Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Hauteskundeak aurreratzearekin Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren ekainerako eta uztailerako programatutako hainbat ekitaldi atzeratuko dira

Argitalpen-data: 

Hauteskundeak aurreratzearekin Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren ekainerako eta uztailerako programatutako hainbat ekitaldi atzeratuko dira

· Indarkeria politikoaren biktimak aitortzeko ekitaldi bat, ETAri buruzko liburu baten aurkezpena, Urduñako kartzela frankistan hildakoen gorpuzkiak entregatzea eta, espetxeen arloan, Nelson Mandela Eguna ospatzea dira atzeratuko diren ekitaldietako batzuk

· Nerea Melgosa sailburuaren agenda ere aldatu da, abuztuan egingo baita datorren hilerako aurreikusitako Lesboserako bidaia Zaporeak taldearekin batera

Espainiako Gobernurako hurrengo hauteskunde orokorrak iragartzeak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egutegi zorrotza aldatzera behartu du, urteko lehen seihilekoaren azken txanpan jardueraz beteta baitzegoen. Aldaketek Saileko arlo guztietan izan dute eragina, batez ere Giza Eskubideetan, Gizarte Politiketan eta Justizian, espetxeen arloan.

Sailak adierazi duen bezala, beharrezkotzat jo da ekitaldi batzuk atzeratzea, hauteskunde-kanpainak beren edukia desitxuratu ez dezan. Horrekin batera, hauteskunde-araudiaren arabera, ekitaldi horietako batzuk ezin izango ziren programatutako egunetan egin.

Nolanahi ere, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak argi utzi du ez direla bertan behera utzitako ekitaldiak, atzeratutakoak baizik, ekitaldiak berriro programatuko baitira, ondoren egiteko.

Memoria-ekitaldiak

Ildo horretan, Gogora Institutuak atzeratu egin du frankismoan Urduñako espetxean hildako Extremadurako bost presoren gorpuzkiak senideei entregatzeko ekitaldia. Ekitaldia ekainaren amaierarako aurreikusita zegoen, baina egokiagotzat jo da hauteskunde garaia amaitu arte itxarotea ekitaldi hunkigarri hau antolatzeko. Ekitaldian hildakoen senideek eta gertukoek parte hartuko dute.

Gogoran, ekainaren 15erako, Teresa Whitfield-en ETA el desenlace: la paz esquiva en el País Vasco liburuaren aurkezpena ere zegoen agendan. Ekitaldiaren barruan, solasaldi batean, gatazken konponbidean aditua den autore honek liburuaren edukia azaldu behar zuen; ETAren jardueraren amaiera deklaratu arteko bide luzearen kontakizun zehatz bat, alegia.

Torturaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan (ekainaren 26a), Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Erakundeak Karpeta Urdinak eta Bi arnas dokumentalen proiekzioa programatu zuen, eta hori ere atzeratu egin behar izan da.

Hala ere, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetzarako ekitaldi garrantzitsuenetako bat ekainaren 26rako programatutakoa zen. Bertan, motibazio politikoko indarkeriaren biktimen aintzatespena egin behar zen; biktimentzako ekitaldi sinbolikoa zen, eta ia antolatuta zegoen, hainbat hilabetez arlo horretan lan egin ondoren. Saila data berrien bila dabil orain, ekitaldia egiteko.

 “Ekitaldiaren helburua argia izan da eta da: motibazio politikoko torturaren eta indarkeriaren biktimen errekonozimendu sozialean aurrera egitea. Aurrera egitea, giza eskubideen urraketaren esperientzia horretaz eta biktimei zor zaien errekonozimenduaz jabe dadin gure herria”, azaldu du Jose Antonio Rodríguez Ranz sailburuordeak.

 “Uste osoa dugu proposatutako helburuan aurrera egiteak gai hau konfrontaziotik eta hauteskunde-kanpaina baten berezko distortsio, manipulazio eta instrumentazio arriskutik ateratzea eskatzen duela. Gure ustez, ekitaldi hau geroratzea da gaur egun motibazio politikoko indarkeriaren biktimen errekonozimendu sozialaren helburu partekatuari egin diezaiokegun ekarpenik onena”, gaineratu du Rodríguez Ranzek.

Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak geroratze horri buruz argitu du, “gure printzipio nagusiekin bat etorrita”, ez dela inolako polemikarik “elikatu” nahi. “Gure konpromisoa bizirik eta irmo mantentzen jarraituko dugu. Helburu partekatuaren alde lan egiten jarraitzen dugu eta jarraituko dugu: motibazio politikoko indarkeriaren biktimen errekonozimendu sozialean aurrera egitea”, esanez amaitu du.

Nelson Mandela Eguna eta bidaia Lesbosera

Bestalde, uztailaren 18an Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, Justizia Zuzendaritzaren egutegian lehen aldiz ezarritako data. Ospakizun honen bidez, askatasunik gabeko pertsonentzako baldintza duinak bermatzearen garrantzia nabarmendu nahi da.

Ildo horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hainbat ekitaldi antolatu ditu astean zehar hiru euskal espetxeetan. Egitarauaren ekitaldi nagusia Nelson Mandela Eguna zen, Donostiako Tabakalera eraikinean uztailaren 18an egingo zen topaketa, eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu behar zuen. Ekitaldia urriaren hasierara atzeratu da.

Azkenik, Nerea Melgosa sailburuak bere agenda aldatu behar izan du; izan ere, uztailaren erdialdean Zaporeak taldearekin batera Moriako errefuxiatu-esparrura bidaiatzea aurreikusi zuen, Greziako Lesbos uhartera. Melgosak Gipuzkoako GKEaren lana zuzenean ikustera eta uharteko errefuxiatuekin lan egiten duten erakunde nagusietako arduradunekin bilerak egitera joan behar zuen. Bidaia abuztuaren amaieran egingo da.

Irakurri prentsa-oharra Irekian. (leiho berri batean irekitzen da)