Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Katalunia, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin batera, "justizia arloko lurralde errestauratibo" gisa aldarrikatu dira

Argitalpen-data: 

· Justiziako Sailen adierazpena Donostiako KREIren egoitzan

· "Justizia egiteko, gaur egun, biktimen beharrei eta delituaren erantzuleak gizarteratzeko helburuari erreparatu behar zaie"

· Euskal Autonomia Erkidegoak, Kataluniak eta Nafarroak "ordainsari eta zigor handiegiak dituen justizia batetik gatazkak kudeatzeko eredu errestauratibo, humanista eta demokratikoago batera igarotzeko" konpromisoa berretsi dute.

Gaur arratsaldean, Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia eta Nafarroa honela definitu dira: "Justizia Errestauratiboaren esparruan esperientzia eta tradizioa metatzen duten lurralde gisa, eta aitzindariak politika publikoak ezartzen, arlo horretako nazioarteko estandarrek babestuta" (bereziki Europako Kontseiluaren Gomendioak eta Europako Kontseiluak sinatutako Veneziako Adierazpenak). "Justizia egiteko, gaur egun, biktimen beharrei eta delituaren erantzuleak gizarteratzeko helburuari erreparatu behar zaie", azpimarratu dute.

Topaketa sustatu duen KREI-Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari Gemma Varonarekin batera, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari eta bertako bozeramaile Amparo López Antelok, Kataluniako Justícia, Drets i Memòria-ko kontseilari Gemma Ubasartek, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Ibaetako UPV/EHUren Donostiako campusean adierazpen bat sinatu dute gaur arratsaldean, printzipio honetan oinarrituta: "justizia errestauratiboa beste ikuspegi bat da justizia penalean, baina baita kalteak edo gatazkak sor daitezkeen beste esparru batzuetan ere".

Ivo Aertsen, Lovainako Unibertsitateko (Belgika) irakasle emeritua, ekitaldian izan da. Geroago, Aertsen jauna IVAC-KREIko Ohorezko Kide izendatu dute, eta KREIren 2023/24 Ikasturteari hasiera eman dio izenburu hau zeraman hitzaldiarekin: “Mugarik gabeko beste topaketa bat, Unibertsitatearen eta politika publikoen artean, justizia errestauratiboaren aplikazioari eta garapenari buruz, bereziki kontuan izanik biktimizazio larriak. Biktimak eta justizia penaleko sistemak: itxaropenak eta errealitatea”. 

Ikuspegi berria

"Justizia errestauratiboa ikuspegi berri bat da justizia penalean, baina baita kalteak edo gatazkak sor daitezkeen beste esparru batzuetan ere. Ikuspegi demokratikoagoa eta sozialagoa da, eta, horren bidez, protagonismoa nahastuta dauden pertsonei itzultzen zaie, gizartea bere osotasunean barne hartuz, operadore juridikoen izaera bermatzaileari kalterik egin gabe", aipatzen du hiru sailburuek eta KREIko zuzendariak sinatutako adierazpenak.

Hiru justizia-administrazioek adostutako dokumentuan honako hau azpimarratzen da: "justizia errestauratiboa pertsonen bizitzatik hurbilago dagoen justizia da, eta bidegabearen tratamenduan aktiboki parte hartzeko gaitasuna ematen die. Biktimarengan erreparazio-efektua balio pertsonal handikoa da, baina, gainera, eragin positiboa du gizarte osoan. Efektu hori ez da gertatzen zigor-arloko prozedura arruntean; izan ere, bertan aurrez aurre dauden alderdiek erreparazio-prozesua irekitzeko tarte txikia dute, eta, aldiz, gatazka eta horren ondorio negatiboak nagusi dira".

"Gatazkaren judizializazioak konfrontazio-egoeran jartzen ditu aldeak, eta, oro har, epai judizialak ez du eragin positiborik biktimaren trauman, eta ez du biktimarioaren portaera okerra bideratzen. Badakigu aldeen eta gizarte osoaren itxaropenak, oro har, ez direla asetzen", adierazten du Melgosak, Lopezek, Ubasartek eta Varonak babestutako testuak. 

"Herritarrek justizian parte hartzea erraztu eta indartu egin behar da, eta, horretarako, erantzun errestauratiboak eman behar dira, borondatezkotasunaren, elkartasunaren, erreparazioaren, erantzukizunaren eta bakegintzaren printzipioak artikulatu ahal izateko, biktimen eta ikertutako edo kondenatutako pertsonen giza eskubideei buruzko elkarren mendeko ikuspegia galdu gabe", nabarmendu du akordioak.

Gizarteratzea

Espiritu horren arabera, hiru administrazioek adierazi dute "justizia egiteko, gaur egun, biktimen beharrei eta delituaren erantzuleak birgizarteratzeko helburuari erreparatu behar zaiela". Euskal Autonomia Erkidegoak, Kataluniak eta Nafarroak ordainsari eta zigor handiegiak dituen justizia batetik gatazkak kudeatzeko eredu errestauratibo, humanista eta demokratikoago batera igarotzeko konpromisoa berretsi dute.

Horregatik guztiagatik honako hau adostu dute: "Justizia errestauratiboaren balioak eta printzipioak jorratzeko lan egitea, esparru judizialean eta, hedaduraz, gizarte osoan aldaketa kultural eta sistemikoa sortzeko", eta "Hiru administrazioek zigor-esparruan eta beste esparru batzuetan Justizia Errestauratiboaren zerbitzura dituzten bitartekoak indartzeko politika publiko eraginkorrak ezartzea, bizikidetza- eta justizia-politiken esparru zabalagoan aldaketa kultural eta sistemikoa eraginez".

Konpromiso hauek ere hartu dituzte: "zerbitzu egonkorrak indartzea, prestakuntzarekin eta kalitatearekin, administrazio publikoek lagunduta, finantzaketa nahikoarekin, eta emaitzak etengabe gainbegiratuz eta ebaluatuz; Gatazken judizializazioaren prebentzioa sustatzea komunitate-praktika errestauratiboen bidez, zeinak judizializatu gabeko gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko tresna gisa definitzen baitira, baita gizarte-kohesioa sustatzearen bidez ere, konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzazko baldintza kolektiboak sortzea bilatuz eta gure komunitateen bizikidetza baketsua bultzatuz".

"Horrela, gure ustez, Justizia Errestauratiboak modu erabakigarrian lagunduko du gizarte kohesionatuagoak, bidezkoagoak eta baketsuagoak garatzen, politika publiko demokratiko ororen azken helburu gisa". Horrela amaitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Kataluniako Justizia kontseilariek Donostian sinatutako adierazpena.   

Irakurri prentsa-ohar osoa Irekian (leiho berri batean irekitzen da).