Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Alex Astralaga, Ertzaintzaren polizia judiziala: Justiziaren eta Ertzaintzaren arteko zubi-lana egiten dugu

2015(e)ko maiatzaren 27a

Alex Astralaga, Ertzaintzaren polizia judiziala: Justiziaren eta Ertzaintzaren arteko zubi-lana egiten dugu

Bilboko Polizia Judizialaren egoitzan lankide batekin hizketan ari da Alex; hainbat mahai daude bulegoan, paper gutxi gainean; haatik, arbel handi batean, aste horretako eginbeharren zerrenda luze bat idatzita dago, eta mahai bakoitzean ordenagailu bana daukate. Alexek urtebete darama Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko Polizia Judizialaren atalburu gisa lanean. Lanpostu horretara iritsi aurretik, Ertzaintzaren Ikerketa arloan hamalau urtez egin zuen lan; urte horietan pilatutako esperientzia ezinbestekoa da EAEko Auzitegi Nagusiari Atxikitako Polizia Judizialaren Atalburu izateko; izan ere, arbeleko zerrenda bezain izen luzea izateaz gain, arduraz beteriko kargua da.

Zer da zehazki Polizia Judiziala?

Polizia Judizial terminoak bi interpretazio ditu; bata zabala, eta bestea, zehatza. Batetik, polizia guztiak Justiziaren menpe gaude, hau da, guztiak gara polizia judizial -zentzu irekian-, ikerketa guztiak epaitegietara doazelako, eta polizia guztiok epaileek diotena bete behar dugulako (udaltzainek, ertzainek, polizia nazionalek, e.a.) Bestetik, gure lantaldea Atxikitako Polizia Judiziala da, hau da, Justizia Administraziora atxikita gaude eta betebehar zehatza dugu: Justiziaren eta Ertzaintzaren artean zubi-lana egiten dugu; hau da, fiskalen eta epaileen tresna bat gara.

Euren aginduetara zaudete?

Bai. Organikoki, Ertzaintzaren plantilaren barruan gaude, baina gure egoitza epaitegian dago, eta funtzionalki, epaile eta fiskalen menpean gaude. Labur esanda, eurek agintzen digutena egiten dugu.

Zein dira zehazki betebehar horiek?

Batzuetan, epaitegietan lan egiten duten pertsonek Poliziarekin elkarlanean aritu behar dute auzi bat argitzeko. Poliziak, adibidez, batzuetan laguntza behar izaten du ikerketa bat judizialki ongi bideratzeko, izapide guztiak ongi egiteko: beharrezko froga kopurua edo mota zehaztu edo eskaerak judizialki ongi bideratzeko, besteak beste. Bestetik, Epaitegietan gerta liteke prozeduraren barruan idatziak, edo ebidentziak, edo analizatu beharreko frogaren bat edo beste nori zuzendu behar dioten ez jakitea. Izan ere, prozedura bakoitza ezberdina da eta konplikazio ezberdinak ditu. Orduan, Polizia Judizialari -guri- deitzen digute. Gure ardura egoera hori ongi bideratzea da, eta horretarako aholkuak ematen dizkiegu, adibidez: “eskaera hori Ertzaintzaren horko unitate horri egin behar diozu”, edo “beste hori, Idazkaritza Orokorrera bidali behar duzu”, edo “Polizia zientifikoak iker dezan bidali behar duzu”, edo “Ikerketa Unitateak ikertu beharrekoa da eta bidali eskaera eureri: Bilboko ertzain etxera, Erandioko ertzain etxera… edo dena delakora”. Eskaera nori bidali behar dioten baldin badakite, zuzenean egiten dute; bestela, gure bitartez egiten dute.

Hortaz, Justiziaren eta Ertzaintzaren funtzionamendua zehatz-mehatz ezagutzea ezinbestekoa da zuretzat.

Bai, noski. Nik Zuzenbidea ikasi nuen, abokatu bezala ere jardun nuen, eta gero Ertzaintzan sartu nintzen ikerketa arloan lan egin nahi nuelako. Ikerketa Unitatean urte luzez egindako  lanaren ostean, lanpostuz aldatzen joan nintzen eta ikerketa talde bateko taldeburu izatera iritsi nintzen; lanpostu horretan lantalde handi baten arduradun nintzen, ikerketa bideratu behar duzu, erabakiak hartu behar dituzu, eta noski, ertzain taldea kudeatzeaz gain epaileekin eta auzitegiko medikuekin ere harremana daukazu. Besteak beste, azalpenak eman behar dituzu, eurek eskatutakoa bete, bideratu, e.a. egin behar da. Horren ondorioz, Ertzaintzaren barne-funtzionamendua eta epaitegietakoa ezagutzera iritsi nintzen, eta esperientzia horretaz baliatzen naiz Polizia Judizialaren taldea koordinatzeko.

Ardura handiko lana da?

Bai, magistratuek edo idazkariek edo fiskalak… gure bulegora deitzen dute. Polizia instruktoreek ere deitzen dute, sarritan, ikerketaren prozedura egokiena nola egin behar duten zehazteko laguntza bila. Nire lana kanalizatzaile eta koordinatzailea izatea da, baina bulegoan hamar pertsona gaude; ni arduraduna naiz, gero Agente Lehena dago eta gero zortzi ertzain daude. Zortzi horiek egunero ofizioak hartu eta izapidetu egiten dituzte; eta ahal den moduan berehala eskaerei erantzuna ematen saiatzen gara.

Zein motako eskaerak izaten dira?

Adibidez, magistratu batek ikerketa baten baitan telefono bat ikertu nahi du eta guri deitzen digu. Guk telefono hori hartzen dugu, Ertzaintzaren informatika sailari eskaera egiten diogu, ebidentzia polizia zientifikoaren egoitzara eramaten dugu, behar den ikerketa zehazten eta eskatzen dugu, eta amaitzen dutenean dei egiten digute eta bueltan ekartzen dugu, peritu-txostenarekin batera. Peritu-txostena epaileari ematen diogu, eta era horretara, eskaera bideratuta eta amaituta gelditzen da.

Beste egoera bat izan daiteke, adibidez, judizio bat dagoenean eta lekuko bat edo inputatu bat falta denean: etorriko zela esan du, baina ez da etorri. Epailea gurekin harremanetan jartzen da eta pertsona hori bere aurrera eramateko eskatzen digu.  Bizilekua hurbil badago, bere bila goaz eta ekarri egiten dugu. Baina guztia ezin dugu guk egin, eta ondorioz, lan-kargaren arabera, gauza batzuk polizia-etxeetara bideratzen ditugu. Guk prozedura guztia ondo bete dadin izapideak egiten ditugu, baina batzuetan lan batzuk delegatu egin behar izaten ditugu. Eta ahal duguna guk egiten dugu.

Ardura batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagok dira?

Bai, Auzitegi Probintzialean kasu inportanteak epaitzen dira eta horien ardura gurea da. Batzuetan, adibidez, zinpekoen epaimahaia egoten da. Kasu horietan, une zehatz batean epaimahaia zaindu egin behar da, erabakia hartu behar duelako eta ezin dutelako inorekin hitz egin -hotel batean lo egiten dute-. Kasu horretan, polizia judizialak gara zinpeko epaimahaikide horien zaindariak, eta segurtasuna guk bermatzen dugu. Pertsona horiek hotelera eramaten ditugu eta leku berean guk ere egiten dugu lo, eurek inorekin hitz egin ez dezaten. Erabakia hartu dutenean lana amaitu dutela jakinarazten digute, beste ikustaldi bat dago, eta hor euren epaia ematen dute. Bitartean, beharrezkoa bada, gauez ere zaintza-txandak egiten ditugu.

Zerk ematen dizu buruhauste gehien?

Niri pena itzela ematen dit pertsonak lokalizatzen edo zitazioak egiten denbora eta bitarteko asko galtzen direla ikusteak. Pena ematen dit, erraza edo sinplea den auzi bat prozeduraren ondorioz nola luzatzen den ikusteak. Botere Judizialaren Lege Organikoa orain dela urte askotakoa da, eta prozedura eguneratu den arren, prozedura idatzia da, hau da, dena paperean egon behar da. Hain antzinakoa denez, horretan denbora asko galtzen da. Eta saiatu behar dugu guztiok, Ertzaintzak, epaileek… Justizia eragingarria izan dadin, prozedura guzti horiek epe laburrean betetzen, errazten eta arintzen, eta dauden baliabide teknologikoak -posta elektronikoa, telefonoak,e.a.- erabiltzen, eta paper guzti hori kentzen. Epaile baten bulegora zoazenean, paperak pilatuta ikusten dituzu, eta hori, prozedura mota horren adierazle garbia da.
 

2 Iruzkinak

Webmaster de JustiziaEus2018/10/18
Hola Kleper, desconozco qué es un certificado antiterrorista ¿Es posible que lo que necesites sea un certificado de antecedentes penales? Saludos
kleper carabali 2018/10/18
hola buenos dias le saluda arriva mencionado esta muy bien la noticias que publican pero mi otra pregunta es si pueden hacerme un gran favor como puedo solicitar un certificado antiterrorista donde puedo dirigirme para solicitarlo si pueden dar el telf gracias y saludo

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*