Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Eusko Jaurlaritzak eta erakunde erlijioso ebanjelikoek hitzarmen bat sinatu dute, espetxe-eremuan asistentzia erlijiosoa emateko

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak eta erakunde erlijioso ebanjelikoek hitzarmen bat sinatu dute, espetxe-eremuan asistentzia erlijiosoa emateko

· Protokolo-ekitaldian, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Julio García Celorio Asistentzia Erlijioso Ebanjelikoko kontseilariak parte hartu dute

· EAEko sinesbide erlijiosoekin sinatutako hirugarren hitzarmena da, Espainiako Gotzain Konferentzia Katolikoarekin eta Espainiako Komisio Islamiarrarekin ere baititu hitzarmenak; haietako ordezkariak ere izan dira gaurko ekitaldian

Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, lankidetza-hitzarmena sinatu du, gaur, Espainiako Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioarekin (Ferede),  EAEko espetxeetan barneratuta dauden pertsonek garapen espiritualerako eta asistentzia erlijioso ebanjelikorako duten eskubidea bermatzeko. Era berean, akordioak gastu batzuen finantzaketa-erregimena ere arautzen du.

Ezaugarri horiek dituen hirugarren hitzarmena da espetxe-eremuan, aurretik Gotzain Konferentzia Katolikoarekin eta Espainiako Komisio Islamiarrarekin sinatu izan baitira.

 “Espetxe-administrazioak askatasuna gabetuta duten pertsonen askatasun erlijiosoa bermatu eta eskubide hura baliatzeko bitartekoak eman nahi ditu", esan du Nerea Melgosa sailburuak, sinaduraren aurretik Vitoria-Gasteizko Mendekoste Eliza Ebanjelikoan esan dituen hitzetan.

EAEko hiru sinesbideekin sinatutako hitzarmenak bat datoz Melgosaren Sailak prestatu duen Kultu Lekuen, Zentroen eta Erlijio Aniztasunaren Legearen espirituarekin. Dokumentua izapidetzeko azken fasean dago, eta datozen asteotan onestea espero da.

Gaurko ekitaldiaren protagonistak Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Julio García Celorio Asistentzia Erlijioso Ebanjelikoko kontseilaria izan dira. Haiekin batera, Eugenio Artetxe Justiziako zuzendaria eta Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzako espetxe-arloko aholkularia izan dira, batetik, eta Carolina Bueno Feredeko idazkari exekutiboa, bestetik. Era berean, Jose Ángel Martínez de Bujanda kapilau katolikoa eta Mohamed Ajana Elouafi Espainiako Komisio Islamiarreko idazkaria ere izan dira.

Ekitaldia amaitu ondoren, sailburuak eta haren taldeak topaketa pribatua izan dute sinesbideetako ordezkariekin.

Hitzarmena espetxeetarako

Ebanjelio-elkartearekin sinatutako hitzarmenak jasotzen du, besteak beste, espetxeek espazio bat gai dezaten barneratutako pertsonei bisita erlijiosoak egiteko, eta kultu-ekitaldiak, erritu-zerbitzuak eta hileta-elizkizunak egiteko bide ematea. Zeremonia horiek kultu-ministroek emango dituzte eta haien laguntzaile izan daitekeen bestelako pertsonal erlijiosoak.

Era berean, Feredek EAEko espetxe-eremuan asistentzia ebanjelikoa emateko erakunde erlijiosoen gaitasun teknikoak eta antolakuntzakoak bultzatzeko, koordinatzeko, juridikoki eta administratiboki aholkatzeko eta sendotzeko egiten duen edozein ekimen diruz lagunduko da, baita kultu-ministroen eta espetxeren batean asistentzia ematearekin zerikusia duen erlijio-irakaskuntzako irakasleen prestakuntza-jarduerak ere.

 “Aniztasun Erlijiosoaren Behatokiaren datuen arabera, EAEn 146 erakunde ebanjeliko daude, eta Fereden 128 erakunde erlijioso edo kultu ebanjelikoko leku daude”, esan du Nerea Melgosak.

Sailburuak esan du, gainera, “sinatutako akordio hau eta guztiak Europar Batasunaren argitan interpretatu eta aplikatu behar direla”. Eta azaldu du “askatasun erlijiosoaren printzipioa”z ari dela; “sinesbideen estataltasunik eza jarduketa horren oinarri gisa, eta, aldi berean, berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko printzipioaz eta sinesbideekiko lankidetzarenaz”.

Irakurri prentsa-oharra Irekian (leiho berri batean irekitzen da)