Justizia Administrazioaren zerbitzuko karrerako funtzionarioa ez ezik auzitegi-medikuen, kudeaketa prozesal eta administratiboko, izapidetze prozesal eta administratiboko edo laguntza judizialeko kidegoetako parte ere izanez gero, lanpostuak aldi baterako betetzeko prozeduretan izena eman dezakezu. Horien bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak kudeatu behar dituen Justizia Administrazioko organo, zerbitzuen edo unitateen lanpostuak betetzen ditu hutsik daudenean edo titularra aldi baterako at dagoenean, presa edo beharrizana dagoenean bitarteko funtzionarioak izendatzeko aukera alde batera utzi gabe.
Deialdiak prozedura hasten du. Hori argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, interesdunek 3 egun balioduneko epea dute eskabidea aurkezteko. Eskakizun elektronikoaren ezaugarri zehatzak deialdi bakoitzean daude. Era berean, beste 3 egun baliodun aurreikusten dira aurreko urratsean aurkeztu ez den dokumentazioa zuzentzeko.
Eskaerak aurkezteko epea igaro ondoren, behin-behineko esleipenak Justiziako langileen atarian eta Justiziako webgunean argitaratzen dira. Orduan, alegazioak egiteko 3 egun balioduneko epea hasten da. Azkenik, Justizia Administrazioko zuzendariak deialdia behin betiko ebazten du.
Nolanahi ere, aintzat hartzekoa da postu-hornidura guztiak ez direla berdin egiten. Hiru prozedura daude, bakoitzak bere ezaugarri bereizgarriak dituena:
- Zerbitzu-eginkizuna: deialdia eta esleipena plaza hutsetarako bakarrik eman daitezke, eta ezinbestekoa da zerbitzu publikoaren interesari lehentasuna ematea. Eskatzaileak egiaztatu behar du lanpostuari dagokion kidegoaren parte dela eta zerbitzu aktiboan dagoela, baita lanpostu horretarako lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen dituela ere. Zerbitzu-eginkizunaren gehieneko iraupena urtebetekoa da, eta beste urtebetez luza daiteke (salbuespenak salbuespen).
- Behin-behineko atxikipena: Justizia Administrazioko beste kidego batean zerbitzuak emateagatik borondatezko eszedentzian daudenek zerbitzu publikora itzultzea eska dezakete zerbitzu-eginkizuneko, behin-behineko atxikipeneko eta ordezkapen bertikaleko prozesuetan parte hartzearen bitartez. Hori bai, aldez aurretik deialdiko postuaren baldintzak bete behar ditu. Hutsik dagoen lanpostua zerbitzu-eginkizunen bidez bete ez den kasuetan bakarrik hartzen dira kontuan zerbitzu aktibora itzultzeko eskabideak.
- Ordezkapen bertikala: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan behin betiko lanpostua duten karrerako funtzionarioek ordezkapen bertikalaren bidez lanpostu hutsak bete ditzakete. Horretarako, lanpostu zerrendetan eskatzen diren baldintza guztiak bete behar dituzte, baita hutsik dagoen lanpostuaren kidegoan sartzeko titulazioa ere.
Era berean, ordezkapen bertikalera jo daiteke lanpostua betetzen duen pertsonaren absentziak 3 hilabete edo gehiago iraungo duela aurreikusten denean.