Deustuko Unibertsitatearen Auditorioan Auzitegiko Psikologiaren I. Kongresua egingo da apirilaren 18tik 20ra bitartean, Psikologia eta Justizia pertsona ahulen zerbitzura izenburupean. Inaugurazio-ekitaldia gaur arratsaldean izan da, eta bertan parte hartu dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak; María Carrasco Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak; Begoña Rueda Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialeko dekanoak eta Fernando Álvarez Justizia Administrazioko Auzitegi Psikologiako Elkarteko presidenteak.
Hiru egunez, Psikologiako eta Auzitegiko Psikologiako profesionalek hainbat alderdi jorratuko dituzte, honako hauekin lotuta: nahasmendu mentala duten pertsonen gaitasuna zigor-ondorioetarako ebaluatzea; aldez aurretik eratutako probak eta sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeen lekukotzaren balorazioa; perituen esku-hartzea adingabeak inplikatzen dituzten familia-prozesu zibiletan edo desgaitasuna duten pertsonen kasuetan; gurasoen arteko gatazka handiko egoerak baloratzea edo legearekin gatazkan dauden adingabeen kasuan esku hartzea.
“Kasu konplexu batzuetan, Auzitegiko Psikologiak ematen duen aholkularitza espezializatua behar da; baina hori ez da ulertu behar independentziari eta epaileen hurbiltasunari egindako kaltetzat”, esan du Nerea Melgosak bere hitzaldian. Sailburuak sakondu egin du: “Hori bereziki pertsona ahulenen kasuan gertatzen da, hala nola, adingabeen kasuan, adimen-urritasuna duten pertsonen kasuan edo zenbait biktima-kategoriatan, esaterako, sexu-abusuen biktimetan”.
Euskadin “barruti judizial guztietan badaudela Auzitegiko Psikologiako zerbitzuak” azaldu ondoren, Justizia sailburuak arlo horretako prestakuntza balioetsi du. Hala, zenbait unibertsitatetan espezializazio-masterrak sortzeaz hitz egin du, eta onartu du etorkizunean “euskal unibertsitateetan ere egin daitezkeela”.