Tasa judizialak pertsona fisiko edo juridiko batek auzitegietara jotzen duenean eta Justizia Administrazioa erabiltzen duenean ordaindu beharreko zergak dira. Hau da, pertsona batek zibil-arloan, administrazioarekiko auzien arloan edo lan-arloan demanda edo errekurtso bat jarri nahi badu, diru-kopuru bat ordaindu beharko du zerbitzu horregatik (tasa horiek ez zaizkie aplikatuko zigor- eta militar-arloei). Baina, zenbait egoeratan ez dira tasa horiek ordaindu behar.
Tasa judizialak ordaintzeko salbuetsita dauden kasuak honako hauek dira (horietakoren bat salbuespenekin):
- Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteko bereziki ezarritako prozeduretan demanda jartzea eta geroagoko errekurtsoak aurkeztea, bai eta hauteskunde-administrazioaren jardunaren aurkakoak ere.
- Zordunak borondatezko konkurtsoa eskatzea.
- Prozedura monitorioaren hasierako eskaera aurkeztea eta hitzezko judizioaren demanda, zenbatekoa erreklamatzeko, horien zenbatekoa bi mila eurotik gorakoa ez denean. Salbuespen hori ez da aplikatuko prozedura horietan erabilitako uzia judizioz kanpoko titulu betearazlearen izaera duen dokumentu batean oinarritzen denean, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 517. artikuluan xedatutakoaren arabera.
- Administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jartzea, administrazioaren isiltasun negatiboa edo jarduerarik eza dagoenean.
- Kontsumoko Arbitraje Batzordeek emandako laudoak betearazteko demanda aurkeztea.
- Konkurtso-masaren intereserako eta merkataritza-arloko epailearen aldez aurreko baimenarekin konkurtso-administratzaileek jartzen dituzten akzioak.
- Ondareak judizialki banatzeko prozedurak, salbu eta aurkakotza egiten bada edo ondasunak sartzeari edo baztertzeari buruzko eztabaida sortzen bada, eta tasa sortzen bada hitzezko judizioagatik eta eztabaidatzen den zenbatekoagatik edo oposiziogilearen konturako banaketa-koadernoaren aurkaratzetik eratorritakoagatik, eta biek aurka egiten badute bakoitzaren kontura, bakoitzaren zenbatekoagatik.
Badira tasa judizialik ordaindu behar ez duten pertsonak eta erakundeak ere:
- Pertsona fisikoak.
- Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu zaien pertsona juridikoak, beren araudi erregulatzailearen arabera horretarako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuz.
- Ministerio Fiskalak.
- Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoetakoak, toki-erakundeak eta horien guztien mendeko organismo publikoak.
- Gorte Nagusiek eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek.
Tasa judizialei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu "Zer dira tasa judizialak" JustiziaEusen.