Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

"Justizian heztea" programak sistema judiziala hurbildu die 2023-2024 ikasturtean 73 euskal ikastetxetako 3.557 ikasleri

Argitalpen-data: 

· Epaileen eta Fiskaltzaren aldetik 41 profesionalek hartu dute parte, eta Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak hezi dituzte

· Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Auzitegi Nagusiak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak diseinatutako programa garatu dute

Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 73 ikastetxetako 3.557 ikaslek eta Epailetzako eta Fiskaltzako 41 profesionalek parte hartu dute 2023-2024 ikasturtean Justizian hezteko programan, Justizia eta haren funtzionamendua Euskadiko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta LHko ikasleei hurbiltzeko.

2023-2024 ikasturte honen amaierarekin bat eginez, Bilboko Justizia Jauregian IES Arrigorriaga BHIko eta Bilboko Berrio-Otxoa Ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleek egindako bi kasuren simulazioa egin da, euskaraz eta gaztelaniaz.

Ekitaldian izan dira Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentea; Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako jarduneko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; María del Mar Cabrejas eta Enrique Lucas Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak eta Manuel Lezertua Arartekotik. Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuordea eta Eugenio Artetxe Justiziako zuzendaria ere ekitaldian izan dira.

“Garrantzitsua da gazteak gure sistema judizialera hurbiltzea”, esan die ikasleei Nerea Melgosa sailburuak, “delitua zer den, zuen erantzukizun penalak zein diren eta, batez ere, biktima izan zaitezketen egoerak identifika ditzazuen”.

Sailburuak adierazi duenez, “Justizia ez ezagutzeak ahuldu egiten gaitu, baina bere ezagutzak gure eskubideak eta erantzukizunak hobeto ulertzeko edo eskatzeko ahaldundu egiten gaitu”.

Bere hitzaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak balioetsi egin du programa elebidun hori, gazteek epaileen, fiskalen eta abokatuen epaiketetan duten funtzioa ezagutu dezaten prestakuntza-interes handiko gaietan, hala nola, genero-indarkerian, eskola-jazarpenean eta sare sozialetako pribatutasunean.

Era berean, zoriondu egin da programan izena eman duten ikastetxeen kopurua handitu delako. Hurrengo ikasturteetan ere jarraituko duela espero du, eta, bide batez, eskerrak eman ditu epaileen laguntzagatik. Izan ere, epaileek denbora eta beraien ezagutza eskaini diote jarduera honi.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizian Hezteko programaren koordinatzaileak, Emilio Lamo de Espinosa magistratuak, ikasleei dei egin die ezagutzen dituzten eta besteei kalte egin diezaieketen portaera guztiak salatzeko, eta gogorarazi die mundua aldatzeko egoerarik onenean daudela, ikasturtean ikasitako askatasuna, justizia, berdintasuna eta tolerantzia balioak praktikan jarriz.

Daniel Calderon magistratuarekin batera, Lamo de Espinosa arduratu da bi ikastetxeek gaur Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregiko 1. ikustaldi-aretoan simulatu dituzten epaiketen kasuak sartzeaz.

Lehenengoa, IES Arrigorriaga BHIko DBHko 4. mailako ikasleak protagonista dituena, ziberjazarpen eta sexting kasu bat izan da, euskarazko gidoi batekin simulatu dutena. Bigarrena, Bilboko Berrio-Otxoa Ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleek eskolako jolastoki batean egindako eraso baten epaiketa izan da.

Programaren bilakaera

Justizian heztea 2019-2020 ikasturtean hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoan, pilotu batekin. Pilotu horretan, Bilboko bi zentrok parte hartu zuten (ngeles Custodios eta IES Botikazar BHI), baina Covid-19aren pandemiak eten zuen, eta 2022-2023ko ekitaldian ekin zioten berriro, 48 ikastetxetan eta 40 epaile ingururekin.

Edizio honetan 73 ikastetxek hartu dute parte programa honetan (14 Araban, 43 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan), 40 epailerekin eta fiskal batekin batera.

Jasotako balorazioa ona izan da ikasleen eta ikastetxeen artean, ekimen honetan parte hartzen jarraitzeko interesa erakutsi baitute.

Programa hiru saiotan banatuta dago ikastetxe bakoitzeko, eta euskaraz zein gaztelaniaz egiten da. Lehenengoan, epaileak solasaldi bat izaten du ikasleekin; bigarrenean, ikasleek epaiketa batera joaten dira; eta, azkenik, hirugarren saioan, ikasleek epaiketa baten simulazioa egiten dute, benetako kasuei buruzko gidoiak erabiliz, epaile baten babespean.

Justizian heztearen helburua da ikasleek sistema judizialak nola funtzionatzen duen behar bezala jakitea, eta jurisdikzio-ordena desberdinak (zibila, penala, administrazioarekiko auzietakoa eta soziala) zein diren, zigor-arloko epaiketa nola garatzen den eta alderdi bakoitzak zer funtzio betetzen duen jakinaraztea.

Gainera, arreta berezia jartzen da eskola-jazarpenean, sare sozialen erabileran eta pribatutasunarekiko errespetuan, berariaz aipatuz irudi intimoak edo sexualak trukatzea, genero-indarkeria, drogen kontsumoa eta adingabearen erantzukizun penalean.

Justizian heztea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Komunikazio Bulegoak sustatutako ekimena da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren parte-hartzea du. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Justizia Sailburuordetzaren bitartez, programaren koordinazioaz arduratzen da.

Prentsa-ohar osoa kontsulta dezakezu Irekian (leiho berri batean irekitzen da).