10 hilabete igaro dira Barakaldoko Lehen Auzialdiko 4 zenbakiko Epaitegian jardun judizial telematikoak egiten hasi zirenetik EpaiDigitala proiektu pilotuaren barruan
2022ko maiatzetik, 121 jardun telematiko egin dira Barakaldoko Lehen Auzialdiko 4 zenbakiko Epaitegian Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren EpaiDigitala proiektu pilotuari esker. Proiektua otsailean hedatu da Barakaldoko beste 12 epaitegietara; beraz, dagoeneko Euskadiko 13 epaitegik dute aukera hori. Horretarako, Webex aplikazioa erabiltzen da, bistak eta epaiketa osoak telefono mugikorraren, tabletaren edo ordenagailuaren bidez egiteko aukera ematen du-eta. Hau da, justizia-jauregira joateko beharra ezabatzen duelako.
Hasiera batean, bide telematikoak prozesu mota guztietan erabil daitezke, zigor arlokoetan barne. Alabaina, orain arte epaileek ia lekukorik edo frogarik ez duten auzi errazekin hastea erabaki dute; hala nola, banku, kontsumitzaile eta aseguratzaileenak. Gaur arte, otsailean beste edozein hilabetetan baino jardun telematiko gehiago egin ziren (38); uztailean, berriz, bi baino ez. Ekainera arte, bederen 21 gehiago egitea aurreikusten da.
Susana Lestonentzat, magistratu dekano eta lehen epaiketa digitala izapidetu zuen epaitegiaren titularrarentzat, eta proiektuan dagoeneko parte hartzeko aukera izan duten zenbait profesionalentzat, EpaiDigitalaren abantaila nagusiak beharrezkoak ez diren joan-etorriak kentzea eta bai denbora baita dirua ere aurreztea dira, justizia arintzen lagundu beharko lukeena jardun telematikoak egiteko aukera Euskadi osora zabaldu ahala. Era berean, ahozko ikustaldietara joateko zailtasunak izan ditzaketenei justiziarako sarbidea errazten die. Haatik, azpimarratu dute digitalizazioa ondo arautu behar dela berme prozesalak (adibidez, saioen publizitatea) ez urratzeko.