Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorreko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legea sartu da indarrean

Argitalpen-data: 

Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorreko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legea sartu da indarrean

Legearen indarrean sartzea errazteko, zehazki sexuaren erregistro-zuzenketa eskatzeko aukerari dagokionez, sistema iragankor bat gaitu da aldez aurreko hitzordua posta elektronikoz eskatzeko.

Bestalde, aurrez aurreko hitzordua eskatu ahal izango da bake-epaitegi bakoitzean, dagokion erregistro zibilaren bulego delegatu gisa, eta epaitegi honek aldez aurreko hitzordua izapidetuko dio bere erregistro zibilarekin.

Berdintasuna eta diskriminaziorik eza printzipio juridiko unibertsala da. Giza eskubideei buruzko nazioarteko hainbat testutan aldarrikatzen da eta gure ordenamendu juridikoan oinarrizko eskubidetzat jotzen da. Adibidez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 2. artikuluak adierazten du pertsona orok dituela bertan adierazitako eskubideak eta askatasunak, hurrengo irizpideen arabera inolako bereizketarik eragin gabe: arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo beste edozein motatakoa, jatorri nazionala edo soziala, egoera ekonomikoa, jaiotza edo beste edozein baldintza.

Hala ere, LGTBI kolektiboko kide izatea edo transexualitatea ez dira beti zerrenda horren partetzat hartu, Osasunaren Mundu Erakundeak 2018ra arte azken hori buru-nahasmenduen eta portaeraren kapituluan sartu izanak erakusten duen bezala.

Espainian, eskubideen parekatzea Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak osatutako legegintza-prozesu luzearen emaitza izan da. Hona hemen horren mugarri nagusietako batzuk:

  • Zigor Kodea (azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa): biktimaren sexu-orientazioagatiko diskriminazioa inguruabar astungarrien artean sartu zuen lehenbiziko aldiz.
  • 2003ko abenduaren 30eko Legea, zerga-, administrazio- eta gizarte-arloko neurriei buruzkoa: berariaz aipatzen du enpleguaren esparruan sexu-orientazioaren ondoriozko diskriminazioa.
  • 13/2005 Legea, uztailaren 1ekoa: Kode Zibila aldatu zuen eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ahalbidetzeaz gain, bai horiek baita heterosexualen artekoak ere parekatu zituen.
  • 3/2007 Legea, martxoaren 15ekoa, pertsonen sexuari buruzko aipamenaren erregistro-zuzenketa arautzen duena: espainiar trans adindunei Erregistro Zibileko sexuari buruzko aipamena zuzentzeko aukera aitortu zien, aldez aurretik prozedura kirurgikorik edo judizialik jarraitu gabe. Hori bai, genero-disforia diagnostikoa aurkezteko beharra mantendu zuen. Orobat, lehen aldiz aitortu zuen amatasun bikoitza emakumeen ezkontzen harira.

Era berean, pertsona transentzako tratamendu hormonalak eta kirurgikoak osasun-sistemaren zerbitzu-zorroan sartu dira. Eta bai LGTBI pertsonen tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa, baita aniztasunaren errespetua sexu-orientazioari, sexu-identitateari, genero-adierazpenari, sexu-ezaugarriei eta familia-aniztasunari dagokienez ere hezkuntza-etapa guztien curriculumaren oinarrizko atalak dira.

Hala ere, datuek agerian uzten zuten aurreko ereduan ezberdintasun juridikoak (adibidez, oztopoak adoptatzean) nahiz sozialak zeudela. Azken horien erakusgarri da, Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziaren (OEA) 2020ko datuen arabera, Espainian LGTBI pertsonen % 42 diskriminatuta sentitu direla azken urtean, eta % 8ri eraso egin zaiela azken bost urteetan.

Arazo horiek guztiak konpontzea da Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorreko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen (leiho berri batean irekitzen da) helburua.

Balda códigos derecho

Botere publikoen jarduna

Arau berriak ezartzen du botere publikoek beharrezko neurri guztiak garatu behar dituztela tratu-berdintasuna eta LGTBI pertsonen eta haien familien sexu-orientazio eta -identitate, genero-adierazpen edo sexu-ezaugarrietan oinarritutako diskriminaziorik eza aitortu, bermatu, babestu eta sustatzeko. Era berean, erakundeen errekonozimendua, zabalkundea eta sentsibilizazioa bultzatu behar dute eremu horretan. Horrek esan nahi du, adibidez, estatistikak egin behar dituztela eta bai administrazioen arteko baita horien eta herritarren arteko (LGTBI Pertsonen Partaidetzarako Kontseilua) lankidetza sustatu behar dutela.

Landutako gaia zabala denez, estatu-estrategia bat egitea aurreikusten du, esparrua zehazteko eta tresna nagusi gisa balioko duena, baina bereziki honako eremu hauetan sakontzen du legeak: administrazioa, lana, osasuna, hezkuntza, kultura, aisialdia eta kirola, publizitatea, gizarte-komunikabideak eta Internet, familia, haurrak eta gazteak, eta kanpo-ekintza eta nazioarteko babesa.

Sexu aldaketa

4/2023 Legeak egindako aldaketa nagusietako batzuk sexuaren erregistro-zuzenketaren harira ematen dira. Adibidez, jada ez da aurkeztu behar txosten mediko edo psikologikorik, ez inskripzioan aipatutako sexuarekiko desadostasunaren inguruan, ezta prozedura mediko, kirurgiko edo bestelakoen bidez pertsonaren gorputz-itxura edo -funtzioa aldez aurretik aldatzeari buruz ere.

Era berean, sexu-aldaketa eskatzeko legitimazioa izateko bete behar diren eskakizunak txikiagotzen ditu eta horrek aukera ematen die adingabe jakin batzuei eskubide horretaz baliatzeko, prozesu berezi bat jarraitu behar badute ere:

  • 16 urtetik gorako espainiarrek haien kabuz susta dezakete zuzenketa-prozesua.
  • 16 urtetik beherako baina 14tik gorako pertsonek ere aurkez dezakete eskabidea haien kabuz, baina legezko ordezkarien laguntza behar dute prozeduran.
  • 14 urtetik beherako eta hamabi urtetik gorako adingabeek baimen judiziala behar dute erregistroan sexu aipamena aldatzeko. Beraz, Erregistro Zibilera zuzenean jo beharrean, adingabeak (bere legezko ordezkariek lagunduta, aurreko kasuan bezala) borondatezko jurisdikzioko espedientea hasi behar du, egoitzaren arabera dagokion lehen auzialdiko epaitegian.

Leones Congreso España

Esan beharrik ez dago desgaitasuna duten pertsonek ez dutela inolako eragozpenik zuzenketa eta horretarako behar dituzten laguntza-neurriak eskatzeko.

Hasiera batean, erregistroan egindako sexu aipamenaren zuzenketa erabakitzen duen ebazpenak eratze-ondorioak ditu inskribatzen den momentutik eta izaera berriari dagozkion eskubide guztiak erabiltzeko aukera ematen du. Hala ere, 4/2023 Legeak hainbat ñabardura egiten ditu mekanismo hori tratu mesedegarri bidegabea lortzeko helburu bakarrarekin erabil ez dadin; adibidez, zigor arinagoak genero-indarkeriako kasuetan. Zuzenketak dokumentu ugari egokitzea ere dakar.

Eta sexua aldatu duena damutzen bada? Sei hilabete igaro ondoren, aurreko egoerara buelta daiteke lehenengo zuzenketan jarraitutako prozeduraren bidez, estreinako aldiz damutu bada, ala beste prozesu berezi baten bitartez, dagoeneko behin baino gehiagotan atzera jo badu.

Beste berrikuntza esanguratsu batzuk

Legegileak 4/2023 Legeaz baliatzen da hainbat arauren terminologia eguneratzeko, hala nola, Kode Zibilarena eta Erregistro Zibilaren 20/2011 Legearena. Haatik, aldaketa guztiak ez dira formala. Hona hemen aipagarrienetako batzuk:

  • Ezkonduta ez dauden bai gizonen baita emakumeen arteko bikoteei aldi berean adoptatzeko aukera zabaldu zaie berariaz. Hau da, ez da beharrezkoa lehenengo gurasoetako batek adoptatzea eta gero bestea, izapidea nabarmen zailtzen zuena.
  • Lesbiana bikoteetan haurdun ez egondakoak hasiera-hasieratik adieraz dezake umearen ama dela.
  • Izena aldatzean jada ez da aintzat hartu behar izenak pertsonaren sexuarekin edo sexu-identitatearekin duen korrespondentzia identifikazioa nahasgarria den ala ez aztertzean.

Bandera trans arcoiris

LGTBIfobiaren aurkako borroka

Administrazio publikoek LGTBIfobia pairatzen dutenen babes osoa, erreala eta eraginkorra bermatu behar dute, baita hori prebenitzeko, detektatzeko eta eteteko beharrezkoak diren neurriak hartzera ere. Baina, zer da LGTBIfobia? Araudiak honela definitzen da: “LGTBI pertsona izateagatik edo uste horren ondorioz jasotzen diren jarrerak, portaerak eta arbuio, aurreiritzi, diskriminazio edo intolerantzia diskurtsoak”.

Era berean, 4/2023 Legeak honako betebehar hauek ezartzen ditu: biktimei eskubideen eta baliabideen inguruko informazioa eta orientazioa ematea, laguntza psikologikoa eta juridikoa eskaintzea, haien lan- eta gizarte-premiei erantzutea, eta, behar izanez gero, itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuak ematea.

Orobat, eginkizun hau orokorra bada ere, arau berriak LGTBIfobia oso errotuta dagoen eremuetan sakontzen du, hala nola, kirolean, familian eta hezkuntzan; eta LGTBI pertsonen babesa Espainiako Kanpo Ekintzan eragina izan behar duela xedatzen du.

Azkenik, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko, tratu-berdintasunaren eta sexu-orientazio eta -identitate, genero-adierazpen edo sexu-ezaugarriengatiko diskriminazio ezaren arloko arau-hausteen zerrenda jasotzen du. Horiek arintzat, astuntzat eta oso astuntzat jotzen dira, urratu den betebeharraren izaeraren arabera, eta 200 eurotik 150.000 eurora bitarteko isunak dute ondorio.

Azkenik, aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzako (LGTBI) eta haien ingurukoentzako informazio- eta arreta-zerbitzua duela, Berdindu (leiho berri batean irekitzen da) izenekoa, eta, adibidez, aurreko ataletan aipatutako izapideak egiten laguntzen duela.