Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Bizkaiko eta Arabako espetxeetako 65 barneratuk "Gizartea eraldatzea eta kirolean berriro heztea" errugbiko programan parte hartzen dute

Argitalpen-data: 

Bizkaiko eta Arabako espetxeetako 65 barneratuk "Gizartea eraldatzea eta kirolean berriro heztea" errugbiko programan parte hartzen dute

Bizkaiko espetxean bizitza-erregimen arruntean dauden 15 barneratuk eta Arabako espetxeko 50ek, guztira, Getxoko eta Gaztediko klubetako entrenatzaile eta dinamizatzaileen taldeekin batera, honako programa hauetan parte hartzen dute: “Errugbia, gizartea eraldatzeko” eta “Kirolaren bidez berriro heztea”. Helburua da errugbia gizartea eraldatzeko eta hazkuntza pertsonalerako tresna bat izatea, balioen transmisioaren bidez.

Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia zuzendariak esandakoaren arabera, “jarduera horiek lanaren, ikasketaren, lan-prestakuntzaren eta tratamendu-programen osagarri dira; izan ere, aisiaren aurrean, errealitatea da jarduera horietan parte hartzen duten gehienek haien eginkizunen ondoren egiten dutela, eta ez alternatiba gisa”. 

Bitartesport elkarteak, Getxo Rugby Taldearekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin, “Errugbia, gizartea eraldatzeko” programa garatzen du Bizkaiko espetxean.

Harreman-espazio baten sorrera, pertsonen arteko aintzatespena eta komunikazioa oinarri hartuta, ordubeteko entrenamenduak egiten dira, astero, presoen taldearekin, espetxeko patioan. Hartan, kirolaren, jolasaren eta baloiaren erabileraren bidez, gizarte- eta harreman-balioak lantzen dira, kontzienteki, eta, aldi berean, jarduera fisikoa egiten da, kontuan hartuta hark ongizate pertsonala eta ohitura osasungarria dakartzala eta, ondorioz, irrikak eta estresa bideratzen laguntzen du.

Bitartesport irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da; kirolaren, gizartearen eta erkidegoaren arteko harreman eta konexioak zenbait mailatan sustatzeko eta bitartekari-lanak egiteko helburuarekin lan egiten du: inklusiorako eta gizartea eraldatzeko proiektuak sustatu, bultzatu eta garatzea, kirolaren bidez; bitartekaritza-lana garatzea, oro har, bai eta haren pedagogia eta zabalkundea ere eta, horretarako, garapen komunitarioaren edozein eremutan, hezitzaile, sortzaile eta pentsalarien jarduerak eta proiektuak sustatzea, eta lurraldean gizarte-berrikuntza, kirola eta garapen komunitarioa sustatzen duen ekintzaileatza sustatzea, garapenerako programa berezien bidez.

Gaztedi Rugby Taldea

Bestalde, Gaztedi Rugby Taldea, Vitoria-Gasteizkoa, 2016ko irailean hasi zen Kirolaren bidez berriro heztea programarekin hasi zen, errugbia ardatz dela. Ainhoa Belakortu ekimenaren arduradunak esan duenez: “ideia sortu zen espetxeetan, batik bat Latinoamerikakoetan, antzeko proiektuak emaitza handiak izaten ari zirela jakinik”.

“Hasiera batean, emakume eta gizonekin hasi ginen lanean, bereiz. Hura parte-hartzaileen eskariaren arabera izaten da. Une batzuetan, emakumeek eskatu izan dute jarduera misto bat egiteko eta, beste batzuetan, bereiz egiteko eskatu digute”.

Proiektuak aurrera egin ahala, erregimen irekiagoa duen barneko batek Gaztedi Rugby Taldearen gizonezkoen senior taldearekin entrenatzea lortu zuten, eta, pixkanaka, asteburuetan partidak jokatzeko baimenak eman zizkioten. Hala, lan bat lortu zuen eta, gaur egun, kirolarekin lotura izaten jarraitzen du, eta Klubeko pertsona batzuekin harremanetan jarraitzen du, kontuan hartuta Vitoria-Gasteizekoa ez dela. Arabako espetxetik aske irten diren beste pertsona batzuek harremanetan jarraitu dute Klubarekin, baina, haien egoera pertsonalak direla eta, ezin izan dute kirolarekin lotura izaten jarraitu. 

Gaztedirentzat beste lorpen bat izan da, pandemiaren aurretik lortu zuena, kanpora irten ahal izatea, entrenamendu edo partida bat jokatzera klubeko pertsona guztiekin. Gaur egun, Covid-19ak eragindako murrizketengatik ekintza hori egin gabe hiru urte egon ondoren, Belakorturen iritziz, “daukagun taldea finkatu behar da, ideia horri berriro heltzeko”.

Pandemiaren ondoren, Gaztedi Rugby Taldeak berraktibatu egin zuen jarduera hori, 2022ko irailean, eta oso harrera ona izan zuen. Gaur egun, 50 pertsonak daude izena emanda jarduera horretan, eta haietako 40k parte hartzen dute. Arduradunak esan duenez, “jendea dago sartu nahian; egia esan, harrera beti izan da oso ona, eta horrek aukera eman digu Zaballan barneko pertsona guztiekin lanean jarraitzeko, eta, espero degu, etorkizunean, laster, kanpoan zerbait egin ahal izatea”.

Prentsa-oharra irakurri Irekian (leiho berri batean irekitzen da)