1870ean Erregistro Zibilak sortu zirenetik, mundua eta hura interpretatzeko modua nabarmen aldatu dira. Gizartea inoiz baino konektatuago dago, eta, klik batzuekin bakarrik, milaka kilometrotara dauden pertsonekin harremanetan jartzeko aukera daukagu, bai eta gure egunerokotasunerako baliagarria izan daitekeen informazioa eskuratzeko aukera ere. Herritarrak errealitate berrira egokitu dira, eta, era berean, administrazio publikoek bide horri eutsi diote. Horregatik, XX. mendearen amaieraren eta XXI. mendearen hasieraren artean, Erregistro Zibilak beren zerbitzuak informatizatzen hasi ziren.
Prozesuaren lehen urratsa INFOREG aplikazio informatikoa garatu eta ezartzea izan zen. Sistema horrek liburu fisikoari eusten badio ere, eskuz idaztea alde batera uzten du. Aplikazioak informazioaren kudeaketa informatizatua ahalbidetuz, edukiaren irisgarritasuna hobetu eta ziurtagiriak egoitza elektronikoaren bidez azkarrago sortzeko eta kontsultatzeko aukera eman du. INFOREG sistemak indarrean jarraitzen du oraindik, eta oso paper garrantzitsua dauka, nahiz eta etorkizunean DICIREG aplikazioak ordezkatuko duen.
Hain zuzen ere, 2022. urtearen amaieran, Euskadiko Erregistro Zibilak aipatutako azken sisteman sartzen hasi ziren. Plataformak, besteak beste, Erregistro Zibilen erabateko digitalizazioa bilatzen du, eta, horretarako, paperezko liburuak alde batera uzten ditu, formatu digitaleko dokumentuei bide ematen die eta oztopo geografikoak hausten ditu. Modu horretan, erregistroen arteko elkarreragingarritasuna sustatzen da.
Estrategia berriaren bidez, erregistro zibilen fokua ere aldatzen da. "Antzinako ideia lurraldea zen, ideia berria pertsona da", baieztatu du Carlos Cordero Lozano Justizia Administrazioaren letraduak, Erregistro Zibilaren arduradunak. Arrazoi nagusia da "Banakako Erregistroa" deritzona sortu dela, eta, horrek, orain arte beti lotuta egon diren bi ideia bereiztea ahalbidetzen du: gizabanakoa eta haren Erregistro Zibila. DICIREG ezarri ondoren, pertsona lehen planora pasatzen da, une bakoitzean zer udalerritan dagoen kontuan hartu gabe.
(Ezkerrean: Sistema zaharreko liburua, eskuz idatzia. Eskuinean: Liburua INFOREG sistemarekin, digitalki inprimatuta)
Euskadin, DICIREG sisteman sartu zen lehena Bilboko Erregistro Zibila izan zen, barruti judizial bereko bulego laguntzaileekin batera. Geroago, 2023ko apirilean, Gasteizko eta Donostiako Erregistroen txanda izan zen eta, ondoren, gauza bera egin zuten gainerako bulego orokorrek. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoa plataforma berri horretan osorik integratuta geratu zen uztaileko lehen astean, eta, era berean, DICIREG sistema erabat ezarri zuen Estatuko lehen erkidegoa izan zen.
Sistema berriaren onurak, batez ere, etorkizunean ikusiko dira; izan ere, aplikazio sortu ondoren jaiotako pertsonak bakarrik inskribatu dira banakako Erregistro Zibilean. Horrek esan nahi du urte dezente itxaron beharko direla onura guztiez gozatu ahal izateko. Hala ere, Justizia Administrazioa digitalizatzeko planaren fase berriak askoz haratago eragiten du eta gaur egun Erregistro Zibiletako langileei zein herritarrei mesede egingo dieten aurrerapenak dakartza.
Horren froga da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioa bere erregistro zibiletako liburuak digitalizatzeko prozesu batean murgilduta dagoela 2023ko amaieratik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetza buru duen proiektu baten bidez. Zehazki, datozen bi urteetan 11.000 liburu baino gehiago digitalizatzea aurreikusten da, eta horietako batzuen kasuan, 1870. urtera arte atzera egin behar da. Digitalizazioari esker, liburuak formatu elektronikora igaroko dira eta administrazio-izapideak arindu eta profesionalen lana erraztuko dira.
(Eskuz idatzitako liburu baten bistaratzea, eskaneatu ondoren)
Gainera, prozesua amaitu eta Estatuko liburu guztiak digitalizatuta daudenean, erregistroen arteko lotura hobetuko da. "Adibidez, duela 48 urte Sorian jaio eta orain Bilbon bizi den pertsona batek bere jaiotza-ziurtagiria eskatzen badigu, berehala lor dezakegu Bilbon. Digitalizatuta ez badaude, paperezko ziurtagiri bat eskatu behar da eta egun batzuk luzatuko da” azaldu du Cordero Lozanok.
Eskaneatze-lana
Helburua zein den jakin ondoren, digitalizazio-lanetan sakontzeko garaia da. Liburuak eskaneatu egiten dira, eta horietatik metadatu batzuk ateratzen dira informazioa sailkatzeko eta artxibo digitalean bilaketa errazteko. Informazio guztia zuzena dela egiaztatu ondoren, Justizia Ministeriora bidaltzen da. Ministerioak berriro egiaztatzen du informazioa, eta, ostean, dokumentuak INFOREGen kargatzen ditu, DICREGen behin betiko kargatu arteko tarteko urratsa.
Teoria erraza dirudien arren, praktika, batzuetan, ez da hain erraza. Batez ere, liburuak baldintza onenetan ez daudenean. "Erreta dauden liburuak aurkitu ditugu. Guda-garaian, erasotzeko puntu gogokoenetako bat zen; Erregistro Zibiletatik artxiboak ezabatzea herri baten memoria historikoa ezabatzea bezala baitzen ", azpimarratu du Carlos Cordero Lozanok.
Arazo handien aurrean, konponbide handiak. Zentzu horretan, hondatutako artxiboetako informazioa berreskuratzeko ezintasuna parrokia-artxiboen bidez osatu da. "Garai batean, jende guztia bataiatzen zen, jende guztia elizan ezkontzen zen eta jende guztia lurperatzen zen. Orduan, parrokia-artxiboa Erregistro Zibilaren paraleloa zen. Horri esker, lurralde askoren historia salbatu da", azaldu du Cordero Lozano letraduak. Hala eta guztiz ere, parrokia-artxibategirik ez dagoen kasuetan, konponbide posible bakarra hondatutako liburuen informazioa argitzen saiatzea da, adibidez, adituengana, kaligrafoengana eta jende espezializatuarengana joz.
(Bilboko Erregistro Zibileko Liburuak)
Gainera, arazoak sortzen dira ere beste herri handiago baten auzo bihurtu diren herri zaharrekin. Kasu horietan, jada desagertu diren herrien artxiboak aurkitzeko "detektibe-lanak" egin behar dira. Horrez gain, aldaketa jakinarazi behar da.
Eskaneatze- eta digitalizatze-prozesua amaitzen denean, zenbait liburu bidaliko dira adibide gisa lurralde-artxibora. Artxibo horrek, lurralde bakoitzean "artxibo historiko-artistiko" antzeko bat du eta inoiz suntsituko ez den ondare-funts gisa eratzen da.
Proiektuaren aurrerapenak
Aipatutako lan guztiak aurrera eramateak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak apustu argia egin duela Justizia Ministerioak Erregistro Zibila modernizatzeko duen proiektuaren alde. "Euskadi oso ondo doa. Oso tematuta dago ondo egiten. Bere gain hartu nahi duen zerbitzu publikoa da eta irudi ona eman nahi du herritarren aurrean”, adierazi du Carlos Cordero Lozanok, Justizia Administrazioaren letradua eta Erregistro Zibilaren arduraduna denak.
Hala eta guztiz ere, Estatuko lurralde guztiek ez dute erritmo bera jarraitzen, eta proiektuak, oro har, aurrera egiten du "poliki-poliki". Horren arrazoi nagusia da prozesua garestia dela. Ondorioz, Europar Batasunaren partaidetza oso garrantzitsua da. Europar Batasunak, bere NextGenerationEu funtsei esker, proiektua finantzatzen du eta Euskadiko Justizia Administrazioaren digitalizazioa ahalbidetu du.
(Bilboko Erregistro Zibileko Liburuak)
Estatuko liburu guztiak digitalizatzen direnean, funtzionarioen lana erraztu eta arindu egingo da. Baina, ordura arte, profesionalek artxibo zaharrak eta berriak erabiltzen eta moldatzen jarraitu beharko dute. "Sistema zaharra (paperezko liburua eta INFOREG) eta sistema berriaren (DICIREG) bizikidetzak zerbitzu publikoak ematen duen zerbitzua moteltzen du. Horren arrazoia da liburu zaharren datuak etengabe hartu behar dituela DICIREG sistema berrira pasatzeko, eta ondorioz, denbora asko eta hainbat prozedura erabili behar dira idazpen bakarra egin ahal izateko", azaldu du Cordero Lozanok.
Horregatik, Carlos Cordero Lozanok uste du digitalizazio-prozesu hori "guztiz beharrezkoa" dela. "Erregistroa lurraldeari lotzea beharrezkoa zen historikoki, teknologiarik ez zegoelako eta hala izan behar zuelako, baina orain sarea dago. Orain, pertsona guztiaren gainetik dago, une bakoitzean zer lurraldetan dagoen kontuan izan gabe ".