Erregistro Zibilak digitalizatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du Euskadin. Lanak amaitu dituzte Bilboko Barruti judizialean, bulego orokorra barne, eta Gasteizeko 43 bulego laguntzaileetan. Hala ere, hiriburuan prozesuak abian jarraitzen du, duen informazio-tamaina eta -bolumena kontuan hartuta. Gaur egun, 3556 liburu digitalizatu dira Euskadi osoan.
Uda ostean eta Gasteizko bulego laguntzaileetan digitalizazioa amaitu ostean, lanak Donostiakoan egiten ari dira. Donostiako Barruti judiziala honako udalerri hauek osatzen dute: Astigarraga, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia, Urnieta eta Usurbil. Behin lanak bulego laguntzaileetan amaituta, bulego orokorrera igaroko dira, eta, urte amaieran, Barakaldora eramatea aurreikusten da.
Horrela, DICIREG sistema ezartzeko hartutako kronologia berari jarraitu nahi zaio. Estrategia horren bidez, datozen bi urteetan Euskadiko Erregistro Zibilen 11.000 liburu digitalizatzea espero da.
Erregistro Zibil Digitala
Digitalizazio-prozesuaren helburua argia da: Erregistro Zibil Digitala sortzea eta ezartzea. Sistema berri horri esker, herritarrek erregistroko informazioa eskuratu ahal izango dute, eta jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-ziurtagiriak eskuratu ahal izango dituzte, Espainiako edozein Erregistro Zibiletara aurrez aurre joanda, inskripzioa egin zen lekura joan beharrik gabe.
Garrantzitsua da azpimarratzea prozesu hori Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak bere zerbitzuen eraldaketa digitalaren alde egindako apustu irmoaren parte dela. Ekimen hori Justizia 2030/Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan kokatzen da, eta Europar Batasunak finantzatzen du, NextGenerationEU programaren bidez. Plan horren helburua da Justiziak gizarte-kohesioa, ekonomiaren eta enpresen dinamismoa eta eraldaketa digitalaren bidez funtzionamendu-kostu orokorrak murrizteko duen gaitasuna hobetzea.






