Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Nola jokatu sare sozialetan zuren eskubideak urratzen badituzte?

Argitalpen-data: 

Nola jokatu sare sozialetan zuren eskubideak urratzen badituzte?

RAEren arabera, urratzea (latineko vulnerare hitzetik dator, 'zauritzea' edo 'mintzea') lege edo manu bat urratzetik eta haustetik hurbil dagoen ekintza oro da; baina, era berean, hirugarrenak kaltetzea. Horregatik, eskubideak urratzeari buruz ari garenean, normalean, pertsonen eskubideen edozein hausteri buruz ari gara, hau da, urratze hori giza duintasunari datxekion eskubideetan gertatzen da.

Baina, zer gertatzen da urratze horiekin sare sozialetan gertatzen denean? Eskubide digitalak ere baditugu?

Orokorrean, gizarteak badaki injustizia sozial edo moral baten aurren nola jardun, baina, nola jokatu norbaitek zure eskubideak urratzen baditu Interneten? Adibidez, gai izango zinatekete intimitaterako eskubidearen urratze kasu bat sare sozialetan identifikatzeko? Nola jardun jakingo zenuke? Ezagutzen dituzu mota horretako egoerak, Interneten egunero gertatu ahal direnak, saihesteko babesten zaituzten legeak?

Eskubide Digitalen Gutuna

Testuinguru horretan, 2021eko uztailean, Espainiako Gobernuak “Eskubide Digitalen Gutuna” onetsi zuen. Gutun hori honako oinarri hauen gainean eraikitzen da: “teknologia digitalen (…) aurrerapen biziaren aurrean, (…) arau-esparruak pertsonen eskubide indibidualen eta kolektiboen babesa bermatzeko beharra planteatzen du”.

Gaur egun gertatzen ari den eraldaketa digitalak gizartearen eguneroko bizitzaren alderdi guztietan eragina dauka. Horregatik, agerikoa da arlo digitalean gertatzen diren jokabide eta jardueretan gertatu ahal diren arazo juridikoen inguruan hausnartzea, indarrean dagoen legerian beren lekua aurkitzen ez dutenean.

Eskubide Digitalen Gutunak, aurretiazko kontsiderazioetan, honako hau ezartzen du: "ez da saiatzen oinarrizko eskubide berriak sortzen, baizik eta ingurune eta espazio digitaletan garrantzitsuenak direnak zehazten edo lehenengoen eskubide instrumentalak edo lagungarriak deskribatzen”. Gutun horrek “ez du izaera arau-emailea; izan ere, bere xedea da ingurune digitalen egokitzapenak planteatzen dituen aplikazio- eta interpretazio-erronka berriak aitortzea, eta horiei buruzko printzipioak eta politikak iradokitzea”.

Hau da, xedea “deskribapenezkoa, etorkizunekoa eta adierazpenekoa” da.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Legearen bidez egindako aurrerapena ukatu gabe, gaur egun, pertsona guztiek pertsonak izateagatik eta Interneten egoteagatik izan beharko lituzketen eskubide digitalak babesten ez dituzten lege hutsuneak egon daitezke.

Azkenaldian jakitera eman dira sareak erabiliz pertsona baten eskubideak urratu dituzten hainbat egoera. Besteak beste, enpresa bati 9.000 euroko isuna jarri zioten enpresaren webgunean eta sare sozialetan langile baten irudiak jartzeagatik, langileak aldez aurretik ez baitzuen baimena eman. Andaluziako 20 urteko emakume batek, berriz, bere buruaz beste egitea erabaki zuen sare sozialetan muturreko jazarpena bizi ondoren, bere identitatea ordeztu baitzuten. Ukitutako pertsonak eta bere familiak ziberjazarpena pairatzen ari zela salatu zuten Guardia Zibilaren aurrean.

Antzekoa gertatu zitzaion 2019an 32 urteko beste emakume bati. Emakumeak bere buruaz beste egitea erabaki zuen Whatsapp mezularitza-aplikazioaren bitartez bere bideo sexual bat bere enpresako kideen artean zabaldu zenean (emakumearen baimenik gabe). Gogoan izan behar dugu egoera horietan erruduna ez dela bideoa zabaltzen duen pertsona, bideoa partekatzen duten hirugarrenek ere errua badute.

Zerbait egin dezaket?

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da jakitea zein diren pertsonen eskubideak eta erantzukizunak Internetari eta sare sozialei dagokienez. Adibidez, aurretik aipatutako egoeraren bat salatu behar izatekotan (identitatea ordeztea, irudiak baimenik gabe zabaltzea, etab.), harremanetan jar zaitezke Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin (DBEB). Bulegoa arduratuko da honako eskubide hauek babesteaz: “atzitzea, zuzentzea, mugatzea, aurka egitea, ezereztea (“ahaztua izateko eskubidea”), transferitzea eta erabaki automatizatuen tratamenduaren aurka egitea”.

Identitatea ordeztea: Norbaitek zure identitatea ordeztu duela uste baduzu, edozein sare sozialetan izanda ere, sare sozial horrekin harremanetan jarri beharko zara horretarako prestatu diren inprimakien bidez, eta profil faltsua ezabatzea eskatu beharko duzu. Informazio gehiago hemen.

Edukiak zure baimenik gabe zabaltzea: Norbaitek zuri edo beste pertsona bati buruzko eduki sexualak edo indarkeriazkoak zabaltzen baditu, egoera bereziki larria denez, ez da beharrezkoa edukiak zabaldu dituen webgune edo sare sozialarekin harremanetan jartzea, eduki horiek ezabatu ditzaten eskatzeko. Kasu horietan honako baliabide hau erabili dezakezu: Canal Prioritario. AEPDren baliabide horri esker azkar eta segurtasunez salatu daiteke “Interneten zabaldutako edozein legez kontrako eduki sentikor, sexual edo biolentziazkoa”. Gainera, kaltetutako pertsona adingabea izatekotan, AEPDk honako baliabide hau prestatu du. Bertan mota horretako edukiak zabaldu direla salatu ahal da.