Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Udaletako Justizia Bulegoak eta Instantzia Auzitegiak martxan jarriko dira Euskadiko bederatzi barruti judizialetan

Argitalpen-data: 

Udaletako Justizia Bulegoak eta Instantzia Auzitegiak martxan jarriko dira Euskadiko bederatzi barruti judizialetan

Uztailaren 1etik aurrera, Euskadin hasiko da indarrean Justizia Zerbitzu Publikoaren Efizientziari buruzko 1/2025 Lege Organikoaren lehen ezarpen-fasea. Fase honetan, Udaletako Justizia Bulegoak (UJB) eta Instantzia Auzitegi berriak jarriko dira martxan Amurrio, Balmaseda, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Azpeitia, Bergara, Irun eta Tolosa barruti judizialetan.

Aldaketa honek justizia zerbitzu publikoaren egiturazko eraldaketa dakar, herritarrengana hurbiltzeko, antolaketa sinplifikatzeko eta sistemaren efizientzia hobetzeko helburuarekin.

Udal mailan, egungo bake epaitegiak Udaletako Justizia Bulego bihurtuko dira, herritarrek justizia zerbitzu publikoan sartzeko lehen ate gisa. Udal bakoitzak bere ezaugarrien araberako UJB bat izango du, Justizia Administrazioko funtzionarioekin edo udalak izendatutako langile egokiekin, eta barruti judizialeko zerbitzu komunekin koordinatuta.

Era berean, barruti bakoitzean Instantzia Auzitegi bakarra eratuko da, egungo epaitegi unipertsonalak ordezkatuz. Organo honek jurisdikzio ordena guztiak barne hartuko ditu (zibila, penala, etab.), egitura kohesionatuago eta espezializatuago batean, baliabideen banaketa eta prozeduren kudeaketa hobetuz.

UJB eta Instantzia Auzitegien ezarpenak herritarrentzako hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu:

  • Arreta pertsonalizatua eta beharrezkoak ez diren desplazamendurik gabe, bideokonferentzien eta baliabide telematikoen bidez.
  • Ziurtagiri ofizialetarako sarbidea, Erregistro Zibilaren eta Justizia Ministerioaren bidez, udalerriko UJBetan bertan.
  • Izapide elektronikoetan laguntza eta arrakala digitalaren aurkako borroka, bereziki adinekoentzat edo kolektibo zaurgarrientzat.
  • Zerbitzu osagarriekin koordinazio handiagoa, Biktimentzako Laguntza Bulegoekin, kolegio profesionalekin eta bitartekaritza edo kontziliazio zerbitzuekin.
  • Organo judizialen berrantolaketa, Instantzia Auzitegiaren sorrera dela eta, espezializazioa eta prozedura-eraginkortasuna hobetzeko.

Eredu berriak justizia zerbitzu publikoa berrantolatu eta indartzen du, gizartearen gaur egungo beharretara egokitutako justizia hurbilago eta modernoago baten alde eginez.

Bigarren fasea urte amaieran

Bigarren ezarpen-fasea 2025eko abenduaren 31rako aurreikusi da, eta Eibar, Barakaldo eta euskal hiriburuetan: Bilbo, Donostia eta Gasteizen gauzatuko da.

Horrela, Euskadik amaitutzat emango du justizia eredu berria ezartzeko prozesu integrala, hurbiltasunean, efizientzian eta herritarren eskubideekiko konpromisoan oinarrituta.