Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

2011ko lehen seihileko genero indarkeriaren balantzea aurkeztu dute

2011(e)ko irailaren 23a

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak, Mariola Serranok, Euskadin 2011ko lehen sei hilabeteetako genero indarkeriaren balantzea aurkeztu du gaur. 1.952 emakumek jasan dituzte erasoak, batzuek behin baino gehiagotan, eta sasoi horretan 2.357 biktimizazio izan dira guztira. Sasoi berean, erakundeek biktimei laguntzeko egindako ekimenen artean, Zuzendaritzatik 637 jarduera egin dira biktimei laguntzeko eta aholkuak emateko, 36 diru-laguntza eman dituzte eta etxebizitza bana eman diete biktima izan diren bost emakumeri.

Mariola Serranok aurten Euskadin genero indarkeriaren ondorioz hil diren bi emakumeak gogoratuta abiatu du bere hitzaldia. Rosario Román eta Deisi Mendoza euren bikotekide ohiek hil zituzten; Hernanin bata, uztailaren 3an, eta Bilbon bestea, abuztuaren 22an. Horiez gain, June Estornes (ekainaren 17an hil zen, Durangon) ere ekarri du gogora. Hori ez da estatistika ofizialetan ageri, ordea, horren bikotekide ohiari lesioak egotzi baitzizkioten, hilketa baino.

Serranok azaldu duenez, 2011ko lehen seihilekoan, aurreko urteko datuekin alderatuta, hazi egin da genero indarkeriaren biktima diren emakumeen kopurua. Guztira, 2.357 biktimizazio erregistratu dira, biktima izan diren 1.952 emakumeek jasandako eraso guztiak zenbatuta. Datu horien arabera, erasoen % 77 biktimaren bikotekideak edo bikotekide ohiak egin ditu.

Ertzaintzak ikertu dituen kasu gehienak biktimek eurek jarritako salaketen ondorioz izan dira. Hala ere, zuzendariaren esanetan, badaude oraindik euren erasotzaileen kontra salaketarik ez jartzea erabakitzen duten emakumeak; Ertzaintzak 519 ikerketa egin ditu guztira "ofizioz", biktimaren salaketarik izan gabe.

Biktima izan diren emakumeen % 68,5 espainiarrak dira eta gainerako % 31,5a, atzerrian jaiotakoak. Asteburu gauetan gertatzen dira horrelako eraso gehienak, estatistiken arabera.

Erakundeen laguntza

2011ko lehen seihilekoan informazioa eta aholkuak emateko 637 jarduera egin dira Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bulegoetan, 36 diru-laguntza eman dira eta etxebizitza bana eman diete genero indarkeriaren biktima izan diren bost emakumeri. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzan biktimak artatzeko leihatila bakarra jarri da martxan, sexu esplotazioaren eta adingabeei eragiten dien moduaren gainean sentsibilizazio kanpaina espezifikoak egin dira, eta sexu esplotaziorako erabiltzen diren gizakien trafikoari buruzko baliabideen gidaliburua eta genero indarkeriari eta lanean sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko liburuxkak kaleratu dituzte.

Ekainaren 30ean, EAEko 46 emakume etengabe zainduta zeuden horiek babesteko eskolten bidez, 20 erasotzailek eta biktimak eskumuturrekoa zuten uneoro non zeuden jakiteko, eta 242 emakumek "Bortza" sakelako telefonoa zuten euren burua babesteko, Ertzaintzak emanda. 

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko