Internetetik edo sare sozialen bidez edozein motako mezuak bidaltzea eta jasotzea pentsaezina litzateke duela zenbait hamarkada, ez bakarrik bitarteko teknikorik ez zegoelako, baizik eta -eta batez ere-, informazioa jasotzeko eta bidaltzeko aukera mugatuta zegoelako. Izan ere, erregimenaren ideologia eta morala zaintzeko xedez, Francoren diktadurak informazio guztiaren gaineko kontrola ezarri zuen; era horretara, zentsuratzaileek prentsa idatzian erabilitako esaldien zuzentasun politikoa, filmetako eszenak lizunak ziren ala ez, edo hedabideetan jaso zitezkeen aitorpenen egokitasuna erabakitzen zuen. Bestalde, informazio ofiziala partziala zen edo ukatu egiten zen. Horren ondorioz, ezinezkoa zen informatuta egotea edo jasotako informazioa egiaztatzea.
Informazio eskubidea NBEk 1945. urtean Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jaso bazuen ere, 1978. urtera arte ez zen eskubide hori bermatu, Gobernu berriak 1978. urteko Konstituzioan jaso zuen arte.
Gizarte demokratikoak eta informazio-eskubidea
Informazioa eman edo jaso daitekeen zerbait da, eta informatzeko eskubideak, hortaz, norbanakoei, enpresei eta erakunde publiko zein pribatuei eragiten die. Zentzu horretan, informazio-askatasun eskubideak bermatzen du informazioa sare sozial, prentsa, irrati edo telebistatik jasotzea edo ematea. Eskubide hau funtsezkoa da edozein demokraziatan, eta pentsamendu eta adierazpen askatasuna bermatzeko ezinbesteko osagaia da.
Bestalde, informazioa jasotzeko eskubidea dago. Eskubide hau gizarte demokratiko eta gardenaren oinarria da, eta agintariek informazioa eman eta egindakoaren ardura hartzeko nahitaezko osagaia da.
Informazio-askatasun eskubidea
Informazio-eskubidearen baitan biltzen da adierazpen askatasuna, eta honek, hedabide tradizionalei, interneti zein teknologia informatikoaren bidez egindako komunikazio-egintzei eragiten die. Hortaz, horren bitartez tuitak idazteko edo albisteak argitaratzeko zein informazioa jasotzeko eskubidea bermatuta dago. Adierazpen askatasuna prentsa askatasunarekin lotuta dago, eta gizarte demokratikoetan ezinbestekoa da, herritarrek bizi duten errealitatearekiko iritzi eta irizpide propioak izatea ahalbidetzen baitu. Horregatik, erregimen antidemokratikoak hedabide independenteen aurka jo ohi dute.
Mugak eta bermeak
Hala ere, informazioa edo norbere iritzia emateak baditu bere mugak, intimitatea eta norbere ohore eskubidea tartean. Horrek esan nahi du, gertaera edo norbanakoei buruzko iritzia eman dezakegula, beti ere pertsona horien intimitate eta ohore eskubidea urratzen ez baditugu. Adibide bezala, Auzitegi Gorenaren Zibil-arloko Salaren 476/2018, uztailaren 20ko Epaia dago. Demanda laneko bajan zegoen langile batek jarri zuen, bajan zegoen bitartean hedabideetan publikoki salatu zutelako. Demandatua demandatzailearen nagusia zen lanean, eta demandatzaileak bajan egonda zenbait ekitaldi publikotan parte hartu suela salatu eta aipamen sarkastikoak egin zituen horren inguruan. Demandari erantzunez, Auzitegi Gorenaren Zibileko Salak ontzat eman zituen demandatzaileari buruzko iritzi, kritika eta aipamen sarkastikoak egiten zituzten <<tuit>>ak, eta ukatu egin zuen tuit horiek demandatzailearen ohorearen aurkakoak zirenik. Baina bai adierazi zuen, bajari buruz hitz egitea eta bajaren arrazoei buruzko informazioa ematea demandatzailearen intimitatearen aurkako erasoa zela.
Egiazko informazioa eta hedabideei buruzko hezkuntza
Azken hamarkadetan gertatutako aldaketa sozial eta teknologikoen ondorioz, geroz eta gehiago dira - bereziki gazteak- eskuko gailu ezberdinen bidez ikus entzunezko edukiak online ikusten dituzten pertsonak. Baina informazio asko jasotzeak ez du esan nahi hobeto informatuta gaudenik; izan ere, nahasmena sortzeaz gain, sarritan gezurrezko informazioa jaso dezakegu, eta abar luze bat. Araudiak, hortaz, errealitate berrira egokitu behar izan dira. Zehazki, 2018. urtean Europako Kontseiluak ikus entzunezko zerbitzuei buruzko Zuzentaraua berrikusi zuen, jasotzen dugun informazioa irizpide kritikoz analizatzeko gaitasuna garatzeko trebakuntza bermatzeko helburuarekin.
Zentzu horretan, Andaluziako Ikus Entzunezko Kontseiluaren presidente Emelina Fernandezek azpimarratu du, 2020ko irailean argitaratutako elkarrizketa batean, ikastetxeetan hezkuntza mediatikoa ematea oso garrantzitsua dela. Era horretara, jatorri soziokultural guztietako herritarrei hedabideen analisi kritikoa egiteko gaitasuna bermatuko zaie. Andaluziako Ikus Entzunezko Kontseiluaren presidentearen hitzetan, helburua hurrengoa izan beharko litzateke: “Hezkuntzako profesionalek diziplina horren oinarrizko ezagutza izan dezaten bultzatu behar dugu, bide horretatik, hedabideen bitartez jasotzen dugun publizitatea, informazioa eta gainerako entretenimendu edukiekiko begirada kritikoa izatearen garrantziari buruzko kontzientzia har dezaten. Izan ere, hedabide horiek gure iritzia aldatzen dute eta hartzen ditugun erabakiak moldatzen dituzte, adibidez, eztabaiden edo albisteen aurrean dugun jarrera, estereotipoen onarpena edo zerbitzuak eta ondasunak kontsumitzeko dugun era”.
- Informazio gehiago behar baduzu, Europako Kontseiluaren web atarian ikus entzunezko zerbitzuei buruzko Zuzentaraua kontsultatu ezazu.