maila ekonomiko baxuarekin. Baina nire eskarmentuaren arabera esan dezaket, azkenean, maila ekonomiko handikoek bitarteko gehiago dituztela eta maila horretan indarkeria kronikoa dela, ez da argitara ateratzen, ez da ezagutzen. Batez ere haurretan ikusten da, lehen begiratuan haur normalak dirudite, besteak bezala eskolara doaz eta bizitza normala egiten dute…

Guretzat indarkeria kasuak aurkitzeko bide bat gizarte zerbitzuak dira. Erakundeetan laguntza eskatzen duenak beti izango du gizarte langile bat alboan. Baina maila ekonomiko altukoen artean Justiziak barrura sartu eta gertatzen ari dena kontatuko duen norbait behar du: ‘Aizu, haur hau gaizki dago, edo emakume honi zerbait gertatzen zaio’; haur batek hona iristen lagunduko dion heldu bat behar du alboan. Bera bakarrik ez da hona iritsiko, ez da filmetan bezala, non telefonoz deitzen duen bere aitak jo egiten duela esateko, hori ez da errealitatea.

Kontua da osasungintza publikoaren eta pribatuaren artean alde handia dagoela. Protokoloak guztientzat dira, baina medikuntza pribatua hori bera da, pribatua, eta inoiz ez da inor handik etorri. Inoiz ez, ez eraso sexualik, ez bortxaketarik. Inoiz ez. Biktima bat, sexualki erasotua izan den neska bat adibidez, egun horretan klinika pribatu batera badoa, espediente hori betirako hondatuko da. Publiko batera badoa protokoloa martxan jarriko da, emakumeari probak egingo zaizkio eta horiek susmagarria aurkitzeko erabiliko dira, identifikatzeko aukera dagoelako. Baina lehenengo ordu horietan ez badu auzitegi mediku batek edo aditu batek parte hartzen, proba horiek betirako galduko dira.


Lantaldea 
 

OBFU osatzen duten kideak

Ostiralean lantaldeak gauzak amankomunean jartzeko parada hartzen du, astean zehar gertatutakoari buruz hitz egin eta esku artean dituzten aldaketak eta egokitzapenak garatzen jarraitzeko. Izan ere, Ana Eugenia Abasolok dioen bezala, norbere kabuz aritzera ohitutako profesionalak izaki, Unitatea sortu zenean “hasieran jarrerak gerturatzea zaila izan zen, eta elkar ulertzea bultzatzeko dinamikak egitea erabaki genuen, espedienteak taldean osatu behar direlako eta ondorioak koherenteak izan behar direlako, eta gezurra dirudien arren, batzuetan oso ikuspuntu ezberdinak ditugu”.

Argazkian ageri diren Unitateko kideak hurrengoak dira, ezkerretik eskuinera Ana Imaz (psikologoa), Ana Eugenia Abásolo (auzitegiko medikua psikiatrian aditua), María Luisa de Francisco (auzitegiko medikua psikiatrian aditua), Itziar Cámara (gizarte-langilea), Marian Elizegi (psikologoa), eta Ainara Sudupe eta Ana Hidalgo (auzitegiko medikua psikiatrian adituak). Argazkian  María Teresa Ruiz Herrera falta da, egun horretan guardia egiten zegoen.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*