Etxebizitza duin baterako eskubidea nazioarteko hainbat hitzarmenetan jasota dago, besteak beste, NBek 1966an onartutako Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen arloko Nazioarteko Itunean . Gurera etorrita, zehazki, etxebizitza eskubidea Espainiako 1978ko Konstituzioaren 47. artikuluan jasota dator, eta Konstituzioaren ondoren eskubide horrekin lotutako hainbat Lege onartu dira, azkenak Higiezin Kredituko Kontratuak arautzen dituen 2019/5 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2015eko Euskadiko etxebizitza legea .
Azken hamarkadan gertatutako bi krisi ekonomikoen ondorioz, milaka dira gaur egun etxebizitza arloan arazoak dituzten familiak. Izan ere, etxeko ekonomiaren gain beheraren aurrean familien lehentasuna elikatzea da, eta gelditzen zaien diru apurrarekin -baldin eta gelditzen bazaie- gainerako gastuak ordaindu behar dituzte, hipoteka-mailegua edo alokairua barne. Horren ondorioz, asko dira mailegua edo errenta ordaintzeko diru nahikorik ez dutenak eta jabeek etxetik bota dituztenak edo botatzeko arriskuan daudenak -alokatzaile edo jabe horietako asko errentari handiak edo inbertsio-funtsak direlarik-. Azken urte honetan coronavirusak eragindako pandemiaren aurretik, hau da, 2020ko lehenengo hiruhilekoan, Euskadin 233 utzarazpen egon ziren, horietatik 24 hipoteka ez ordaintzeagatik eta 198 errenta ez ordaintzeagatik. Beste era batera esanda, egunero batez beste 2-3 familia etxe gabe gelditu ziren.
Etxebizitza eskubidearen inguruan herritarrek sortutako elkarteak
Duela 10 urte baino gehiago, orduko krisi ekonomikoak eragindako egoeraren aurrean, zenbait herritarrek lehenengo Hipotekak Eragindakoen Plataformak sortu zituzten, hipoteka ordaindu ezin duten eta bankuak zor oso handia erreklamatu diezaiekeen eta baita etxebizitza galdu duten pertsonen egoerari erantzuna emateko helburuarekin. Etxebizitza duin baterako eskubidea gauzatzeak dakartzan arazoak barrenetik ezagutzen dituzte elkarte horietan jarduten diren kideek, eta gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dugun egoerari buruzko hausnarketa egiteko eskatu diegu, bai Bizkaiko zein Euskadiko Hipotekak Eragindako Plataformetako (HEP) ordezkariei.
Familien gainzorpetzea eta alokairuen gorakada Euskadin
Covid-19ak eragindako krisiak familien egoera okertu duenik ezin da ukatu, baina PAHko ordezkarien iritziz, lehendik zegoen egoera ere oso kezkagarria zen: “Pandemiaren aurretik, higiezinen arloko iruzurraren eraginez eta politika publikoen aurrikuspen faltaren ondorioz, etxebizitza zen Euskadin desberdintasun eta gizarte-bazterketaren kausa nagusia”, azaldu dute, eta adierazpen horiek bermatzeko Caritas erakundeak egindako 2019. urteari dagokion FOESSA txostenean jasotako zenbait datu aipatu dituzte: “Espainian 334.000 pertsona gizarte-bazterketako egoeran daude, eta 360.000 gehiago segurtasun-gabezian bizi dira, kalean geratzeko beldurrez. Datuak izugarriak dira”.
Eta EAEko datuei erreparatuz gero ere, egoera oso kezkagarria da: “EAE da ezberdintasun maila altuena duen Espainiako lurraldeetako bat; gure erkidegoan etxebizitza politiketan atzetik goaz, zaurgarritasun egoeran dauden familiak kaleratzen lehenengoak gara eta gainera alokairu prezio altuenak dituen hirugarren erkidegoa gara: 1044€ batez beste”. Datuok, Eusko Jaurlaritzak urtero argitaratzen duen Higiezinen Eskaintzaren Inkestatik ateratakoak dira.
Alokairuen prezioen gorakadak eta alokairu publikoko etxebizitzen eskasiak etxebizitza duin baterako eskubidea urratzen dute Bizkaiko PAHekoen iritziz: “familiek urte asko itxaron behar dute alokabideko etxea edo etxebizitza sozial bat lortzeko”. Horren ondorioz, horietako askok merkatu librera jo behar izaten dute etxebizitza bila, eta horrek, ondorio larriak dakartza, “alegia, hipoteka-mailegua eskatu behar dute edo prezio altuko alokairuak ordaindu behar dituzte”.
Epidemiaren hedapena eta etxebizitzaren krisia eskutik doaz
Osasun arloan bizi dugun krisiak eta etxebizitzarekin dagoen arazoak eskutik doaz PAH-eko kideen ustetan. Izan ere, etxebizitza duin bat ez edukitzea osasunarentzat kaltegarria da eta horrez gain “duintasunari, bizitzari eta ongizate fisiko eta moralari zein haurren eskubideei eragiten die”.
Nazio arteko erakundeei dagokionez, bestalde, Nazio Batuen erakundeak 2020ko martxoan argitaratutako txostenaren arabera , Etxebizitza koronabirusaren aurkako borrokaren abangoardian dago. Etxebizitza eskubideari buruzko kontalari berezi Lailani Farfahen hitzetan, "Saneamendu egokia duen etxebizitza seguru bat ziurtatzean, estatuek ez dituzte soilik orain etxerik ez dutenen edo kokaleku informaletan bizi direnen bizitzak babestuko, baizik eta mundu osoko biztanleak babesten lagunduko dute COVID-19ren hedapena geldiarazten". Horrez gain, epidemia gelditzeko gobernuek egin behar duten gutxienekoak azpimarratu ditu: Etxegabetzeak amaitu, isolatu behar diren birusa duten kaltetuei larrialdiko etxebizitza eman, debekuak indarrean jartzerakoan euren etxebizitza-egoeragatik inor zigortuko ez dela bermatu, eta diagnostiko-probak eta osasun-zaintzak berdintasunez egiteko aukera eman.
Egoera geroz eta latzagoa
PAHeko kideek egunez egun egoerak okerrera egiten duela uste dute: “Estatuan, hipoteka-kuoten ordaintzeko luzamendua eta oinarrizko hornidurak (ura, gasa, argia) mozteko debekua kendu dira, eta bankuen komunikazioak handitzen ari dira, gerora sortutako ezintasunagatiko kuotak ordaintzeari utzi dioten familiei hipotekak exekutatzeko. Hipoteken kasuan, bankuko jardunbide egokien kodean oinarrituta familia askok hartu zuten bost urteko luzamendua amaitzen ari da, eta orain bankuak iazko otsailean onartutako Higiezinen Kredituari buruzko Lege berriari heltzen ari zaizkiola gehitu behar da. Lege horren arabera, mailegu osoa eska daiteke 12 kuotatik gorako zorra badago. Hipoteka-kontratu askok epemuga aurreratuko klausula bat zuten, auzitegiek baliogabetzat jotzen zutena, gehiegikeriagatik, baina orain Auzitegi Gorenak esan du posible dela mailegu osoa erreklamatzea lege berria ez betetzeagatik; horrek esan nahi du alokairuaren ondoriozko etxegabetzeei hipoteken ondoriozko kaleratzeak gehituko zaizkiela, benetan kezkagarria den ikuspegi batean”.
Estatuko etxebizitza-lege berria
Datozen hilabeteetarako aurrikusita dagoen Estatuko Etxebizitzaren Legeak auzi hauetako asko bideratuko dituen itxaropena dute PAHeko kideek. “Pertsona kalteberak euren ohiko etxebizitzatik kaleratzea debekatzea nahi dugu, aldez aurretik bizileku-alternatibarik ez badute”. Aldarrikapen honek nazioarteko zuzenbidea eta jurisprudentzia betetzea bermatuko luke. “Gainera, etxebizitza-parke publikoak inbertsio espekulatiboko funtsei saldu ezin izateko mekanismoak ezarri behar ditu”, gaineratu dute, eta une honetan hori gertatzen ari dela azpimarratu dute. “Pertsonei sabai egokia emango zaiela bermatu behar du, eta tentsioko eremutzat edo etxebizitza sozialen premia berezia duten eremutzat zer ulertzen den ere zehaztu behar du, eta eremu horietan espekulazioa eragotzi eta alokairuaren prezioak geldiarazi behar ditu, familia ahulek diru-sarreren % 30 baino gehiago erabili behar ez izatea lortuz”. Ehuneko hori oso garrantzitsua da etxebizitzaren arloan lan egiten duten elkarteentzat; izan ere, horrela, familiek eta partikularrek alokairua eta hornidurak ordaintzeko dirua izango lukete, eta etorkizun seguruagoa eta etorkizun oparoagoa izango lukete krisi ekonomikoa pairatzen ari diren eta etxetik kanporatuak izateko arriskuan dauden pertsona guztientzat.
- Euskadiko datuen eboluzioa zehatza BJKNren web atarian daukazu.
- Alokairuen prezioei buruzko datu gehiago aurkituko dituzu Eusko Jaurlaritzaren Higiezinen Eskaintzari buruzko inkestan