Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Tontxu Rodriguezek Justizia Zerbitzu Publiko arinagoa eta eraginkorragoa lortzeko 2030 Justizia Planaren aurrerapenak aurkeztu ditu Gasteizen

Argitalpen-data: 

Tontxu Rodriguezek Justizia Zerbitzu Publiko arinagoa eta eraginkorragoa lortzeko 2030 Justizia Planaren aurrerapenak aurkeztu ditu Gasteizen

Otsailaren 1ean, Justiziako Estatu-idazkariak, Tontxu Rodríguezek, 2030 Justizia planaren aurrerapena aurkeztu zuen, Justizia Ministerioaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetzaren emaitza dena. Ekitaldia Gasteizen dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren Ordezkaritzan egin zen, eta bertan izan zen, besteak beste, Denis Itxaso, Gobernuaren Eskuordekoa Euskal Autonomia Erkidegoan.

Estatu-idazkariaren arabera, 2030 Justizia 10 urterako lan-plan komuna da, kogobernantzan eta autonomia erkidegoen erabateko adostasuna kontuan izanda garatu dena, eta Zuzenbide Estatuari bultzada emateaz gain, justiziarako sarbidea erabiliko du herrialdea aldatzeko palankatzat. Era berean, azaldu zuen, nahi den eraginkortasuna eta hurbiltasuna lortzeko, Legebiltzarrean hiru efizientzia-lege izapidetzen ari direla (antolakuntzakoa, prozesala eta digitala), eta horiek Justizia arloko epeak bizkortuko dituztela, prozedurak hobetuko dituztela eta karbono-aztarna murriztuko dutela. Bestalde, bulego judizialak eta udal justizia-bulegoak abian jartzea ekarriko dute, baita Estatu osoan lehen auzialdiko 3.600 auzitegi 431 instantzia auzitegi bihurtzea ere, bat barruti judizial bakoitzean. Aldaketa horiei esker, Estatu-idazkariak esan zuen, Aiara Haraneko, Idiazabaleko eta Meñakako biztanleek ez dute joan beharko Gasteizera, Donostiara eta Bilbora, hurrenez hurren.

Inbertsioa Euskadin

Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planeko 470 milioi euro inbertituko dituzte ekimena sustatzeko. Horietatik, Euskadik 17.620.045 jasoko ditu zuzenean 2023ra arte, dagoeneko jaso dituen 9.489.423 euroak barne. Halaber, Justizia Ministerioak 4.717.690 €-ko inbertsioa egin beharko du Erregistro Zibila ezarri eta hedatzeko nodo nagusiak garatzeko. Ondorioz, Euskadin guztira 22.337.730 €-ko inbertituko dituzte.

Domina jarri

Ekitaldian, Rodriguezek Susana Jodra Ayalari, Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialeko presidenteari, Peñaforteko Raimundo Deuna Ordenaren Gurutzea ipini zion, zuzenbidearen alde bikaintasunez lan egin dutenak saritzen dituena. Hala, Estatu-idazkariak lan-harremanetako graduatuen lana nabarmendu zuen, ezinbestekotzat jotzen baitu kalitatezko zerbitzu publikoa izateko.

Bilera EUDELekin

Azkenean, Justiziako Estatu-idazkariak Gorka Urtaranekin (EUDELeko elkarteburuarekin) eta María del Mar Zabalarekin (erakunde bereko zuzendari nagusiarekin), bildu zen. Batzarrean, Justizia antolatzeko plan berrian sakondu zuten, baita udalerriek, autonomia-erkidegoek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak  horretan izango duten inplikazioan ere. Gainera, Rodríguezek EUDELi proposatu zion euskal udalerri batek Justizia Bulegoen proiektu pilotuan parte hartzea.