Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Alberto Olalde, Justizia Errestauratiboaren bideratzailea: "Biktimen minarekin buzti behar da"

2019(e)ko martxoaren 25a

Alberto Olalde

Alberto Olaldek ibilbide profesional luzea du, ikasketak EHUko Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolan hasi zituen, eta harrezkero munduan zehar hainbat ikasketa-ziklo eta bidaia egin ditu.  Murtziako Unibertsitatean esku-hartze sozial eta bitartekaritza arloan doktoratu zen 2017. urtean, eta horren ondoren,  “Justizia errestauratiboa zigor-arloan praktikan jartzeko 40 ideia ” liburua argitaratu zuen (Dykinson argitaletxea). Gaur egun, EHUren Lan Harreman eta Gizarte Langintza fakultateko irakasle laguntzaile da (Arabako Campusean) eta biktimizazio larria eragin duten justizia errestauratiboko prozesu ezberdinetan bideratzaile lana egiten du. 

Nondik datorkizu Justizia Errestauratiboarekiko grina?

1998an Donostiako Kriminologiaren Euskal Institutuan masterra ikasten ari nintzen, eta irakasleetako bat Antonio Beristain zen. Bere eskolak zirraragarriak eta dialektikoki zirikatzaileak ziren; bere hitzetan, kaltegileak biktimari egindako kaltea konpondu behar du, eta gaizkileekin lan egiterakoan biktimen gaineko ardura ere hartu behar da; alegia, gaizkileekin egindako lan orotan biktimei eta eragindako kalteei erreparatu behar zaiela esaten zuen. Nik garai hartan Andoiuko zentroan egiten nuen lan -Eusko Jaurlaritzak Araban duen neska adingabe arau hausleen zentroa- eta Antoniok esaten zigunak eragin handia izan zuen nigan.  

Inflexio-puntu bat egon zela aipatzen duzu liburuan

Bai, egin nuen lehenengo topaketa errestauratiboa, Andoiuko hezitzaile nintzenean egin nuena. Zentroan zegoen adingabe baten eta haren biktimaren gurasoen artean egin genuen. Biktimari jipoi itzela eman ziolako zegoen zigortuta erasotzailea. Kriminologiako Euskal Institutuan egin genuen topaketa, ni bideratzailea izan nintzen eta zentroko gizarte langileak ere hartu zuen parte. Topaketa hartan biktimaren gurasoek kriminologia eta biktimologia liburuetan irakurri nituen galdera berdinak zituztela ikusi nuen.  Epaiketak ase gabeko beharrak zituzten; beldur ziren, aste gutxi barru neska kalera ateratzean euren alaba berriz jipoituko zuela uste zutelako. Biktimak aurretik jipoi itzela jaso zuenez “beldurtuta gaude, kalera ateratzen denean gure alaba berriz harrapatzen badu akabatu egingo du”, zioten. Egia esan, topaketa erraz samarra izan zen. Gurasoek behar zuten erasotzaileak euren alaba ez erasotzeko konpromisoa hartzea, eta konpromisoa entzun egin zen.  Baina xumea izan arren, topaketa hark hunkitu egin ninduen, testu liburuetan ikasitakoa egiaztatu nuelako: biktimak sinbolikoki erreparatuta sentitu ziren eta oso gustura zeuden. Haren ostean, trebakuntzan inbertitzeko eta arlo horretan sakontzeko erabakia hartu nuen.

Pertsona ezberdinen eskuak elkar-hartuta

Zer beste hezkuntza bilatu zenuen?

1999an Bartzelonara joan nintzen bitartekaritza ikastera, baina garai hartan bitartekaritza komunitarioa eta familiakoa ziren nagusi; zigor-arloa zertxobait aipatzen zen, adingabeen justiziaren arloan batez ere arlo horretan oso garatuta zegoelako, baina helduen justizian hasi berri zegoen. Helduen arloan dena egiteke zegoela iruditu zitzaidan. 2000. urtean Salvador Puntes-ek Bartzelonako Unibertsitatetik Lovainako (Belgika) Unibertsitate Katolikoaren Kriminologia Fakultatean egoitza egitea eskaini zidan. Han bidea argi ikusi nuen, besteak beste, Tony Peters, Johan Deklerck, Ivo Aertsen eta Antonio Buonatestaren eskutik.  Gaur egun justizia errestauratiboa deitzen dugunaren oinarriak ezagutu nituen. Horren ondoren atzerrian ikasten jarraitu nuen. Justizia Errestauratiboaren Europako Foroan egon nintzen eta gero Bitartekaritza Masterra egin nuen Sionen (Suitzan).

2002an langabezian nengoen eta bitartekaritza arloko proiektu bat nuen esku artean.  Gauza batzuk ez ziren uste bezala joan. Mangoak saltzea bezala zen (fruitu tropikala), inork ez zituen ezagutzen. Orain supermerkatuetan daude, baina garai hartan bitartekaritzaren arloa erabat ezezaguna zen.  Zigor-arloan bitartekaritzan aritzea zientzia-fikzioa izan zen, Xabier Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzako Zigor-betearazpen Zuzendaritzatik 2007. urtean ametsa egi bihurtu zuen arte. Urte hartan Barakaldoko Zigor-arloko Bitartekaritza Zerbitzua jaio zen, eta bertan lan egiteko aukera izan nuen. Orduan ez zitzaion justizia errestauratibo deitu, txineraz hitz egitea bezala baitzen. Zigor arloak beti zeharka begiratzen bide berritzaileei.   Zigor-arloko Bitartekaritza izena egokiagoa zen. Lehenengo taldea Barakaldon lanean hasi zenean jendeari onartzea kostatu zitzaion eta mesfidantza handia zegoen, baina gu ilusioz eta gogoz indartsu geunden. Lehenengo auziek berebiziko garrantzia izan zuten; Cristina de Vicentek, garai hartako epaile dekanoak, biktimizazio larria eragindako kasuen % 80 ematen zigun. Mundu guztia harrituta zegoen, biktima eta erasotzaileak akordio batera iristea sinestezina iruditzen zitzaien…benetan? Bai, zera! –zioten zenbait funtzionariok…eragindako kalteak ordaintzeko 4.000€ eman dizkiotela biktimari?  Hemen inork ez du ezer ordaintzen eta! –zioen fiskal batek.

2010. urtean jauzi akademikoa egitea erabaki nuen eta Madrileko Comillas Unibertsitatean goi-mailako ikasketak egin nituen. Gizarte Langile doktoregoa egin nuen. Horrez gain, hainbat herrialdetan Justizia Errestauratibo entrenamenduetan parte hartu dut , Zeelanda Berrian, Pensilvanian, Ingalaterran, Belgikan…duela gutxi Vancouverreko (Kanada) Simon Fraser Unibertsitateko Justizia Errestauratibo Zentroan ikerketa egoitza egin dut.

Euskal Kriminologia Institutuaren egoitza, Donostian

Zein egoeratan dago Justizia Errestauratiboa Europan?

Ezberdintasun eta desoreka handiak daude. Europako erakunde politikoen bultzada dago batetik, eta zigor-arloaren inertzia bestetik. Herrialde bakoitza ezberdina da eta horietako batzuetan asko aurreratu da. Adibidez, Irlandan gazteen arloan lan handia egin dute eta 25 urtetik gora daramatzate konferentziak bideratzen. Ingalaterra ere azkar doa, erakunde komunitarioak daude eta horien bitartez bideratzaileak akreditatzen dira. Azpimarratu behar da, hala ere, errealitate anglosaxoiek batzuetan ez dutela gure kultura juridikoarekin eta zuzenbide erromatarrarekin bat egiten. Ingalaterran, adibidez, Justizia Errestauratiboa nahiko garatuta dago, baina erakunde filantropikoek eta komunitarioek lantzen dute; Kanadaren estiloa antzerakoa da. Austria, berriz, oso aurreratuta dago etxe barruko indarkeriaren arloan; Italia, bestalde, helduen arloan oso atzetik dator. Hainbat urtez geldi egon ostean Frantzia berpizte prozesuan dago orain, eta herrialde eskandinaviarretan aurretik doaz, praktikak oso garatuta daude eta komunitateak protagonismo handia du…

Baina Europako orokortasunari erreparatuz gero, begiak Belgikan jarri behar ditugu. Han lege arloan aurrerapenak egin dira (zigor-arloko bitartekaritzako legea dute), eta unibertsitateek ebaluazio eta gainbegiratze lan handia egiten dute. Belgikara bidaiatu nuen Espainian Justizia Errestauratiboaren arloan hutsunea handia nabaritu nuelako. Ez zegoen, adibidez, gai horretan sakontzen zuen libururik, guztia bitartekaritzara zuzenduta baitzegoen.   Bereizi egin behar dira: biktima-gaizkilearen arteko bitartekaritza Justizia Errestauratiboaren tresnetako bat da, baina askoz gehiago daude. Terrorismoaren arloan gertatutako biktimizazio larrien inguruko topaketa errestauratiboak daude, biktimei laguntzeko zirkuluak, bakezko zirkulu sendatzaileak, komunitatearen konpontze-programak, biktimen panelak, biktimizazio sexualaren eremuan egiten diren gaizkileen ardurari buruzko eta biktimei laguntzeko zirkuluak, eta espetxetik atera aurreko integrazio-zeremoniak daude, beste hainbaten artean. Espainiako literaturan antzeman nuen hutsunea betetzeko –bitartekaritza arloa bakarrik jorratzen zen- bideratzaileei laguntzeko liburu bat argitaratzea erabaki nuen.

Zein da Euskadiko egoera?

Bideak irekita daude; hala ere, Katalunia aurretik egon da beti. 2007tik Euskadiko barruti judizial guztietan 12.000tik gora auzi bideratu dira, eta horrek Espainian kasu gehien bideratu duten autonomia erkidegoen zerrendako lehen postuan jarri gaitu. Eta ez naiz Bilbokoa. Kritikoak izan gaitezke, gehiago egin daitekeela esan dezakegu…baina Eusko Jaurlaritzako arduradun ezberdinek egin duten lana txalotu egin behar da.  Euskadiko lantaldeak besteko esperientzia duen profesional talde gutxi dago, bidean profesional on horietako batzuk galdu diren arren.

Zer egin behar da bideratzaile izateko?

Bitartekaritzan prestatzea erraza da, ez ordea Justizia Errestauratiboan. Merkatuan bitartekaritza arloko ikastaro asko daude eta horietan zigor-arloko ordu batzuk sartzen dituzte. Askok zigor-arloa familia-arloaren, eskolakoaren, zibilekoaren edo komunitarioaren maila berdinean jartzen dute, baina berez, gauza ezberdinak dira.  Inork uste al du oraindik kalte konponezina jasan duen biktima batekin bitartekaritzaren hizkera tipikoa erabilita -helburua alde biek irabaztea dela esanda- auzia konponduko dela? Edo bitartekaritzarekin epaiketa ekidingo duela esanda? Hizkera horrek jada ez du balio.  Justizia errestauratiboaren lengoaia berreskuratu behar da; lengoaia horrek gatazkak eragin duen desoreka morala bere baitan bildu behar du, zigor-arlokoa izan behar du, hau da, zigorra negoziatzeko aukerarik ez dagoenean, kaltea norbere gain hartu eta konpontzeko aukera bakarrik eskaintzen duena. Epaitegiko testuinguruan egiten denean sistemaren beraren kontrola dueña. Arlo honetan urte luzez lan egin dugunok hasiera batean zibil-arloko bitartekari izan ginen. Birziklatu egin behar izan genuen, gure baloreak eta printzipioak berraztertu behar izan genituen zigor-zuzenbidearekin lotutako traumaren, minaren, espetxeratzearen eta gizatiartasunaren galeraren  aurrean erantzun egokia ematen jakiteko.

Alberto Olalde, elkarrizketa, justizia errestauratiboa

Non dago akatsa?

Bitartekaritzaren hizkera neutroa da. Desmond Tutuk esan zuen, bidegabekeriaren aurrean neutrala bazara, zapaltzailearen aldea aukeratu duzu. Familia barruko bitartekaritzan, gurasoak gutxi gorabehera maila berdinean daude. Merkataritza arloko bitartekaritzan, alde biak izan ohi dira gatazkaren sortzaile. Baina zigor arloan sarritan egoera desorekatua dago, biktima ez da inolako gatazkaren parte. Bitartekaritzan ikasitako tresnak ez dira baliagarriak zigor-arloan.  Deusezak dira. Justizia errestauratiboan aurrez aurreko prestakuntza falta da, eta ez online egindakoa.
Autonomia erkidego askotan zerbitzuak eta lantaldeak finantzatzeko apustua egitea falta da; beste era batera ezin dira -Biktimaren Estatutuak ezartzen duen bezala- biktimen eskubideak gauzatu.

Zer behar da bideratzaile ona izateko?

Nire iritziz, zenbait balore izan behar dira: Pazientzia, zintzotasuna, irudimena eta eusteko gaitasuna; jakinduria, barne isiltasuna eta meditazioa, umorearen zentzu etiko sakona, sentiberatasuna, gertutasuna eta errespetua. Hortik aurrera, tresnarik egokiena pertsona bera da. Bakoitzak gehitu dezala nahi duena. Biktimen minarekin busti behar da, bizigarria da. Etengabe hezi beharra dago, aldaketak oso azkar gertatzen ari baitira. Duela gutxira arte balekoa zena, gaur egun ez da bideragarria edo ez da ona biktimarentzat.

Bitartekaritza arloan Justizia Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren familia barruko bitartekaritza arloko erregistroak daude, baina ez da nahikoa. Unibertsitateko goi-mailako ikasketak edukitzea oinarrizkoa iruditzen zait. Hortik aurrera, administrazioek aurrea hartu behar dute eta Justizia Errestauratiboan aritzeko bitartekaritza motz gelditzen dela ulertu behar dute.

Laburbilduz, baloreak, gradu eta gradu osteko prestakuntza, etengabeko prestakuntza izatea eta kode etiko eta praktika egokien kodeekin bat egitea. Arlo horretan giza-zientzietan, gizarte zientzietan eta arlo juridikoan ari den edonor ongietorria da, baina ikuspegi kriminologiko eta biktimologikoa ezinbestekoa da.


5 Iruzkinak

Alberto J. Olalde2019/10/30
Hola Maria Jose, gracias por tus palabras. Puedes encontrar mucha información sobre el modelo europeo de justicia restaurativa juvenil en http://www.ejjc.org/eumodel Tambien en este otro vínculo de la Generalitat de Catalunya, puedes encontrar un material muy práctico: el mapeo del conflicto: Teoría y metodología, aplicación práctica en justicia juvenil https://ecatalunya.gencat.cat/eCatRepository/download?fileId=40280e8c4ebe7029014ebf3f0a0f04c6 Y en nuestro contexto vasco tienes al autor Fernando Alvarez, un ejemplo de su obra es https://www.ehu.eus/ojs/index.php/inecs/article/view/258 Saludos cordiales
MARIA JOSE2019/10/27
Estoy preparando mi TFG del Grado en Criminologia y tras leer esta articulo me he comprado tu libro. Anteriormente me había comprado el de Howard Zehr, y también sigo mucho a Virginia Domingo en su blog.. Mi trabajo va encaminado más en la JR en menores y de esto si que no encuentro mucho. Me podías ayudar con alguna información que me acerque más a mi TFg. Muchas gracias por expresar tus ideas y conocimiento
Alberto J. Olalde2019/04/29
Hola Victoria, gracias por tus comentarios. La página web del Foro Europeo de Justicia Restaurativa es un buen recurso para conocer más información sobre justicia restaurativa, http://www.euforumrj.org/ Esta otra web tambíen puede ser de tu interés: http://restorativejustice.org/rj-library/#sthash.34sKuNyQ.dpbs Por otro lado el libro citado en este mismo artículo, en la Editorial Dykinson, te puede ayudar con las referencias bibliográficas. Saludos cordiales
Webmaster de JustiziaEus2019/04/26
Hola Victoria, muchas gracias por tus palabras. Si quieres ampliar información, al final de la entrevista tienes un enlace directo al Servicio Vasco de Justicia Restaurativa. Ahí podrás consultar, entre otros aspectos, cómo es un proceso restaurativo en Euskadi y la normativa que lo regula. Saludos
VICTORIA PALOMARES MORALES2019/04/25
Me parece muy interesante y sobre todo de gran valia este articulo, estoy muy interesada en este tema, ya que en Mexico apenas comienza a darse esta innovacion, sobre todo en materia penal, me agradaria mucho seguir recibiendo informes, novedades y sobre todo orientacion bibliografica sobre justicia restaurativa. saludos y a sus ordenes.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*