Erregistro zibilak digitalizatzeko prozesuak aurrera darrai Euskadin. Lanak modu mailakatuan hasi ziren 2023. urtearen amaieran, eta, egun, 4.378 liburu digitalizatu dira lurralde osoan. Horretarako, DICIREG sistema ezartzeko hartu zen kronologia berari heldu zaio, bi urteko epean, Euskadiko Erregistro Zibiletako 11.000 liburu digitalizatzeko.
Bilboko barruti judizialeko eta Gasteizko barruti judizialeko bulego laguntzaileetako lanak osatu dira. Hala ere, prozesuak aurrera jarraitzen du Arabako hiriburuan, informazio-bolumen handikoa baita.
Irailean, Donostiako barruti judizialera eraman ziren lanak, non Lezo, Astigarraga eta Lasarte-Oriako bake-epaitegietako liburuen lanak jada burutu diren. Guztira, 239 liburu digitalizatu dira. Aldi berean, Barakaldoko barruti judizialeko liburukiak biltzen hasi dira, eta aurreikusten da lanak Gipuzkoako barruti judizialean amaitu ondoren bertara lekualdatzea.
Helburua Erregistro Zibil Digitala sortzea eta ezartzea da, Espainiako edozein Erregistro Zibiletik edozein herritarrek bere erregistro-informazioa eskuratu ahal izan dezan eta jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-ziurtagiriak lortu ahal izan ditzan, inskripzioa egin zen erregistrora joateko beharrik izan gabe.
Garrantzitsua da azpimarratzea prozesu hori Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak bere zerbitzuen eraldaketa digitalaren alde egindako apustu irmoaren parte dela. Ekimen hori Justizia 2030/Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan kokatzen da, eta Europar Batasunak finantzatzen du, NextGenerationEU programaren bidez. Plan horren helburua da Justiziak gizarte-kohesioa, ekonomiaren eta enpresen dinamismoa eta eraldaketa digitalaren bidez funtzionamendu-kostu orokorrak murrizteko duen gaitasuna hobetzea.