Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Erakunde Abanjelikoen Federazioarekin Justizia-hitzarmen bat sinatzeak presoen asistentzia erlijiosorako eskubide eraginkorra bermatuko du (Gobernu Bilera 2023-5-23)

Argitalpen-data: 

Erakunde Abanjelikoen Federazioarekin Justizia-hitzarmen bat sinatzeak presoen asistentzia erlijiosorako eskubide eraginkorra bermatuko du (Gobernu Bilera 2023-5-23)

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioarekin (Ferede) lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, EAEko espetxeetan barneratuta dauden pertsonek asistentzia erlijioso ebanjelikorako duten eskubidea eraginkor egiteko.

Hitzarmen hori Espetxeari buruzko Lege Orokorrean sartzen da. Haren arauketak honako hau ezartzen du: “espetxeetako barneratu guztiek eskubidea dute erregistratutako aitortza erlijiosora jotzeko eta asistentzia eskatzeko, betiere hura ematean gainerako pertsonen eskubideak  bermatzen badira”.

EAEn, presoen askatasun erlijiosoa bermatzeko eta hura baliatzeko baliabideetarako bide emateko erantzukizuna Eusko Jaurlaritzak du, 2021ean espetxeen eskumena bere gain hartu ondoren.

Gaur Gobernuak onartu duen hitzarmenarekin bat etorriz, “EAEko espetxe-administrazioak konpromisoa hartzen du asistentzia erlijiosoa ematearekin zeharka lotuta dauden laguntza-jarduerak diruz laguntzeko, ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorretan xedatutakoaren barruan, betiere kulturako edo fedea hedatzeko gastuak, erritu-zerbitzuak edo instrukzio erlijiosoak ez badira eta asistentzia erlijioso ebanjelikoaren eskatzaile eta hartzaile kopurua espetxe berean hamar edo handiagoa bada”. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuek 27.000 euroko partida aurreikusten dute Espainiako Eliza Ebanjelikoen Federaziorako.

Bestalde, Erakunde Ebanjelikoen Federazioak konpromisoa hartu du “asistentzia erlijioso ebanjelikoa emateko, banaka eta taldeka, horretarako espetxeak gaitzen dituen lekuetan”. Era berean, barneratu batek Feredeko eliza bateko kultu-ministro baten asistentzia bakarka jasotzeko eskatzen duenean, artzain horrekin batera espetxera Federazioak izendatzen duen kultu-ministro arduradunak joan beharko du, dagokion espetxearekin koordinazio-lanak egiteko.

Hitzarmenak dakarrenaren arabera, 4 urteko indarraldia izango du, eta asistentzia erlijiosoak dakartzan gastuak Ferederen kargura izango dira; hala ere, dagokion zentroan xede horretarako dauden lokalak erabiliko dira.

Beste hitzarmen batzuk

Ferederena ez da EAEko administrazioak barneratuen askatasun erlijiosoa eta asistentzia erlijiosoa baliatzeko eremuan sinatu duen hitzarmen bakarra; izan ere, akordioak ditu, era berean, Gotzain Konferentzia Katolikoarekin eta Komisio Islamiarrarekin. Horren harira, aurtengo aurrekontu-ekitaldiak 5.000 euroko laguntzak aurreikusten ditu Komisio Islamiarrarentzat eta 60.000 eurokoak, Gotzain Konferentziarentzat.

Irakurri prentsa-oharra Irekian. (leiho berri batean irekitzen da)